euskaraespañol

UPV/EHUko Medikuntzako bost graduatu, BAMEko (MIR) lehen 100en artean

Farmaziako lau tituludun, BAFEko lehen 50 postuetan, Zientzia eta Teknologiko Fakultateko bi, BAEFEkoetan, Erizaintzako bat, BAEEkoetan, eta Psikologiako bat BAPEkoetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/23

Irudia
Medikuntzako ikasleak praktikak egiten. ARGAZKIA: Mitxi / UPV/EHU

José María Villa Gonzalezek, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko graduatuak, 5. postua lortu du aurtengo BAME (Barneko Mediku Egoliarra) hautaketa-probaren behin-behineko emaitzetan. Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Irakasguneko ikasle horretaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateko beste lau titulatu joan den urtarrilaren 29an egindako probetan 100 onenen artean daude: Nerea Larrinaga Estebaranz (23.a), Arabako Unibertsitate Ospitaleko Irakasgunekoa; Iñigo Deba Ayarza (38.a), Gurutzetako Ospitaleko Irakasgunekoa; eta Alba Lecunberri Indart (50.a) eta Irene Hernández Zubelzu (80.a), biak Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Irakasgunekoak.

“Aurtengo BAME probetako lehenengo postuak aztertzen baditugu, esan dezakegu gure fakultatearen emaitzak apartekoak direla, kontuan hartzen badugu gure azken promozioak ehun nota onenetatik % 5 lortu duela, BAME deialdira aurkeztutako 13.090 hautagaietatik % 2,04 baino ez baita", esan du Joseba Pinedak, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak.

“Horrezaz gain –erantsi du Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak–, UPV/EHUko ikasle bat lehenengo 5 postuen artean dago, eta hiru gehiago 50 postuen artean daude; eta ez hori bakarrik, Medikuntza irakasten dugun hiru campusetako ikasleak dira, eta horrek haien arteko oreka erakusten du”. Pinedak dioenez, “deialdi honetako BAME postu onenen artean espero baino 3-5 aldiz proportzio handiagoa lortu dugu. Horrek berretsi egiten ditu azken 4 urteetan lortutako emaitzak, top100ean espero genuena gainditu baitugu beti”.

Guztira 13.090 hautagai aurkeztu ziren deialdi honetako BAME azterketetara, eta horietatik 9.934 hautagaik gainditu dute eskainitako 8.188 plazetako batean sartzeko proba; 2021eko edizioan baino % 2,5 gehiago.

Erizaintza, Farmazia, Erradiofisika eta Psikologia

Medikuntzako espezialitateaz gain, aurtengo Osasun Prestakuntzako deialdian, 10.634 hautagai aurkeztu dira gainerako espezialitateetan eskaintzen ziren 2.446 plazetako bat lortzeko: BAEE (Erizaintza), BABE (Biologia), BAFE (Farmazia), BAPE (Psikologia), BAKE (Kimika) eta BAEFE (Erradiofisika).

Zehazki, Erizaintzako 7.915 titulatuk eman zuten izena BAEE probetan, aurten eskaintzen diren 1.822 plazetako bat lortzeko; Farmaziako 1.712k BAFEko 309 plazetarako; 4.460k, Psikologiako 204 plazetarako (BAPE); Biologiako 1.109 titulatuk, 46 BABE plazetarako, 243 kimikarik BAKEko 22 plazetara, eta Ospitaleko Erradiofisikako BAEFE probetara 247 aurkeztu ziren, 43 plazetako bat lortzeko.

Erizaintza espezialitatean (BAEE), Euskal Herriko Unibertsiateko hiru titulatu ehun lehen postuetan kokatu dira: Arrate Cardaño Peña bigarren izan da; Leire González Rudiez, 64. postuan, eta Leire Legorburu Brezmes, 100.ean.

Farmaziako espezialitatean (BAFE), UPV/EHUko bi graduatu lehenengo hamarren artean sailkatu dira: Mireya López Gilete (4.a) eta Maider Zuriarrain Alonso (8.a); eta beste lau lehenengo ehunen artean: Jaime Llata Ortega (30.a), Inés Moral Presa (40.a), Nagore Gómez Echevarría (53.a) eta Oumayma Boujediane Derrous (72.a). Mirari Ayerbe Farmazia Fakultateko dekanoak adierazi duenez, “benetan harro sentitzeko modukoak dira emaitza hauek, fakultatean jasotako formakuntzari euren esfortzuarekin atera dioten etekinagatik”.

Bestalde, Ospitaleko Erradio Fisikoa (BAEFE) espezialitatean, Daniel Vera Tenak, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Modelizazioa eta Ikerkuntza Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa masterra egiten ari denak, laugarren postua lortu du, eta hiru postu geroago, zazpigarrena, UPV/EHUko Fisikako titulatu Jon Cipitria Herrero geratu da. Kimikako espezialitatean Ruben Conde González 43. postuan gelditu da, baina 22 lanpostu baino ez ziren eskaintzen.

Fernando Plazaola Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak nabarmendu duenez, “oso pozgarria da Zientzia eta Teknologia Fakultatearentzat, bi ikaslek kalifikazio ona lortu baitute oposizio lehiakor horietan. Era berean, emaitza hori Fakultateak irakaskuntzan duen zeregin onaren erakusgarri da, bai graduko titulazioetan bai masterretan”.

Azkenik, Maia Larrayoz Iribarrenek, Psikologia Fakultateko graduatuak, BAPE probetako lehen ehun postuen artean kokatzea lortu du, 30. postuan hain zuzen. Lehenengo 200 graduatuen artean eta, beraz, plaza hartzeko aukerarekin, zentro horretako beste hiru graduatu jarri dira: Elena Leon San Emeterio (129); Alba Arellano González (148); eta Sheila Martínez de Lahidalga González de Bertolaza (171). Gabriela Chotro dekanoak adierazi duenez, “UPV/EHUko Psikologia Fakultateko lau egresatuk barne-psikologo egoiliar plaza lortu dute joan den urtarrilaren 29an egindako azken deialdian. Gure zorionik zintzoena. Badakigu proba horiek oso lehiakorrak eta zailak direla. Izan ere, psikologo hautagaien % 5ek baino gutxiagok lortzen dute plaza. Horregatik, bereziki balioesten dugu parte hartzen duten pertsona guztien ahalegina, plaza lortu duten ala ez; eta pozten gara jakitera gure zentroko lau titulatu horiek lortu dutela. Zorionak guztioi, eta zorte on zuen ibilbide profesionalarekin.”

Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektorea ere zoriondu egin da emaitza hauengatik: “UPV/EHUko ikasle askok, Osasun Prestakuntza Espezializatuko proben edizio honetan, ebaluazioa gainditzea lortu dute, eta, kasu askotan, oso postu nabarmenak lortu dituzte. Gainera, probaren hainbat diziplinatan egin dute, eta hiru unibertsitate campusetakoak dira. Euskal Herriko Unibertsitateak prestakuntza bikaina eskaintzen du, eta hori agerian geratzen da horrelako hautaketa-proba zorrotzetan. Zorionak eman nahi dizkiet gure erakundea hain toki onean utzi duten ikasleei, eta orain hasten diren bizitza profesionalean onena opa diet”.

Kategoria guztien emaitzak hemen kontsultatu ahal dira

https://fse.mscbs.gob.es/fseweb/view/public/listadospublicados/listado.xhtml