euskaraespañol

Euskal zientzia James Webb teleskopioaren aurkikuntzen lehen lerroan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/20

Irudia
Galaxien eraketa unibertso goiztiarrean | Argazkia: NASA

Aurkikuntza astronomikoen garai berri bati ekin zaio duela egun batzuetatik James Webb teleskopio espazial berriak emandako datuei esker. Tom Broadhurst, Ikerbasque astrofisikaria UPV/EHUn eta DIPCko kidea, izan da aitzindarietako bat, teleskopio espazialak egindago kosmosaren sakonera handieneko irudiaren lehen azterketan parte hartu baitu.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerbasque Irakaslea eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) kidea den Tom Broadhurst astrofisikaria partaide duen zientzialari talde bat lehenengoa izan da – nazioarteko beste talde batekin batera – James Webb Teleskopio Espazialak (JWSP) egindako unibertsoaren irudi goiztiarrena aztertzen.

Broadhurst eta bere kolaboratzaileak jo ta ke aritu dira lanean, uztailaren 11n, Estatu Batuetako Joe Biden presidenteak dagoeneko mundu mailan ezaguna egin den SMACS 0723 galaxia-kumuluaren irudia bereizmen osoarekin ezagutzera eman zuenetik.

Hiru egunez, burubelarri aritu dira zientzialariak irudian grabitazio-lente efektuaren ondorioz errepikatzen diren hondoko galaxiak aztertzen. Grabitazio-lente efektua gorputz supermasiboek sortzen duten fenomenoa da; hondoko espaziotik datorren argia konbergitu, eta astronomoei urruneko eskualdeak modu naturalean behatzea ahalbidetzen die. Ikerketan, 16 galaxia errepikatu detektatu dituzte, eta horiei esker SMACS 0723 berreraiki eta materia iluneko eremuak kalkulatu ahal izan dituzte.

Lehen emaitza hauek, kumulua, beste teleskopio batzuekin aurretik egindako ikerketen arabera uste baino luzeagoa dela iradokitzen dute, ziurrenik galaxia kumulu handiekin izandako fusioen ondorioz.

Kantabriako Fisika Insitutuak (UC-CSIC) ere parte hartu du beste zenbait herrialdetako zientzialariek osatutako ikerketa taldean; Estatu Batuak, Erresuma Batua, Malta edo eta Israel, besteak beste.

Garai berria astronomiarentzat

Berriki inauguratu den James Webb teleskopio espazialak —2021eko abenduan jaurti zen— aro berri bat ireki du behaketa astronomikoan. Infragorrian duen funtzionamendu-tarteak eta argi ahula detektatzeko gaitasuna direla eta - Hubble teleskopio espazialak baino bi aldiz magnitude ahulagoa du -, aurrekaririk gabeko sakontasuneko irudiak hartu ahal izango dira, unibertsoaren hastapenetara gehiago hurbiltzea ahalbidetuz.

James Webb teleskopioan jarritako itxaropenak handiak dira. Lehenengo kumuluak —harizpiak, galaxiak eta hidrogeno eta heliozko izarrak— noiz sortu ziren aztertzea espero da, eta eremu sakonean aurrera egitea, materia grabitatearen ondorioz lehen aldiz kolapsatzen hasi zen unera iristeko. Horrek guztiak, berebiziko garrantzia izango du jatorrizko unibertsoaren kimika nola sortu zen eta eboluzionatu zuen ezagutzeko.

Hurrengo hilabeteetan, Broadhurst eta bere lankide Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta DIPCko kide George Smoot Nobel Sariak datu berri hauetan detektatutako materia iluna uhin edo partikulaz osatua dagoen jakitera heldu nahi dute. Irekita dagoen galdera zabala da hau, galaxien, izarren eta bizitzaren jatorriari dagokionez ondorio sakon eta desberdinak dituena.
Gainera, euskal ingurune zientifikoan, astrofisikaren eta kosmologiaren alorreko zenbait ikertzaile James Webb teleskopio espazialak emandako datuekin arituko dira, zuzenean edo zeharka, hemendik aurrera. Zerrenda Mariam Bouhmadi López (Ikerbasque at UPV/EHU), Silvia Bonoli (Ikerbasque DIPCn) eta Nate Bastian-ek (Ikerbasque DIPCn) osatzen dute, besteak beste.

Tom Broadhurst

Tom Broadhurst astrofisikaria Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerbasque irakaslea da Fisika Teorikoaren Sailean, eta baita DIPCko kidea ere. Fisikan doktorea da Durhameko Unibertsitatetik (Ingalaterra), eta bere ikerketa behaketa-kosmologian, materia ilunean, grabitazio-lenteetan eta galaxien eraketan lerratzen da. Gainera, ibilbide luzea egin du teleskopio eta satelite handien erabileran. Broadhurstek NASAren Sari Berezia irabazi du, Hubble teleskopioaren “Advanced Camera” misio arrakastatsuagatik. 20 urte baino gehiagoko esperientzia du Erresuma Batua, Estatu Batuak, Alemania, Israel, Japonia eta Taiwaneko zientzia erakundeetan. Ibilbide guzti horren ondoren, salto egin zuen euskal zientziara Tel Aviveko (Israel) Unibertsitateko Fisika eta Astronomia Sailetik.