euskaraespañol

Haur ijito, migratzaile eta LGTBI kolektibokoak dira ziberjazarpenaren biktima nagusiak

Internet Seguruaren Nazioarteko Egunean, UNICEFek txostena kaleratu du, UPV/EHUko EU Kids Online taldeak egina

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/06

Isidro Elezgarai, Estefania Jimenez, Esla Fuente eta Carmelo Garitaonandia
Ezkerretik eskumara: Isidro Elezgarai, Estefania Jimenez, Esla Fuente eta Carmelo Garitaonandia. (Tere Ormazabal. UPV/EHU)

Ijitoen komunitateko haurrak, migratzaileen komunitatekoak eta LGTBI kolektibokoak dira Espainiako ziberjazarpenaren eta Interneteko gorrotoaren diskurtsoaren biktima nagusiak. Internet Seguruaren Nazioarteko Egunean, UNICEFen Euskal Herriko Batzordeak haur kalteberenek sarean dituzten aukera eta arriskuei buruzko ‘Arrakala digitalaren haurrak Espainian’ txostena aurkeztu du. UPV/EHUko EU kids Online taldeak egina.

Haurren eskubideetan oinarrituta eta mundu digitalaren errealitatea kontuan hartuta, UNICEFen Euskal Herriko Batzordeak Arrakala digitalaren haurrak Espainian txostena kaleratu du, UPV/EHUko EU Kids Online taldeak egina. Ikerlan horrek Interneteko aukerak eta arriskuak aztertzen ditu, eta estatuko kolektibo ahulenetan sakontzen du, hots, arrakala digitalaren haur eta nerabeetan: ijitoen komunitateko haurrak, haur migratzaileak, desgaitasuna duten haurrak, babes zentroetan bizi diren haurrak eta LGTBI kolektiboko haurrak.

“Belaunaldi berrientzat, ingurune digital baten parte izatea da normalena; guk helburu izan behar dugu teknologia berrien arriskuak arintzea eta aukerak areagotzea, haur guztiek ez baitituzte aukera berberak. Jar dezagun arreta haur kalteberenengan, haurrik atzean utzi gabe”, adierazi du Isidro Elezgaraik, UNICEFen Euskal Herriko Batzordeko buruak. Txostenaren arabera, haurren arteko Interneten erabileran pisu handiena duen aldagaia hileroko diru sarrerak dira, hau da, familien estatus sozioekonomikoa.

Espainian, 10 eta 15 urte arteko haurren % 95,2k erabiltzen dute Internet; alabaina, 300.000 haur eta nerabek inoiz ez dute ordenagailurik erabili, eta 140.000 haur eta nerabek inoiz ez dute Internet erabili, INEren datuen arabera[1]. Euskadin, haurren % 97,6k erabiltzen dute Internet, % 94,9k ordenagailua erabili zuten azken hiru hilabeteetan eta % 77,5ek sakelako telefonoa dute, INE Estatistikako Institutu Nazionalaren etxeko IKTen ekipamenduari eta erabilerari buruzko 2017ko inkestako datuek erakusten dutenez.

UPV/EHUko EU Kids Online ikerketa taldeak egin du txostena, eta talde horretako kide da UPV/EHUko ikertzaile eta irakasle Estefanía Jiménez: “Oso zaila izan zen haurrekin eta haien senideekin harremanetan jartzea; horretarako, ezinbestekoa izan zen bazterkeria arriskuan dauden haurrekin lan egiten duten hamabi bat erakunderen laguntza. Informatzaileak aurkitu behar izan genituen haiei hainbat galdera egiteko: Interneteko ohiturak, dituzten aparatuak, online munduan ibiltzean hautematen dituzten arriskuak, Internetekin duten harremana…”. Dokumentua osatzeko, a priori kolektibo ahulenaren barruan sar litezkeen haur taldeak identifikatu ziren, eta elkarrizketa sakonak eta eztabaida taldeak egin ziren Andaluzian, Kanarietan, Katalunian, Valentziako Erkidegoan, Madrilen eta Euskadin. Guztira, 91 informatzailek esku hartu zuten azterketan: 8 heldu, eta 8 eta 18 urte arteko 83 haur; haurren artetik, 53 jatorri atzerritarrekoak ziren (ekuadortarrak, magrebtarrak eta Saharaz hegoaldekoak), 17 ijito etniakoak, eta beste 12ak Administrazioaren babes zentroetan zeuden. Helduak harrera zentroetako arduradunak eta hezitzaileak ziren.

