euskaraespañol

Marta Macho-Stadler

Zientzialari kateatuak: erreferentziazko emakumeen bost istorio

Matematika Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/21

Irudia
Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Duela zazpi urtetik, urtero, otsailaren 11n, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da, «emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta partaidetza erabatekoa eta bidezkoa izatea lortzeko eta, gainera, genero berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea lortzeko».

Nahiz eta, osotasunean hartuta, goi mailako ikasketak egiten dituzten emakumeak gizonak baino gehiago izan, diziplinen araberako banaketa oraindik oso desparekatua da; karrera zientifiko-teknologiko batzuetan emakumeen kopurua kezkagarria da, oso txikia delako, eta, are gehiago, horietako batzuetan proportzioa txikitzen ari da.

Zientziaren eta teknologiaren arloetako erreferentziazko emakumeak ezagutzeak diziplina horiek neskengana hurbiltzen lagun dezake eta beren eskolatzean hautuak egiten laguntzen dieten pertsona guztiak inspiratu ditzake.

Gaur, horietako bosten istorioak ekarri ditugu; elkarrekin lotutako istorioak. Has gaitezen bost emakumezko zientzialari «kateatuekin».

Bertha, asmatzailea

Bertha Benz Carl Benz ingeniariaren emaztea zen. 1886an, senarrak atzeko trakzioa zuen hiru gurpileko automobil baten Alemaniako patentea lortu zuen: Benz Patent-Motorwagen-arena.

1888ko abuztuaren hasieran, Carlek jakin gabe, Berthak gurdia sustatzea erabaki zuen. Horretarako, bere bi semeekin bidaiatu zuen, amaren etxeraino. Mannheim-etik Pforzheim-era joateko ehun kilometro inguruko ibilbidea egin behar zuen; aurretik, inork ez zuen inoiz halako distantzia handirik egin automobil batean.

Ibilgailu haren funtzionamendua ondo ezagututa, Bertha 1888ko abuztuaren 5eko goizaldean abiatu zen eta bide luze hartan hainbat arazori aurre egin behar izan zien: bere ileko pintzetako bati esker, pizte sistemako matxura bat konpondu zuen; bere ligetako bat erabiliz kable elektriko zuritu bat konpondu zuen; bere txapeleko orratz batez baliatuz erregai hodi buxatutako bat libratu zuen… Hori guztia gutxi balitz, transmisio kate bat hautsi egin zen; orduan, errementari bati laguntza eskatu behar izan zion konpondu ahal izateko.

Pforzheimerako bidean, ibilgailuak aldapak igo eta jaitsi behar izan zituen; motorrak nahikoa potentzia ez zuenez, Eugen-ek eta Richard-ek (bere semeak, 15 eta 13 urtekoak) igo beharreko aldapa batzuetan ibilgailua bultzatu behar izan zuten. Gorabehera horien guztien ondoren, abuztuaren 5 hartako iluntzean iritsi ziren Bertha eta bere semeak Pforzheimera. Egun luzea izan zen eta ahalegin asko egin behar izan zituzten automobil hark funtzionatzen zuela frogatzeko. Hiru egun geroago, Bertha Mannheimera itzuli zen, Benz Patent-Motorwagena gidatuz, noski.

Publizitatea lortzeaz gain, benztarrek zenbait hobekuntza egin zituzten, Berthak bidaiako esperientzien ondoren egindako iradokizunei esker. Besteak beste, aldapak igotzeko engranaje osagarri bat jartzea eta balaztatzearen potentzia hobetzeko larruzko forru batzuk eranstea («balazta pastilla» batzuk) proposatu zuen Berthak.

Gladys, programatzailea

Berthak ez zuen GPS bat erabili behar izan bidaia egiteko. Kokapen sistema global hori urte asko geroago iritsi zen, Gladys West matematikariaren eta bere taldearen lanari esker.

Gladys programatzaile gisa hasi zen lanean Dahlgrengo itsasontzi basean (Virginia, AEBak), 1950eko hamarkadan: satelite bidezko behaketak analizatzeko behar ziren datuak prozesatzeko makinak erabiltzen zituen; makinak oso oinarrizkoak ziren, artean.

1970eko hamarkadaren erdialdean, Seasat-en ekipoaren zati bat garatu zuen proiektuaren zuzendari bihurtu zen. Seasat lurreko ozeanoak urrutitik aztertzeko proiektatutako lehenengo satelitea izan zen: orbitan jarri zen irekitze sintetikoko lehenengo radarraz hornituta zegoen.

Westek IBM 7030 bat programatu behar zuen, Lurraren formaren eredu ahalik eta zehatzena garatzeko. Horretarako, algoritmo konplexuak sortu behar izan zituen, forma esferiko perfektua distortsionatzen duten grabitate indarren, mareen eta bestelakoen ondoriozko aldaketak aintzat hartuta. Satelite eredu horiek, hasieran helburu militarrekin sortuek, urte batzuk geroago GPSek oinarri duten teknologia garatzeko erabiliko ziren.

