euskaraespañol

UPV/EHUko Genoma eta Zuzenbide Katedra ikertaldearen zuzendariak

Carlos Romeo Casabona: «Ezin genuen onartu pazienteak baztertuak izatea beren adinagatik, desgaitasunagatik edo jatorriagatik»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/29

Irudia
Carlos Romeo Casabona. Argazkia: Mikel Mtz de Trespuentes. UPV/EHU.

Genoma eta Zuzenbide Katedra ikertaldearen zuzendariak, Osasun Ministerioaren enkarguz, osasun langileek COVID-19ko pazienteekin jarraitu beharreko irizpide etikoen txostena koordinatu zuen, joan den martxoan. Pandemiaren kudeaketa nola bizitu duen kontatu digu.

Zuzenbide Penaleko katedraduna, Zuzenbideko, Medikuntzako eta Kirurgiako doktorea eta Kriminologiako diplomaduna, Carlos María Romeo Casabonak 1993. urteaz geroztik zuzentzen du UPV/EHUko Genoma eta Zuzenbideko Katedra ikertaldea, bestelako zeregin akademiko ugari betetzeaz gainera. Aholkularitza batzorde askotako kidea da, eta hainbat dokumentu idatzi ditu, hala nola organoen transplanterako Legea, 1979an, UCDren gobernuarekin eta oraindik indarrean dena, Ikerketa Biomedikoaren Legea, eta, orain dela gutxi, Osasun Ministerioaren Txostena, pandemia egoeretako alderdi etikoei buruzkoa: SARS-COV-2a. Gida ofizial bat da, orientabideak ematen dizkiena osasun langileei, une batzuetan erabaki behar izan baitzuten nork jarraituko zuen bizitzen eta nork ez. Hark aldarrikatzen duen moduan, neutraltasun politikoa oinarrizkoa da horrelako dokumentuak idazteko.

Bruselatik iritsi berritan elkarrizketatu dugu; han, Zientzia eta Teknologia Berrietarako Europako Etika Taldeko (EGE) kidea da. Talde horrek aholkularitza ematen dio EBren Europako Komisarioen Elkargoari eta, une honetan, pandemiari lotutako gaien inguruko aholkularitza zuzena ematen dio Europako Batzordearen presidenteari.

Zerk bultzatzen du gobernu bat pandemia baten aurrean jarraitu beharreko ildo etikoak ezartzeko txosten bat enkargatzera?

Alarma egoeraren lehenengo astetan, kaosa erabatekoa izan zen, baita jarraitu beharreko osasun irizpideen inguruan ere; erakunde bakoitzak bere ildoak argitaratzen zituen: Medikuntza Elkargoen Erakundea, elkarte zientifikoak, internistak, ospitaleak… eta dokumentuetan ez zegoen uniformetasunik. Hala, Osasun Ministerioak premiazko dokumentu bat idazteko eskatu zidan, COVID-19ko biktima ziren pazienteen kudeaketa gidatzeko irizpide etiko batzuk emango zituena. Nik Asier Urruela sartzeko eskatu nuen, nire dizipulu bat, UPV/EHUtik datorrena eta Zaragozan katedraduna dena, eta berrikuspen talde oso kualifikatu bat eduki nuen.  Gogo eta dedikazio handiz egin genuen lan, bagenekien zer-nolako erantzukizuna geureganatzen genuen.

Dokumentu laburra, baina esplizitua.

Bai. Hasiera batean, zerbait garatuago egitea pentsatu nuen, datuen babesa aipatuz… baina argitaratzeko premia handia zegoen, ordurako agerikoak zirelako sortzen ari ziren asistentzia arazoak; hori zen premiazkoena. Denbora errekorrean egin genuen, hamar egunetan… martxoaren amaieran entregatuta zegoen.

Zure txostenean, COVIDaren eraginpeko pertsonak adina, desgaitasun edo jatorri arrazoiengatik ez baztertzeari buruz hitz egiten da. Zetorrena aurreikusten zenuen edo datuak zenituen?

Ez zuzenean… baina, tamalez, berri batzuk banituen ordurako, eta horien arabera, ospitale batzuk jarraibideak hasi ziren ematen ZIUetan arnasketa laguntzarik ez emateko ezta hirurogeita hamar urtetik gorako pazienteei ere, bestelako premisa klinikorik aintzat hartu gabe. Egoera batzuk etsigarriak ziren.

