euskaraespañol

'Spark' jaio da, eskizofreniaren gabezia kognitiboei aurre egiteko botika sortzeko proiektu publiko eta pribatua

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/28

Irudia
Irudiaren egilea: Gianluca Battista

'Spark'-en helburua da first-in-class farmakoa aurreklinikoki sortzeko lehenengo fasea egitea, eskizofreniari eta buruko beste arazo batzuei lotutako gabezia kognitiboak aurreikusteko, eta horien bilakabidea geldiarazteko eta lehengoratzeko. Xedea da 2016an hasi ahal izatea gizakientzako botika hautagaia ematen. Proiektua garatzeko (500.000 euroko laguntza lortu du, Ekonomia eta Lehiakortasuna Ministerioaren eskutik, Erronkak-Lankidetza azpiprogramaren bidez), Iproteos bioteknologikoak (Bartzelonako Parc Científic-en dago) zuzendutako partzuergoa egingo da. Honako hauek osatuko dute: IRB Barcelonak, Erregulazio Genomikoko Zentroak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ascil-Biopharm enpresak. Gaur egun, ez dago inolako farmakorik eskizofreniari lotutako gabezia kognitiboetarako. OMEren arabera, hori da ezintasun handiena eragiten duen hirugarren gaixotasuna (paraplejiaren eta itsutasunaren aurretik), eta mundu osoan 24 bat milioi pertsonari eragiten die. Halaber, gizarteari gastu handiena dakarkion bosgarren patologia da: Europar Batasunean, gastua 35.000 milioi eurotik gorakoa da.

Iproteos bioteknologikoak (Bartzelonako Parc Científic-en du egoitza) zuzendutako partzuergo publiko eta pribatuak proiektu bat abiarazi du, burua babesteko farmako berri bat sortzeko lanetan aurrera egiteko, eskizofreniari eta buruko beste arazo batzuei lotutako gabezia kognitiboak tratatzeko. Honako hauek ere parte hartzen dute: Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Ikerketa Biomedikoko Institutuak (IRB Barcelona), Erregulazio Genomikoko Zentroak (CRG) eta Ascil-Biopharm biofarmazeutikak. Proiektuak "Spark" du izena, eta 500.000 euroko laguntza jaso du Ekonomia eta Lehiakortasuna Ministerioaren eskutik, "Gizartearen erronketarako I+G+b estatuko programa"-ko (Esp.: RTC:2014-1645-1) Erronkak-Lankidetza (2014) deialdiaren bidez.

Famako bihurtzeko hautagaia IPR019 delakoa da: "hirugarren belaunaldiko" deitutako osagaien familiakoa da, Iproteosek sortu eta patentatutakoena. Bere jarduera terapeutikoaren oinarria burmuineko proteina bat, gabezia kognitiboarekin lotuta dagoena, blokeatzea da. "Gure farmakoak jarduera mekanismo berri baten bidez dihardu. Orain arte ez da aztertu eskizofrenia tratatzeko; beraz, first-in-class bat da", azaldu du Teresa Tarragók, Iproteosko CEO eta IRB Barcelonako ikertzaileak.

IPR019a peptido (proteina txikia) eratorri bat da, eta gai da hesi hematoentzefalikoa (burmuina babesten duen horma, merkatuko farmako gehienek zeharkatu ezin dutena) zeharkatzeko. Gainera, in vivo probetan, eraginkorra izan da kognizioaren indargarri gisa. Zientzialariek hobekuntza nabarmena lortu dute ikasteko eta memoriako ahalmenetan, eta horrek tratamendu iraultzailea izatea dakar, nerbio sistema zentraleko gaixotasunei dagokienez: halakoetan, gaitasun kognitiboak larriki aldatzen dira.

Iproteos bioteknologikoak, proiektuaren koordinatzaileak, osagai hautagaien metabolismoa eta toxikotasuna ebaluatuko du, baita haien jarduera ere, animalia ereduei ahotik eta larruazalpetik eman ondoren. IRB Barcelonako Peptido eta Proteinen Laborategia (Ernest Giralt da burua, eta Teresa Tarragók ikertzaile elkartu gisa lan egiten du) arduratuko da osagaiak sintetizatzeaz. Bestalde, CRG-UPFko Proteomika Unitateak (Eduard Sabidó da burua) proteomika azterketak egingo ditu, osagaiekin tratamendua eman ondoren zeluletan gertatutako aldaketak ebaluatzeko. ASCIL Biopharmek (Roland Chérif-Cheikh da burua) molekula horiek ikertu eta garatuko ditu, ahotik eta larruazalpetik eman ahal izateko. Azkenik, UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia Taldea (Javier Meana da burua) arduratuko da formulazioen jarduera berresteaz, eskizofrenia duten animaliekin in vivo azterketak eginda.

Aurreikusitako azken emaitza formulazio eta botikak emateko bide optimoa lortzea da, osagaia farmako gisa erabiltzeko gaixoen artean. Horri esker, erregulatzeko proba aurreklinikoak egingo dira. Ondoren, botika hautagaia 2016an emango zaie gizakiei, etorkizunean osasun zentroetan erabil dadin.

Eskizofrenia da eragin handiena duen hirugarren gaixotasuna (paraplejiaren eta itsutasunaren aurretik), Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) DALYS (Disability-Adjusted Life Years) indizearen arabera. Zenbatetsi da mundu osoan 24 milioi pertsonari eragiten diela, eta gizarteari gastu handiena dakarkion bosgarren gaixotasuna da, eskatzen duen arretari eta produktibitatearen galerari dagokienez (gaixoen % 90 daude langabezian). Europar Batasunari 35.000 milioi euro baino gehiagoko kostua eragiten dio urtean.

"Gabezia kognitiboak dira, oraindik ere, eskizofreniaren tratamenduko erronka handiena; izan ere, gaixoen ikasteko ahalmenari eta eguneroko zereginei eragiten diete, eta epe luzean, horiek dira, hain zuzen ere, gaixotasunak eragiten duen ezintasunaren erantzuleak. Egungo tratamenduak ez dira gabezia horien gainean jarduteko gai; beraz, IPR19 bezalako molekula berriak sortzeak aukera terapeutiko berri eta itxaropentsuak dakartza. Zenbait konpainia farmazeutikok proiektuaren inguruko interesa agertu dute jada", azaldu du Javier Meanak, UPV/EHUko azterlanaren arduradunak.

UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia Taldea

UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia Taldea eredua da nazioartean, buruko gaixotasunen substratu biologikoen ikerketari eta horietarako tratamendu berri eta eraginkorragoak sortzeari dagokionez. Gaur egun, bere interes nagusia koadro psikotikoak eragin ditzaketen faktoreak eta eskizofrenian kalte kognitiboa eragiten duten mekanismoak aztertzea da. Taldeak buruko gaixotasunak izan dituzten subjektuen burmuinen post mortem laginekin lan egiten du, baita buruko gaixotasunen animalien ereduekin ere. UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia Taldea Buruko Osasunaren CIBER partzuergoko kidea da. Erakunde hori Carlos III Osasun Institutuari lotuta dago.