Katherine, kalkulagailua

Gladys Westen lana oso konplexua zen: askotariko datu base erraldoiak zehaztasun handiz erabili behar zituen, eredu eta prozedura egokiak zehatz-mehatz sortu behar zituen, bere kalkuluek espero zen erabilgarritasuna izan zezaten. Oinarrizko ordenagailuak erabiliz egin zuen eta horixe egin zuen Katherine Johnson matematikariak ere, zeina NASAn ari zen lanean, agentzia hori kalkuluak egiteko ordenagailu elektronikoak erabiltzen hasi zenean, 1962an.

Katherine 1953an kontratatu zuten, Gida eta Nabigazio Sailean kalkulu lanak egiteko. «Mendebaldeko emakumezko kalkulagailuak» taldeko kide bihurtu zen; hau da, emakume afroamerikarren taldekoa. Haiek emakumezko zuriz osatutako «ekialdeko emakumezko kalkulagailuak» taldetik aparte egiten zuten lan, Virginian indarrean zeuden Jim Crow legeei jarraituz.

Batzuek eta besteek Ameriketako Estatu Batuei Sobietar Batasunaren aurrean zenbait garaipen lortzen lagundu zieten Gerra Hotzean, espazioa menderatzeko borroka tematian.

Estatuko Agentziak etekin handia atera zuen, ez giza kalkulagailu horien lan onari esker bakarrik; emakume haietako gehienak ez profesionaltzat hartuz –horietako asko matematiketan edo fisikan diplomatuta zeuden arren– eta horregatik soldata txikiagoak emanez, bere balantze ekonomikoa hobetzea ere lortu zuen.

Eragiketak eta frogantzak kalkulagailu mekanikoen laguntzaz egiten zituzten, beren trebetasunaz, kalkulu arauez, arkatzaz eta paperaz baliatuz. Ingeniari aeronautikoek ematen zieten informazioa partziala zen, dokumentu sekretuetatik zetorrelako. Bere gaitasun matematiko bikainari esker, Katherine mendebaldeko taldetik atera zen eta ingeniariekin zuzenean lan egin zuen.

Berak kalkulatu zuen Mercury programako jaurtiketa leihoa (NASAk 1961 eta 1963 artean garatu zuen). Katherinek kalkulatu zuen, halaber, Alan Shepard-en hegaldi espazialaren ibilbide parabolikoa 1961ean, Juri Gagarin kosmonautak lehenengo hegaldi orbitala egin eta hogeita hiru egunera.

Katherinen matematikako trebetasunak hain ziren handiak, ezen NASAko «giza kalkulagailua» izaten jarraitu baitzuen ekipo informatikoekin lanean hasi zirenean ere. Ekipo horiek erabiltzen ere ikasi zuen: John Glenn 1962an Lurraren inguruko hegaldi orbitala egitera eraman zuten ordenagailuko kalkuluak egiaztatu zituen. 1969an Armstrong, Aldrin eta Collins ilargira eraman zituen Apolo 11 espazio ontziaren ibilbidea ere kalkulatu zuen.

Mareta, astrogeologoa

Apollo misioaren arrakasta pertsona askoren, emakume askoren, lanaren ondorio izan zen eta beren zeregina ez zen kalkulatzea eta programatzea bakarrik izan. Horietako bat Mareta West geologoa izan zen, zeina industrian petrolioaren arloko aditu gisa lan egitetik 1960an Apollo 11k zer lekutan ilargiratu behar zuen aukeratzera pasatu zen.

1970eko hamarkadara arte jarraitu zuen astrogeologo lanean; Maretak ilargiaren eta Marteren gainazalen azterketa izan zuen ardatz…

Marie, kartografoa

Maretak zeruari begiratzen zion, geologo batentzat bitxia izan arren. Baina urpean ere lurzoru asko daude. Eta Marie Tharp-ek horiek marrazten jardun zuen.

Harrigarria bada ere, Lamont Geologia Laborategian lana eskatu zuenean, marrazten ote zekien bakarrik galdetu zioten, matematikako eta geologiako graduatu tituluak besapean zeramatzan arren.

Gerra Hotzean, Ameriketako Estatu Batuek dirutza handia inbertitu zuten ozeanoak ikertzen, bai itsasontzi hondoratuak aurkitzeko, bai beren itsaspekoen nabigazioa errazteko.

Marie itsasoko lurzoruaren kartografiak egiten hasi zen, itsasontzi ozeanografikoetatik bidaltzen zizkioten datuekin; berak ezin zituen eskuratu, emakumea izateagatik. Eta bere bulegoan, 1953an, ozeano Atlantikoko rift-a deskubritu zuen, baina hasieran ez zioten sinetsi.

Tharpek Ipar Atlantikoko, Hego Atlantikoko eta Indiako Ozeanoko hondoak eskuz marraztu zituen. Bere marrazkiek ozeanoaren sakontasunean mendiak, haranak eta simak zeudela erakutsi zuten. Eta bere ilustrazioei esker, plaka teknonikoen eta kontinenteen jitoaren teoriak baieztatu ziren.

 

Bertha, Gladys, Katherine, Mareta eta Marie beren dohainei eta ahaleginari esker STEM diziplinak garatzen lagundu duten emakume ugarietako bost dira.

Otsailaren 11n txalotu egiten ditugu; urteko egun guztietan egin beharko genuke.