Bagenekien, halaber, desgaitasun jakin batzuk edukitzeagatik pertsona batzuk baztertu zitezkeela, edo bazterkeria eman zitekeela ere harrera zentroetan zeuden gazte migratzaileen artean. Ezin genuen arrisku hori hartu, horregatik idatzi genuen.

Arrazoi berberagatik erabaki genuen txostenak lau premisa bete behar zituela: aipatutakoaz gainera, lehenengoa zen ziurtatzea hori erakunde ofizial baten jarrera izango zela eta zer hobe horretarako une hartako agintaritza gorena baino, eta alarma egoerari buruzko Errege Dekretuaren arabera, aitortza hori Osasun Ministerioari zegokion, hain zuzen ere.

Bestalde, irizpide orokor batzuk eman nahi genituen, baina indibidualizazio baten beharra ere ikusten genuen. Eremu anglosaxoiaren joeratik aldendu nahi ginen; izan ere, han, irizpide eta puntuazio batzuk jasotzen dituzten taula batzuk ematen dira, eta horien arabera erabakitzen dute ZIUko plantara zoazen ala ez. Horrek gizatasuna erabat galtzea dakar.

«Irizpide orokorrak ez badira indibidualizatzen, gizatasuna galtzen da»

Hemen indibidualizazioaren alde egin genuen; behin aldez aurreko premisa kliniko orokorrak ematen direla egiaztatuta, medikuak bere pazientearen egoera klinikoa aztertu behar du, eta ezin du inor baztertu guztiz medikoa ez den irizpide baten bidez.

Osasun langileekin dokumentua errespetatu dela uste duzu? Haien segurtasuna bermatzea materiala emanez, PCR probak eginez…

Txostenean heldu genion ere hain garrantzitsua den gai horri. Norbera babesteko ekipo homologatuen eskuragarritasuna bermatu beharko litzateke SARS-CoV-2 pandemiaren aurkako borrokan lehen lerroan dauden kolektibo profesional guztientzat, barne hartuta, lehenik eta behin, osasun zentroetako profesionalak, bai eta polizia agenteak, armadako kideak, etab. Eskakizun hori berandu bete zen, eta profesional horiek eginiko sakrifizioaren zordunak gara, batzuetan bizitza ere eman baitzuten.

Harritzekoa da, gutxienez, Osasun Ministerioak txostena gehiago ez zabaldu izana eta, besterik gabe, COVID-19rako zeukan webgunean modu diskretuan jarri izana.

Bai… ez nuen oso ongi ulertu zergatik ez zitzaion eman behar zuen publizitatea, ezagutzera emateko. Hainbesteko premia zuten, eta gero, bi egun igaro ziren argitaratu zuten arte, eta, egin zutenean ere, modu isilean. Tira… Paradoxikoa da agintariek txostena azken aste hauetan dibulgatu izana. Azkenean, autonomia erkidegoekin eta osasun profesionalekin eta haien elkarte zientifikoekin tirabira gehiago ez sortzearen beldurrari egotzi nion.

Txostenak bere helburua bete zuen?

Neurri handi batean baietz uste dut… Uste dut mugarri bat ezarri zuela; batik bat, jende pilaketa handiko eremuetan, hala nola Madrilen eta Bartzelonan. Uste dut ere garaiz iritsi zela behar zutenengana; hots, erabakiak hartu behar zituzten osasun langileengana; horrek ospitaletako lan egiteko modua aldatu zuen, erreferentzia argiago eta bateratuago bat zutelako jada lehentasun neurriak hartzeari begira. Ospitale batzuetan, larri kutsatuta iristen ziren adineko pertsonak baztertzen hasiak ziren, eta txostenarekin hori amaitu zen.

Beno, badirudi erkidego batzuetako egoitzetan ez zela guztiz horrela izan…

Bai, txostenak zioena gorabehera, egoitza batzuetan nahasmena nagusitu zen; ez zekiten zer egin, dirudienez ez zuten baimena jasotzen gaixo zeuden agureak ospitaletara eramateko; erantzukizun bat, politikoa gutxienez, eta pertsonalki uste dut erantzukizun hori gobernuko presidenteordearen eta hainbat autonomia erkidegoren artean banatu behar dela.

Administrazioen arteko harremanak ez direla arinak izan uste duzu?

