euskaraespañol

Ikerketa hori Nature aldizkarian nabarmendu eta argitaratu dute aste honetan

Marten inoiz ikusi den gandorrik garaiena

UPV/EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikertzaileek aztergai dituzte protuberantzia misteriotsu baten irudiak: gainazaletik 200 kilometrora baino gehiagora zegoen

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/16

Irudia
Marte, gandorra linboan agerian duela

2012ko martxoan, astronomo afizionatuek Marteren disko ertzetik gorantz zihoan gandor baten irudiak hartu zituzten munduko hainbat tokitatik. Espazio ontziek, Marteren orbitan, askotan ikusi dituzte hodei geruza meheak linboan, baina inoiz ez 100 kilometrotik gorako garaieran. Protuberantzia horrek, baina, 200 kilometro gainditu zituen, eta hamar bat egun gehiagoz ikusi ahal izan zen, egunsenti martetarrean soilik. Oraingoz, Marteren atmosfera garaiari buruzko egungo ezagutzarekin, ezin da fenomenoa azaldu; baliteke, ordea, arriskutsua izatea Marteren beheko orbitan egingo diren etorkizuneko misioetarako. Ikerketa Nature aldizkariaren otsailaren 20ko argitalpen aurreratuan argitaratu da.

Marteren atmosfera mehe, hotz eta idorrean, haizeek hautsa eraman eta harrotzen dute, gainazaletik 50 kilometrora. Hauts horrekin, hodei meheak sortzen dira, izotz kristaltxoz eta karbono dioxidoz osatuak (karbono dioxidoa da, hain zuzen, Marteren atmosferako osagai nagusia); zenbaitetan, gainera, 100 kilometroko garaieran daude, gehienez ere. Marteren orbitan dabiltzan espazio ontziek geldirik dagoen hautsaren irudiak hartu dituzte, bai eta linboan edo planeta ertzean dauden hodei garaienak ere, zeru beltzean proiektatuak.

2012ko martxoan eta apirilean, mundu osoko astronomo afizionatuak, teleskopioak eta bereizmen handiko kamerak aldean, Marte Lurrera gerturatzen ari zela aprobetxatu zuten, planetaren irudi xehatuak hartzeko. Ustekabea hartu zuten, ordea, diskoaren ertzean gandor garai bat ikusi zutenean, Marteko egunsentian linboan gora egiten. Protuberantzia hori martxoko hamar bat egunez behatu zuten, planetarekin linboan biraka, eta, hala, argi eta garbi han zegoela berretsi zuten. Bitxia bada ere, egun batzuetan ez zuten atzera ikusi, baina zenbait egunen ostean, apirilean, berriro ikusi zuten.

Irudirik onenak aztertuta, Euskal Herriko Unibertsitateko taldeak eta bere lankideek Terra Cimmeria Marteko eskualdean (hego hemisferioko latitude ertainean) agertu zen gandorra neurtu eta eredu geometriko bat sortu dute, gandorraren agerpena azaltzeko. Ikertzaileek egiaztatu dute gandorrak (horizontalki, 500 kilometro inguru zabal da) ezohiko garaiera hartu zuela martxoaren 20an eta 21ean: Marteren gainazaletik 200 eta 250 kilometro artera igo zen. Ordura arte, Marten ikusi gabea zen garaiera horretako fenomenorik. Ikertaldeak, halaber, uhin luzera ezberdinetan zuen argitasuna zehaztu ahal izan zuen.

Horrekin batera, Hubble espazioko teleskopioak hartutako irudien artxiboan, 1997ko maiatzeko irudiak topatu zituzten: ikertutako gandorraren antzeko bat ageri zen, latitude ekuatorialetan. Kasu horretan, baina, ezin izan zuten garaiera erabat zehaztu, baina xehetasun handiagoz neurtu zuten bere erreflektantzia. Horri esker, fenomenoa sakonago ikertu ahal izan dute.

Datu horiekin, "fenomenoa interpretatzeko, bi egoera posible aztertu ditugu: hodei bat nahiz aurora igorpen bat izan liteke" adierazi du Agustín Sánchez-Lavega irakasleak. Hau da, alde batetik, baliteke ezohiko hodei bat izatea eta, bere argitasunaren arabera, 0,1 mikrometroko (milimetro baten hamar milaren bat) kristaltxoz osatuta egotea. Alabaina, urezko kristaltxoak gainazaletik 200 kilometrora sortzeko, tenperaturak 50 gradu baino gehiago egin beharko luke behera (100 gradu, karbono dioxidozkoak izanez gero), gaur egungo Marteko ereduek ezartzen dutenari dagokionez. Beste alde batetik, litekeena da gandorra argi isuri batek sortzea, aurora batek edo; izan ere, Cimmeria eskualdean anomalia magnetiko handi bat dago, eta baliteke horrek kanpoko partikula kargadunak kanalizatzea eta isuria eragitea. Horrek, ordea, Lurreko aurorena baino 1.000 bat aldiz isuri indartsuagoa eragingo luke, eta hori ezinezkoa litzateke. "Hipotesi biak, onargarrienak badirudite ere, ezinezkoak dira, Marteren atmosferaz gaur egun dugun ezagutzaren aurkakoak baitira" azaldu du Sánchez-Lavegak.

Gandor garai horiek arriskutsuak izan daitezke planetaren beheko orbitan edo hara sartzeko etorkizunean egingo diren misioetarako. Hori dela eta, horiek bilatzen eta ikertzen jarraituko da, Lurretik eta orbitan dauden espazio ontzietatik behatuta.

Planeta Zientzien Taldea

UPV/EHUko Planeta Zientzien Taldea, hain justu ere, Eusko Jaurlaritzako talde finkatuen sistemaren parte da, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatzen du. Unitate elkartu bat osatzen du Andaluziako Astrofisika Institutuarekin (CSIC), eta "Espazioko Zientzia eta Teknologia" masterraren sustatzailea da. Master hori Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan ematen da, EspaZio Gelan.

Erreferentzia bibliografikoa

  • A. Sánchez-Lavega, A. García Muñoz, E. García-Melendo, S. Pérez-Hoyos, J. M. Gómez-Forrellad, C. Pellier, M. Delcroix, M. A. López-Valverde, F. González-Galindo, W. Jaeschke, D. Parker, J. Phillips, and D. Peach
  • An extremely high altitude plume seen at Mars morning terminator
  • Nature (2015)
  • DOI: 10.1038/nature14162