euskaraespañol

Jarduera ugari Bilbon zientzia bizi eta sentitzeko

Azaroaren 2tik 6ra Bizkaia Aretoan izango da UPV/EHUren XVI. Zientzia Astea

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/02

Gazte, heldu eta umeen jakin-mina pizten
Gazte, heldu eta umeen jakin-mina pizten

Gaur inauguratu dute Bilboko Bizkaia Aretoan UPV/EHUren XVI. Zientzia Astea. Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea, Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia eta Fernando Plazaola UPV/EHUko Ikerketa arloko errektoreordea izan dira inaugurazioan eta aurkezpen-ekitaldian hartu dute parte.

Inaugurazio-ekitaldiko hitzaldien ondoren, erakundeetako ordezkariek Bilboko Zientzia Astean ikusgai dauden stand-ak bisitatu dituzte. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) gizarteari zientzia hurbildu nahi dio ekimen honen bidez, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina pizteko. Horretarako, edizio honetan ere eskaintza zabala antolatu du Zientzia Asteak, hasi stand zientifiko, txango eta tailerretatik, eta Zientzia Club edo Jon Kepa Eureka irakaslearen zientzia-ikuskizunetaraino, zenbait hitzalditatik eta VIII. Argazki Geologikoen, Saridun Buruketen eta Kaligrama Matematikoen lehiaketetatik pasatuz.

Zientzia-alor guztietako ekintzak, adin guztientzat

Bilbon, azaroaren 2tik 6ra bitartean, Bizkaia Aretoan ikusi, behatu, ukitu, probatu eta esperimentatu ahal izango du zientzia bertaratzen den edonork UPV/EHUk XVI. Zientzia Asterako antolatu dituen stand zientifiko eta tailerretan. Standetan azalduko diren gaiak askotarikoak izango dira, hala nola elektronika aplikatua, telebista digitala eta bere trikimailuak, robotika eta kontrola, energia berriztagarriak, biodibertsitatea eta eboluzioa, biosistemak, ekosistemen osasuna, superbakterioak, geologia, matematika, fisika, material berriak, drogak eta burmuina, emakumeak medikuntzan eta arkeologia. Aztergai ugari prestatu dituzte, halaber, tailerretan lantzeko: Prozesamendu-ginkana, mikroorganismoak, txikimikro, paleontologia eta arkeologia, estatistika, magia matematikoa, papiroflexia, emozioak, Lego Serious Play, letren diseinu eta digitalizazioa eta bideo-jokoak programatzea.

Horiez gain, hamabi txango edo ibilaldi didaktiko egingo dira, Bilboko zenbait museo bisitatzeko, Bizkaiko zenbait txokotako geologia deskubritzeko, edo Durangon Euskotren eta Bilbon Metroa bisitatzeko, besteak beste.

Ekitaldi ludikoagoei dagokienez, batetik, Jon Kepa Eureka zientzialariak ikuskizun berezia eskainiko du berriro ere Zientzia Astean, zientziazale txikienei zuzenduta. Azaroaren 4an, 18:00etan, gaztelaniaz eskainiko du saioa, eta, azaroaren 5ean, 18:00etan, euskaraz. Bestetik, Zientzia Club emanaldiez ere gozatu ahal izango da aurtengo edizioan, UPV/EHUko zenbait ikertzaileren eta Big Van taldearen eskutik.

Ostegunean, hilaren 3an, 19:00etan, egiaztatu ahal izango da zientzia atsegina, erakargarria eta dibertigarria izan daitekeela zientzia izateari utzi gabe. Big Van taldeak, gainera, beste emanaldi bat eskainiko du Barakaldon, gaur, azaroaren 2an, 17:30ean Barakaldo Antzokian. Zientzia Cluben antzera, umorezko bakarrizketen bidez azaltzen dute zientzia. Ez da izenik eman behar ikuskizun horiek ikustera joateko, baina lekuak mugatuak izango dira.

Bestalde, hiru lehiaketa, erakusketa bat eta zenbait hitzaldi ere antolatu dituzte XVI. Zientzia Astean. VIII. Argazki Geologikoen lehiaketa, Saridun Buruketak eta Kaligrama Matematikoak dira lehiaketak, eta, erakusketa, berriz, "Collage-a: Emakumeak Medikuntzan" izango da. Edozein adinetako haurrek Nobel saridun emakumeak marraztu beharko dituzte Emakumeak Medikuntzan standean; marrazki horiek collage moduan igoko dira Emakumeak Medikuntzan foroko Instagram-en. Ekimen horren bidez, emakumeen ekarpen sozial eta historikoa ikusarazi nahi da, eta, hala, belaunaldi berrietan generoaren ikuspegia integratzen lagundu.

Hitzaldien kasuan, alde batetik, "Koloso Jurasikoak" erakusketari lotuta antolatutako hirurak daude: aurreko hilaren 20an eta 26an eman zituzten Luis Alcalá-k eta Xabier Pereda-Suberbiolak, hurrenez hurren, "Teruel: la mina de los dinosaurios" eta "Dinosaurios y fauna asociada de Euskal Herria: un viaje en el tiempo hace 70 millones de años" hitzaldiak, eta, gaur, azaroaren 2an, izango da hirugarrena, "Turiasaurus: el gigante europeo y otros dinosaurios jurásicos" izenekoa, Alberto Cobos UPV/EHUko geologian doktorearen eskutik. Beste alde batetik, "El mundo vegetal en nuestra vida" hitzaldia eskainiko dute Inmaculada Coleto eta Mª Teresa Gómez Sagasti UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaile eta irakasleek azaroaren 3an, ostegunarekin, 19:00etan, Clara Campoamor Kultura Etxeko hitzaldi-aretoan, Barakaldon. Bizkaia Aretoan azaroaren 5ean, 12:00etan, UPV/EHUko Kimika Analitikoa saileko IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) taldeko ikertzaileek Pompeyako freskoen misterioak hitzaldian beren ikerketen berri emango digute. Egun eta leku berean, baina 20:00etan, berriz, Santiago Pérez Hoyos astronomo, UPV/EHUko ikertzaile eta Zientzia Planetarioen taldeko kidearen "Un paseo por la orilla del cosmos" hitzaldia entzun ahal izango da.

Bilbon eta Donostian ere egitarau oparoa antolatu du UPV/EHUk XVI. Zientzia Asterako. Donostian azaroaren 3tik 5era bitartean egingo da, Kursaalean eta azaroaren 3tik 6ra Vitoria-Gasteizen, Bibat Museoan.

Informazio gehiago zientzia-astea.eus webgunean.