euskaraespañol

Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendari hautatu dute

Ingeniaritza Mekanikoko katedradunak azken 16 urteetan zuzendari izan den Enrique Amezua ordezkatuko du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/31

Irudia
Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzaren argazkia

 Charles Pinto Ingeniaritza Mekanikoko katedraduna izendatu dute gaur Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendari datozen lau urteetarako. Charles Pintok Enrique Amezua ordezkatuko du. Atzoko hauteskundeetan emandako 125 botoetatik, Charles Pintoren hautagaitzak botoen %79 baino gehiago lortu ditu (99 boto), eta gainerakoak boto zuriak izan dira.

1993an, Charles Pintok Industria Ingeniaritzako titulua lortu zuen ENSIMEVen (Frantzia), 1994an, Valenciennesko Unibertsitateko D.E.A. (Frantzia), eta 2001ean, Industria Ingeniaritzako doktore titulua, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). 2017tik, Unibertsitateko katedraduna da Ingeniaritza Mekanikoko Departamentuan, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Orain arte Charles Pinto Nazioarteko Harremanetarako zuzendariordea izan da Enrique Amezuak zuzendutako taldean.

Bere ikerketa-gaiak honako hauek dira: zinematika eta zinematika makina paraleloen dinamika; manipulagailuen eta roboten diseinua; mekanika konputazionala eta egiturazko arazoen zenbakizko analisia elementu finituen metodoaren (FEM) bidez. Aurreko arloen aplikazio-eremuak industria-makinak, automobilak eta gailu biomedikoak dira. Gainera, 2008az geroztik, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Bizkaia Taldearen Faculties Advisors-etako bat da.

Charles Pintok Enrique Amezuaren lekua hartuko du. Enrique Amezua industria Ingeniaria da Mekanika espezialitatean (1986) Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Industria Ingeniaritzan Doktorea (1988), Ingeniaritza Mekanikoko katedraduna 2002tik eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria 2005etik.

Enrique Amezuak, zuzendari gisa egin duen ibilbidean, ingeniaritzako titulazioak Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura (Bolonia Plana) egokitzeko lana kudeatu du.

Azken urteotan, Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola, Meatze eta Herri Lanetako Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eta Nautikako eta Itsasontzi Makinetako Goi Eskola Teknikoa eskola bakar eta berri batean bateratzeari ekin dio.

Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendari berriaren erronken artean, nazioartekotzea eta enpresa-ingurunearekiko harremana bultzatzen jarraitzea dago, titulazio berrien definizioa barne.

Charles Pintok zuzentzen duen taldea hauek osatuko dute: Ion Agirre, Ikasle zuzendariordea; Inés Pellón, Kalitate zuzendariordea; Javier Sánchez-Beaskoetxea, Irakaskuntza Nautiko zuzendariordea; Federico Pérez, IKT zuzendariordea; Jaime Jiménez, Azpiegitura eta Ekipamendu zuzendariordea; Itziar Martija, Ikasketa Antolamendu zuzendariordea (graduak); Susana Uriarte, Ikasketa Antolamendu zuzendariordea (graduosteak); Asier Zubizarreta, Ikasketa Plan zuzendariordea; Ester Zuza, Irakaskuntza Plangintza zuzendariordea; Alberto Oleaga, Enpresarekiko Harreman zuzendariordea; Saioa Herrero, Nazioarteko Harreman zuzendariordea; eta Carolina Rebollar, idazkari akademikoa.