euskaraespañol

Itzuli da Udaberriko Lasterketa

Pandemiagatik bi urtez kanpoan egon ondoren itzuli da, 1.500 atleta ingururen parte-hartzearekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/04

Irudia
Javier Fuentes eta Aimar Insausti Udaberriko Lasterketaren aurkezpenean. Argazkia: Luis Peralta

Donostiarrak Kirol Klubak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Udaberriko Lasterketaren XVIII. edizioa aurkeztu da. Ekitaldia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzan izan da, eta bertan izan dira Javier Fuentes Donostiarrak Kirol Klubaren presidentea eta Aimar Insausti Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusaren Garapenerako eta Kanpo Harremanetarako zuzendaria.

Pandemiagatik bi urtez kanpoan egon ondoren, datorren igandean, martxoaren 13an, itzuliko da proba, indarberrituta. Aurtengo berrikuntzetako bat da lasterketa ez dela homologatuta egongo, hiriko kale batzuetan egiten ari diren eta probaren ibilbidean eragina duten obrak direla eta. Oraingo honetan ere ez da 0 dortsalik eta 1 dortsalik izango. Udaberriko Lasterketa 1.326 parte-hartzailek osatzen dute, baina antolatzaileek uste dute 1.500 atleta inguruk hartuko dutela parte proban. Izen-emateak zabalik jarraitzen du.

Lasterketak 5 erbi izango ditu, eta UPV/EHUren Gipuzkoako Campusetik abiatzen den ohiko zirkuitutik igaroko da, 10:00etan. Donostiako erdigunea zeharkatuko du, Sagueseraino, eta hiriko Alde Zaharretik, Kontxako pasealekutik eta Ondarretatik itzuliko da, abiapuntura itzuli arte. Ohiko hornidura likidoa mantenduko da 5. kilometroan, Kursaal parean; hala ere, ez da helmugako hornidurarik egongo, pilaketak saihesteko. Horren ordez, parte-hartzaileek lasterkari poltsa bat jasoko dute helmugan. Sarien zozketari dagokionez, ostiralean egingo da eta irabazleek mezu elektroniko bat jasoko dute egokitu zaien sariarekin.