euskaraespañol

Bonbilla eraginkorretan ere argitasun-fluktuazioak gertatzen dira sarearen eraginez

UPV/EHUko ikertzaile batzuek aztertu dute nola erantzuten duten bonbilla modernoek sare elektrikoaren benetako tentsio-fluktuazioen aurrean

Lehenengo argitaratze data: 2014/11/18

Irudia

Orain arte uste zen argiztapen-teknologia berriek, hots, energia-eraginkortasun handiagoko lanparek, sentikortasun txikiagoa zutela goritasun-lanparek baino energia elektrikoaren horniduran dauden tentsio-fluktuazioekiko, hau da, sareko perturbazio nagusiekiko. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Seinale eta Komunikazioen Taldeak (GSC) sakon aztertu du nola erantzuten duten teknologia berri horiek sarearen benetako kondizioen aurrean, baieztapen haiek egokiak diren edo ez jakiteko. Ikusi dutenez, beti ez dira betetzen orain arteko baieztapen horiek; gainera, kasu batzuetan, ohiko goritasun-bonbillek baino sentikortasun handiagoa izan dezakete bonbilla berriek.

Hornidura elektrikoaren tentsio-fluktuazioek lanparetan eragiten dituzten argiztapen-fluktuazioei flicker esaten zaie, eta molestia eta deserosotasuna eragin diezaiekete erabiltzaileei. "Mota horretako fluktuazioak hainbat arrazoiren ondorioz gertatzen dira, baina, batez ere, makina industrialek eragiten dituzte, elektrizitate asko kontsumitzen baitute une jakin batzuetan", azaldu du Izaskun Azcáratek, UPV/EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldeko ikertzaileak. Elektrotekniako Nazioarteko Batzordeak (IEC) legezko muga batzuk ezarri zizkien sareko fluktuazioei, goritasun-lanparak fluktuazioen aurrean duen erantzuna oinarri hartuta. "Makina-mota horiek instalatzen dituen industriak berak ziurtatu behar du ez duela arriskuan jartzen hornidura elektrikoaren kalitatea eta ezarritako mugak errespetatu behar ditu", erantsi du ikertzaileak.

Merkatuan argiztapen-teknologia berriak sartu zirenean -hala nola lanpara fluoreszente trinkoak (CFL) eta LED lanparak-, berriz zehaztu behar izan zen lanpara berri horiek tentsio-fluktuazioekiko zer sentikortasun zuten. Horrekin lotutako lehen ikerketak 2008an argitaratu ziren. "Haien arabera, lanpara berriek sentikortasun txikiagoa zuten goritasun-lanparek baino, ez zitzaien argiztapen-alteraziorik gertatzen sareko tentsio-fluktuazio beraren aurrean", zehaztu du Azcáratek. "Gainera -esan du-, kasu batzuetan sarean fluktuazio-maila altuak neurtu arren, ez zen erabiltzaileen aldetik batere kexarik erregistratu".

Emaitza horietan oinarrituta, horren inguruko aldaketak egin daitezen proposatzen hasi dira nazioarteko zenbait estandarizazio-erakunde. Bi aldaketa-mota proposatu dira: flicker-neurgailuak erreferentziako lanpara berrietara egokitzea eta ezarritako muga handitzea. Nolanahi ere, proposatzen diren bi aldaketa horiek arazoak dakartzate: batetik, "gaur egun, ez dago erreferentziako lanpara-mota bakarra", eta, bestetik, muga handituta ere, gerta liteke sarera konektatutako beste ekipamendu-motaren bati kalte egitea fluktuazio horiek.

Seinale konplexuen analisia

"Proposamen horiek egokiak diren aztertzeko, sakon aztertu behar da argiztapen-teknologia berriek nola erantzuten duten tentsio-fluktuazioen aurrean", adierazi du Azcáratek. Eta, hala, azterketa amaitutakoan ikusi zuten teknologia berriek ez dutela beti sentikortasun txikiagoa.

Neurketak egin zituzten lanpara-multzo batekin, tentsio-fluktuazio mota desberdinak erabiliz. Lehenbizi, fluktuazio estandarizatuak erabili zituzten (seinale analitikoa); ondoren, bigarren lan batean, benetako fluktuazioak erabili zituzten -zeinak konplexuagoak izaten baitira-, Espainiako iparraldeko lau tokitan erregistratuak. Ondorioztatu zuten lanparen artean hiru jokaera zeudela: batetik, lanpara batzuek goritasun-lanparek baino sentikortasun txikiagoa dute; beste lanpara batzuk goritasun-lanparen maila berera iristen ziren edota gainditu ere egiten zituzten; eta, azkenik, beste batzuek desberdin erantzuten zuten aplikatutako benetako seinalearen arabera.

"Emaitza horiek zalantzan jartzen dute, beraz, teknologia berriek tentsio-fluktuazioekiko sentikortasun txikiagoa dutela, eta agerian uzten dute sentikortasuna ez dela soilik argiztapen-teknologiaren araberakoa, baizik eta tentsio-fluktuazioaren konplexutasunaren eta lanpara erabiltzen den benetako egoeraren araberakoa ere badela", ondorioztatzen du ikertzaileak. "Horrenbestez -erantsi du-, badirudi ez flickerraren mugak igotzeko proposamena ez erreferentziako lanpara berri bat hautatzeko proposamena ez direla bideragarriak".

"Baliteke irtenbidea izatea diseinu-prozesuan bertan kontrolatzea lanparen erantzuna. Horretarako, beharrezkoa litzateke lanpara berriek ez izatea goritasun-lanparek baino sentikortasun handiagoa", nabarmendu du. Alegia, ikerketaren emaitzen arabera, oraingo flicker-atalaseari eutsiz, test-protokolo bat ezarri beharko litzateke, zeinaren bidez fabrikatzaile bakoitzak egiaztatu ahal izango bailuke kondizio horietan lanparak ez duela atalasea gainditzen.

Informazio osagarria

Izaskun Azcárate (Bilbo, 1984), telekomunikazio-ingeniaria, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Seinale eta Komunikazioen Taldea (GSC) ikerketa-taldeko kide da (Komunikazioen Ingeniaritza Saila). Ikerketa-taldean beste bost ikertzailek hartzen dute parte. Izaskun Azcáratek Eusko Jaurlaritzaren doktoretza aurreko beka bati esker egin du ikerketa. Proiektua garatzeko, hauekin aritu dira lankidetzan: IEC (International Electrotechnical Comission), CIGRE (Conseil International des Grands Réseaux Electriques) eta argiztapen-industriako zenbait fabrikatzaile (Osram eta Philips).

Erreferentzia bibliografikoak

I. Azcarate, J. J. Gutierrez, A. Lazkano. P. Saiz, K. Redondo, L. A. Leturiondo. "Experimental study of the response of efficient lighting technologies to complex voltage fluctuations". International Journal of Electrical Power & Energy Systems 63: 499-506 (2014). DOI: 10.1016/j.ijepes.2014.06.039I.

Azcarate, J.J. Gutierrez, P. Saiz, A. Lazkano, L.A. Leturiondo, K. Redondo. "Flicker characteristics of efficient lighting assessed by the IEC flickermeter". Electric Power Systems Research, Elsevier 107: 21-27 (2014). DOI: 10.1016/j.epsr.2013.09.005