euskaraespañol

XIV. Zientzia Asteak berretsi du gizarteak gero eta interes handiagoa duela zientzian eta teknologian

Edizio honetako eskaintza zabal eta anitzak "harrera bikaina" izan du

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/10

Irudia

UPV/EHUren hamalaugarren Zientzia Astea, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak "harrera bikaina" jaso du adin guztietako jendearen aldetik, eta horrek erakusten du, euskal gizarteak zientzian, teknologian eta berrikuntzan duen interesa geroz eta handiagoa dela. Gogoratu, UPV/EHUren Zientzia Astea azaroaren 5etik 9ra bitartean ospatu dela hiru euskal hiriburuetan. Bost egun horietan ekimen honen hiru egoitzetara hurbildu den jende kopuru zehatza jakitea zaila den arren, nabarmentzekoa da Euskal Herri osoko 117 ikastetxetatik etorritako 6.000 ikasle inguruk bisitatu dituztela Zientzia Astearen karpak eta 1.163 lagunek hartu dutela parte tailer eta txango desberdinetan. Guzti horietan parte hartzeko, ezinbestekoa zen aurretik izena ematea.

Edizio honetan, UPV/EHUk antolatu duen zientzia, teknologia eta berrikuntzaren astearen eskaintza, laburbilduta, honako hau izan da: 39 stand (17 Bizkaian, 11 Donostian eta 11 Vitoria-Gasteizen), 20 tailer (8 Bizkaian, 5 Donostian eta 7 Vitoria-Gasteizen), 16 txango (5 Bizkaian, 5 Donostian eta 6 Vitoria-Gasteizen), bi erakusketa, bi lehiaketa eta lau zientzia-ikuskizun.

Aurten Zientzia Astera hurbildu direnek, oso arlo desberdinetan sakontzeko aukera izan dute, hala nola, burmuinaren funtzionamendua, fisioterapia, ekosistemen osasuna, biologia, robotika, nanoteknologia, energia berriztagarriak, DNA, arkeologia edota biomimetika, beste arlo askoren artean.

Fernando Plazaola UPV/EHUko Ikerketa errektoreordea "oso pozik" agertu da "beste urte batez, Zientzia Asteak izan duen harrera bikainagatik". "Ez dago zalantzarik -gaineratu du Plazaolak- UPV/EHUren Zientzia Astea sendotu egin dela gure gizartean gero eta gehiago diren zientzia eta teknologia zaleen topagune erakargarri bezala". Era berean, Ikerketa errektoreordeak, Unibertsitateko irakasle, ikerlari eta administrazio eta zerbitzuetako langileei eta horiei laguntza eskaini dieten ikasleei eskertu die egindako "lan ordainezinagatik, kalitatezko eta aniztasun handiko eskaintza hurbildu dietelako bertaratutakoei".