euskaraespañol

Lankidetza hitzarmena, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren eta zur kontratxapatuaren fabrikazioan munduko liderra den Garnica enpresaren artekoa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/01

Irudia
Argazkia: standret - www.freepik.es

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendari Juan José Arrizabalaga jaunak eta zur kontratxapatuaren fabrikazioan liderra den Garnica enpresako Chief People Officer Jose Luis Tamargo jaunak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute, aurrera eramateko “Zurezko Egiturak, Eraikuntza eta Diseinua” berezko masterreko prestakuntza programa.

Hitzarmenaren hirugarren urtea da oraingoa, 2019/2020 ekin baitzitzaion, eta datozen urteetan ere elkarlanean aritzea aurreikusten da. Hitzarmenean jasota dago, besteak beste, Garnica enpresak ekarpen ekonomikoa egingo duela eta zur kontratxapatuz egindako taulak emango dituela, “Zurezko Egiturak, Eraikuntza eta Diseinua” masterreko ikasleek amaierako lanetan erabil ditzaten.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko zuzendari Juan José Arrizabalagak esan du hitzarmen honen bidez finkatu egiten dela zurezko produktu teknikoen alorrean erreferentea den enpresa baten eta esparru akademikoaren arteko harreman emankorra, industria prozesu eta produktuak ezagutzeko aukera ematen zaiela masterreko ikasleei, eta berrikuntza sustatzen dela zurezko egitura eta eraikuntza diseinuaren alorrean. “

Bestalde, Garnica enpresako Chief People Officer Jose Luis Tamargo jaunak adierazi du hitzarmenak gazteen prestakuntza eta talentuaren garapena sustatzea ahalbidetzen duela, baita zuraren erabilera bultzatu ere eraikuntzan eta diseinuan, hau da, material berriztagarri, birziklagarri, berrerabilgarri eta biodegradagarria erabiltzea, ekonomia zirkularrean funtsezko rola jokatzen duena. Garnica enpresarentzat harro egoteko modukoa da ikasleei helarazi ahal izatea enpresaren ezagutza eta bokazioa berrikuntza zabaltzeko eta ingurumena zaintzeko, baita etorkizun jasangarriagoa eraikitzen laguntzeko konpromisoa ere, ikasle horiek izango baitira etorkizuneko profesionalak.

Garnica munduko erreferentea da plantazio jasangarrietako zuretik datorren taula kontratxapatuaren ekoizpenean. Laurogei urte baino gehiagoko esperientzia du industrian, eta 1.200 langile baino gehiago ditu gaur egun, mundu osoko 45 herrialdetan egiten dutenak lan. Logroñon du egoitza nagusia, eta zazpi ekoizpen instalazio ditu: horietako hiru Errioxan daude (bi Baños de Río Tobían eta bat Fuengranen), bat Euskal Herrian (Laudio), bat Leonen (Valentzia de Don Juan) eta bi Frantzian (bat Samazanen eta beste bat ari dira eraikitzen Troyesen, 2022aren erdialdera hasiko dena ekoizten).