euskaraespañol

CEBEKek eta UPV/EHUk lankidetza indartu dute, esparru hitzarmen bat sinatuta

Akordio berriak urtero Jarduera Plan bat egitea aurreikusten du, helburuak, proiektuak eta konpromiso ekonomikoak zehaztuko dituena.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/10

Irudia
Eva Ferreira, errektorea, Carolina Pérez Toledorekin batera hitzarmenaren sinaketan. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektore Eva Ferreirak eta Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko (CEBEK) presidente Carolina Pérez Toledok lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu dute, bi erakundeen arteko harremana sendotzeko eta proiektu berriak batera egiteko. Hitzarmen horren berritasunetako bat da urtero Jarduera Plan bat egitea aurreikusten dela. Horrela, euskal unibertsitate publikoak eta Bizkaiko patronalak baterako ekintzak adostuko dituzte urtero. 

UPV/EHUko errektore Eva Ferreiraren hitzetan: “beti esan izan dugu unibertsitatea gizartearen erdigunean jarri nahi dugula eta gizartea unibertsitatearen erdigunean, eta helburu bikoitz hori lortzeko, behar-beharrezkoa da gizarte eta enpresa ehunarekiko harremana. Harreman horren bidez, ezagutza transferitzen dugu, aplikatu ahal izateko, eta prestakuntza eta ikerketaren arloko sektorearen erronka berriak jasotzen ditugu; horrela, zirkulu bertutetsu bat osatzen dugu, unibertsitatean sortzen den ezagutzaren eta sektore bakoitzean lortzen diren emaitzen artean. Zehazki, CEBEKekin, harreman bide sendoak ditugu jada, baina lotura horiek optimizatu behar ditugu, emaitza are hobeak lortzeko”. 

Bestalde, CEBEKeko presidente Carolína Pérez Toledok zera azpimarratu zuen: “beharrezkoa da Unibertsitate-Enpresa Prestakuntza Duala txertatzen jarraitzea”, eta nabarmendu zuen ere garrantzitsua dela «gazteek gure enpresen beharrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izatea, are gehiago garai hauetan, non demografiaren jaitsieraren eraginez zailtzen ari baita lan merkatuaren eskaerak asetzea. Bi erakundeak lanean ari gara ere elkarrekin, talentuaren sorrera produkzio ehunaren beharretara eta ikasleen enplegagarritasunaren hobekuntzara egokitu dadin”. 

Hitzarmen berria atzo, osteguna, sinatu zuten Bizkaiko enpresen konfederazioaren egoitzan, eta indarrean dago jada. Haren eraginkortasuna askotariko eremutan zabalduko da, hala nola prestakuntza dualaren sustapena; UPV/EHUren Enpresa-Unibertsitatea Ikasgelen eta CEBEKen arteko lotura; ikerketa eta emaitzen transferentziaren hurbilpena ehun ekonomikora; produkzio ehunaren beharretara egokitutako talentuaren sorrera; eta, espiritu ekintzailearen sustapena, UPV/EHUko ikasleen eta irakasleen artean.  

Hitzarmenaren alderdi berritzaileenetako bat bi aldeen arteko konpromisoa da, Jarduera Plan bat egiteko. Urtero egingo den plan horretan, aldi horretarako helburuak eta proiektuak zehaztuko dira, bai eta horiek betetzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta bitarteko teknikoak eta ekonomikoak ere.