Ijitoen komunitateak du zailtasunik handiena Informazioaren Teknologiak (IKT) eskuratzeko eta erabiltzeko. Ohikoa da kolektibo horretako haurrek sakelako telefonoak izatea, baina gehienek ez dute datuen tarifarik, konektatzeko. Ijitoen Idazkaritza Fundazioak egindako ikerlan baten arabera, ijito gazteen % 22k ez dute Internet etxean, arrazoi ekonomikoengatik. Pobrezia da, zalantzarik gabe, Internet izateko oztopoetako bat. Beste oztopoetako batek IKTak erabiltzeko moduarekin du zerikusia.

Tradizioz biktimizatu izan diren kolektiboetako haurrak dira kalteberenak, esaterako ijitoen eta LGTBI komunitateko haurrak eta migrazio jatorriko haurrak, eta haiek jasotzen dute eraso gehien Interneten. Diskriminazioak eta gorrotoaren diskurtsoak oso eragin negatiboa dute haur horiengan, estereotipoak iraunarazten eta haien integrazioa zailtzen baitituzte. Haur migratzaileentzat, adibidez, IKTak ezinbesteko tresna dira beren bidaia egiteko (sakelako telefonoen erabilera). Eta, behin hemen daudela, funtsezko baliabidea da gizarteratu daitezen eta beren jatorriko herrialdeko senide eta lagunekin komunika daitezen.

Online arriskuak dira elementu azpimarragarri eta kezkagarrienak haurren eta sare sozialen eta Interneten arteko harremana jorratzen denean. Ziberjazarpena, sextinga, adingabeentzat desegokiak diren edukietara sartzea, Internet gehiegi erabiltzea, pribatutasun falta, haurren datu pertsonalak modu desegokian erabiltzea… Arrisku horiek guztiak oso kezkagarriak dira gurasoentzat, hezitzaileentzat eta gizartearentzat, oro har. Baina denak ez dira arriskuak; Internetek abantaila ugari ematen ditu haurren garapen eta ikaskuntzarako –informazioa eskuratu daiteke aplikazio eta plataforma espezializatuen bitartez–, eta lagungarria izan daiteke, era berean, kezka berak dituzten beste haur batzuekin harremanak eraikitzeko. Online munduak, edukien kontsumorako ateak ez ezik, sorkuntzarako eta kezkagarri zaizkien arazoei buruzko foroetan parte hartzeko ateak ere irekitzen dizkie haurrei.

Internetek eskaintzen dituen makina bat baliabideetara sartzeak arriskuak dakartza, bai, baina ezinezkoa da haurrak arrisku horietatik bakartzea. “Eskoletan eta familietan eskubide, balio eta gaitasun digitalei buruzko prestakuntza sustatu behar da, haurrei teknologiaren gaineko ikuspegi integral eta kritiko bat emateko eta, hala, gai izan daitezen arriskuak identifikatzeko eta kalteak saihesteko. Horrez gain, ezin dugu ahaztu gai honetan berebiziko garrantzia dutela enpresa teknologikoek eta agintaritza publikoek”, adierazi du Elsa Fuentek, UNICEF Euskal Herriko Batzordeko koordinatzaileak. “Beharrezkoa da Internet arautzeko esparru bat garatzea, eta ingurune digitalaren barruko edo kanpoko haurren aurkako indarkeria kasuetarako prebentzio eta jarduketa protokoloak eta estrategiak gehiago sustatzea”.

UNICEFek ohartarazi du sarbide digitalak onurak eta aukerak ez ezik arriskuak ere ekartzen dizkiela haurrei; besteak beste, eduki kaltegarrietara sartzea, sexu esplotazioa, jazarpena eta ziberjazarpena gertatzeko arriskua handitzea, eta informazio pribatua modu desegokian erabiltzea. Haur kalteberenentzat, Internet funtsezkoa izan daiteke beren gaitasuna garatzeko, hobeto integratzeko eta erreferenteak eta laguntza bilatzeko, besteak beste.

[1] Datuak azken 3 hilabeteetan ordenagailurik erabili ez duten edo denbora tarte horretan Internetekin harremanik izan ez duten haurren kopuruari dagozkio.

 

#NoSeasEstrella zer argitaratu eta nola argitaratu hausnartzeko sortu da: ba al dakite haurrek Interneteko argitalpen bat noraino irits daitekeen? Prest egongo al lirateke bat-batean “izar bihurtu” behar izateko, beren bizitza pribatua argitaratzeagatik? Haurrak zein helduak horri buruz hausnartzera animatzen ditugu, pribatutasuna babestea zein garrantzitsua den konturatzera. Azken batean, ziurtatu behar dute ingurune digitaleko gaitasunen gaineko ezagutza dutela, baina kontuan hartuta ez direla gaitasun tekniko isolatuak, baizik eta prestakuntza oso eta zeharkako bat.