Ez, batez ere pandemiaren hasieran. Uste dut akats handiak eman direla erakundeen arteko lankidetzan. Ez da normala autonomia erkidego batzuetako ospitaleak kolapsatuta egotea, beren pazienteak ZIUetan sartzeko aukerarik gabe, eta haien erkidego mugakide batzuetan, berriz, oheak hutsik egotea. Paradoxa bat da… uste dut ez zutela ongi funtzionatu. Nolanahi ere, honen moduko larrialdi egoeretan hainbat gaitan hobeto koordinatzeko beharrari buruzko lezioa ikasi da, eta hori oraingo jarreran islatzen da, lankidetza handiagoa ematen baita orain estatuaren eta lurraldeen artean.

Maskararen erabilera ere eztabaidagai izan zen. Beharrezkoa ez izatetik, egoera batzuetan ezinbestekoa izatera pasatu zen. Krisia gardentasunez kudeatu dela uste duzu?

Gai batzuk, hala nola maskarena edo asmo txarreko informazioena (“fake news”), bestelako oinarrizko elementuak dira, bizi izandakoaren pareko osasun krisi baten kudeaketan. Gardentasun printzipioa oinarrizkoa dela ulertzen dut, une bakoitzean eskura dugun informazioarekin, jakina. EiTBren webgunean horrelako albiste asko jaso dira, guztiak bitxiak eta harrigarriak, baina haien faltsutasuna egiaztatuta une oro.

Eta, bestalde, ukaezinezko adierazpen askatasunarekin oreka zailari eutsiz betiere, estatu demokratiko eta plural baten oinarrietako batek izan behar du kontrastatu gabeko informazioari leiho guztiak ixtea; agintariek hedabideetan eta sare sozialetan agertzen den asmo txarreko informazio okerra neutralizatu behar dute, zuzendu. Oro har, horrela jokatu da.

8Mko manifestazioa egiteko baimena ematean erantzukizuna egon zela uste duzu?

Egotekotan, erantzukizun politikoa izan zen, ez juridikoa. Justifikagarria ez bada ere, egin ziren akatsak ulergarriak direla onartu behar dugu; ez dugu horietan gehiago sakondu behar; ezta horretan geratu ere, aurreikusi ezinezko hainbeste gai zituen krisi batean; agintariek gertatutakoa aintzat hartu behar dute, hortik ikasi behar dugu.

«Pandemiari aurre egiteko prestatuta egotearen betebehar morala eta legala dugu»

Pandemia hau berriro gertatzen bada edo areagotzen bada, prestatuta egotearen betebehar morala eta legala dugu: materialez hornitu, ZIU kopurua berehala areagotzeko aukera izan… eta akats berbera berriro ez egin. Alabaina, betebehar hori herritarren erantzukizuna ere bada, besteekin dituzten harremanetan.

Ekonomia agintariek beste atzeraldi batez ohartarazi digute. Uste duzu beharrezkoa dela dokumentu bat prestatzea, non krisitik ateratzeko errespetatu beharreko alderdi etikoak, marra gorriak, zehaztuko diren aurreko krisialdian izandako drama pertsonalak ez errepikatzeko?

Hori, lehenik eta behin, gizarte eragile deitutakoek ezarri behar dute, atzeraldia herritar guztien artean bidezko modu batean banatu dadin. Nik ulertzen dut akordio horietan Gobernuak moderatzaile gisa jardun behar duela eta konponbidearen parte bat izan behar duela, ez arazoarena. Horrek esan nahi du krisi oso larri –baina labur, espero dugu– honen zama ekonomikoak ez duela jasan behar berriro herritarren sektore batek, aurrekoan gertatu zen moduan. Eta iruzurrak saihestu behar dira laguntzak eskuratzean, bai laguntza indibidualak, bai korporazio eta enpresei emandakoak.

Izan ere, Europako Etika Taldeak (EGE), apirilaren hasieran, Iritzi bat argitaratu zuen, Europako eremuaren; hau da, Europar Batasuneko estatuen arteko elkartasun eta konfiantza beharrari buruz, COVID-19aren inguruan. Badakizu gure taldeari dagokion arlo horretan zaila dela oreka bat lortzea estatukideen interes askotan dibergenteen artean. Alabaina, EBren sinesgarritasuna eta biziraupena bera konbergentzia horien menpe daude, erabakigarriak baitira gure herrialdearentzat eta pandemiak are gogorrago astindu dituen beste batzuentzat.