euskaraespañol

Zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleentzako bueltatu-beharreko laguntzen deialdi berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/25

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak bat-batean sortu diren edo denboran dirauten arazo ekonomikoen ondorioz zailtasunak dituzten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei laguntza itzulgarriak emateko deialdia egin du. Aurreko urteetan ohikoa izan den modalitatea aurreikusi da; hau da, 2021-2022 ikasturteko matrikulari dagokion zenbatekoa, oraindik ordaintzeko dagoena, finantzatzeko laguntza itzulgarriak.  Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte (ekainak 21 arte, hau barne) 2022-2023 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitatean matrikulatuko diren pertsonek eta atribuzio edo orientazio profesionalak dituzten graduko eta unibertsitate masterreko ikasketak egiten ari direnek, edo 2021-2022 ikasturtean ikasketak finantzatzen ari direnek.

Justifikatu beharko dute ikasturtea hasi ondoren sortutako zailtasun ekonomiko bat dutela edo pairatzen duten egoera ekonomiko txarrak denboran dirauela (unibertsitate ikasketak hasi ondoren) eta ez dutela bekarik edo ikasketetarako laguntzarik jaso 2021-2022 ikasturterako. Laguntzaren itzulketa egiteko bi modalitate daude: eskudirutan edo, zenbait kasutan, eskudirutako itzulketaz gain, matrikularen zenbatekoa, oraindik ordaintzeko dagoena, finantzatzeko laguntza ekonomikoa partzialki konpentsatu ahal izango da lankidetza jarduerak egiteren bidez (horiek ez dituzte ordeztuko ordaindutako zerbitzu profesionalak).

2019-2020 ikasturtean, eskaera kopurua bikoiztu egin zen aurreko ikasturtearen aldean. Zehazki, 2018-2019 ikasturtean 50 eskaera aurkeztu ziren; 2019-2020 ikasturtean, berriz, 102. Onartutako eskaerei dagokienez, aurreko ikasturtean onartu ziren eskaeren kopurua ia hirukoiztu egin zen. Zehazki, 2018-2019 ikasturtean 22 eskaera onartu ziren; 2019-2020 ikasturtean, berriz, 60. Era berean, 2020-2021 ikasturtean 22 onetsi ziren, pandemiaren aurreko datuen antzekoak berreskuratuz.

“Argi dugu laguntza horiek oso funtzio garrantzitsua betetzen dutela, zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleek unibertsitate-ikasketak jarraitu eta, kasu batzuetan, amaitzeko aukera ematen baitute. Beraz, deialdi honen helburua da inork Unibertsitatea utzi behar ez izatea matrikularen ordainketari aurre egin ezin izateagatik”, azpimarratu du Fernando Tapia Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.