euskaraespañol

UPV/EHU ikertzaileek Europako proiektu bat lortu dute minbiziaren aurkako estrategia berriak ikertzeko

Ana Beloqui Ikerbasque ikertzaileak (POLYMAT–UPV/EHU) koordinatutako proiektuak 2,3 milioi euroko finantzaketa jaso du Europako Batzordearen eskutik Marie Sklodowska Curie programaren bidez

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/21

Irudia
Proiektua gauzatuko duten ikertzaileak (ezkerretik eskuinera): Marcelo Calderón, Aitor Larrañaga, Ana Beloqui eta Sandra Camarero | Argazkia: UPV/EHU

TheraTools proiektuaren helburua da tresna berriak garatzea pronostiko okerrena duen minbizietako bat ikertzeko, alegia, glioblastoma. Goi-mailako ikerketa bat da, Horizon Europe programaren Marie Sklodowska Curie bigarren deialdiaren babesa izango duena –mundu osoko doktoratu aurreko ikertzaileen prestakuntza eta garapen profesionala laguntzen duen sare bat da, gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei heltzeko lankidetza proiektuetako partaidetzaren bidez–. Proiektuak Europako Batzordearen 2,3 milioi euroko finantzazioa jaso du.

TheraTools lankidetza proiektu bat da, POLYMATek eta Euskal Herriko Unibertsitateak zuzendua, partaide dituena Technion Institutua (Israel), Teknologiaren Italiako Institutua eta (Italia) Aveiroko Unibertsitatea (Portugal). Gainera, proiektuak sei enpresaren laguntza jasoko du: bi Euskadikoak (Polimerbio eta I+Med), Espainiako bat (Beonchip) eta beste hiru Europakoak (Metatissue, Nanoscribe GmbH eta VetexMachina). Proiektua Ana Beloquik koordinatzen du, Ikerbasque ikertzailea UPV/EHUn eta POLYMATen, erakunde horietako Ikerbasque ikertzaile batzuekin, hain zuzen ere, Marcelo Calderonekin, Sandra Camarerorekin eta Aitor Larrañagarekin.

“Ideia aurreko proiektu batetik sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutakoa, non POLYMATeko eta UPV/EHUko ikertzaileek gure ezagutzak eta esperientzia batu baikenituen TheraToolsen hazia izan zen egitasmo batean”, azaldu du Ana Beloquik. “Bi funtsezko helburu izango dituen ikerketa diziplina anitza egingo dugu –erantsi du Beloquik–. Batetik, eragile polimeriko berrien garapena ikertuko da, garunera antigorputz terapeutikoak garraiatzeko gai direnak, hesi hematoentzefalikoa zeharkatuz. Tumorearen inguruan, material polimerikoak antigorputza ‘askatuko’ du dagokion jardun terapeutikoa egin dezan. Bestalde, TheraToolsek animaliekin gutxiago esperimentatzeko apustua egin du. Hala, gliobastoma ereduak diseinatuko eta fabrikatuko ditu 3D eta mikrofluidoen inprimaketari esker. Proiektuak planteatzen du eredu horiek erabiltzea efektu terapeutikoko potentziala duten eragileak miatzeko plataforma moduan”. “TheraTools proiektu zientifiko bat baino gehiago dela, prestakuntza-sarea ere badela: doktoregoko bederatzi ikaslek bat egingo dute gure sarearekin TheraToolsen markoan ikerketa-proiektuak egiteko. Gainera, herritar orori irekitako informazio-saioak ere antolatuko ditugu”, esan du.

Ikertzaileak

Ana Beloqui Kimikako doktorea POLYMAT – UPV/EHUko ikertzaile nagusia da, Ramón y Cajal kontratu bati eta Ikerbasque Fundazioari esker. 2021. urtean Kimikako Espainiako Errege Elkarteak Kimika Biologikoko Taldearen Ikertaldeetako Lider Gazteen saria eman zion. Marcelo Calderón Kimikako doktorea Ikerbasque Research Professor eta Responsive Polymer Therpautics taldeko liderra da POLYMATen. Sandra Camarero Polimeroen Kimikako eta Bioingeniaritzako doktorea POLYMATeko ikertzaile nagusia da, Ikerbasque Fellow kontratu bati esker. Aitor Larrañaga irakasle atxiki da Bilboko Ingeniaritza Eskolan (UPV/EHU) eta POLYMATeko ikertzaile nagusia.