euskaraespañol

UPV/EHUren adierazpena, ikasle talde bat Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatetik kanporatu izanaren inguruan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/25

Ikasle talde bat Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatetik kanporatua izan dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak honako hauek adierazi gura ditu:

Joan den astelehenean, goizeko lehen orduan, ikasle talde bat fakultateko lokal batera sartu zen, bertan zegoen garbitzailea kanporatu zuen, tokia okupatu eta sarraila aldatu zuen, publikoki adieraziz, hortik aurrera espazio hori «langileen kontrolpean» zegoela.

Hortik aurrera, unibertsitatea harremanetan egon da (dekanotza taldearen eta ikasleen zuzendaritzaren bidez, esaterako), espazio hori erabilera publikorako itxi duen taldearekin, eta elkarrizketa izan du okupatzaileekin irtenbide baketsu eta bideragarri bat aurkitzeko.

Horrela, asteazken arratsaldean unibertsitateak elkarrizketa zabal eta irekirako proposamena helarazi die okupatzaileei, ikasle talde horren eskariak aztertzeko, baldintza bakarra jarrita: okupazioa bertan behera uztea.

Ikasle taldeak uko egin dio, argi eta garbi eta behin eta berriro, lokaletik irteteari.

Asteartean hasi eta asteazken gauean kanporatua izan den arte, taldea barruan geratu da. Hasiera batean 60 pertsona egotera heldu ziren aretoan giltzapetuta, baimendutako edukiera gaindituta alegia, pandemiagatik ezarritako segurtasun neurriak kontuan harturik. Kanporatu dituztenean 35 pertsona zeuden barruan.

Egoera honen aurrean —espazio publiko bat bidegabeki erabili eta asaldatu dutelarik, eta pandemiagatik ezarritako segurtasun arauak hautsi— ostegun goizaldean Ertzaintzak kanporatu egin ditu pertsona horiek modu baketsuan. Horrela, bere erabilera publikoa itzuli zaio okupatutako espazioari, eta bete beharreko segurtasun baldintzak berrezarri dira eraikin horretan, non ehunka pertsona ibiltzen diren egunero.

Euskal Herriko Unibertsitateak berriz adierazi nahi du pertsonen osasuna ezin eztabaidatuzko ondasuna dela eta, egungo egoeran, inork ez dezakeela arriskuan jarri. Baina, horretaz gain, gogoratu nahi du gizarte demokratiko batean ez dela zilegi egitateen bidea hartzea, arauak haustea eta indarraren bidez ezer inposatzea.

Ikasle elkarte eta talde orok, unibertsitateko kolektibo guztiek bezalaxe, eskubide osoa dute dagozkien lokalak erabiltzeko. Horretarako badira protokolo eta formula egokiak, eta behar diren erraztasun guztiak. Ikasleen Kontseiluak, ikasleen ordezkaritzarako zilegizko organoak, baditu bere espazioak unibertsitatean, erabateko autonomiaz jarduteko. Bestalde, beren ordezkaritza organoen bitartez, ikasleek badaukate baliabide ekonomikorik eta are administrazioko langilerik ere beren zerbitzuan.

Ezin daiteke espazio publiko bat hiru egunez okupatu eta uko egin egoera bere onera itzultzeko elkarrizketa orori. Unibertsitateak irekita jarraitzen du, kasu guztietan eta uneoro, unibertsitateko edozein kolektiborekin mintzatzeko eta haren eskariak entzuteko, baina onartezina deritzo egitateen bidea hartzeari presio neurri gisa norberaren helburuak lortzeko.

Horretaz guztiaz gainera, unibertsitateak berriz azpimarratzen du onartezina dela, COVID19aren pandemiak herritar guztiak egoera ikaragarri larri batean jarri dituen honetan, ezein kolektibok urratzea, ez bakarrik elkarbizitzaren arauak, baina baita osasun segurtasunerako ezarrita dauden neurriak ere. Alde horretatik, unibertsitateak aitortu egin nahi du unibertsitateko kideek egunero erakusten duten konpromisoa segurtasun neurriok betetzeko, horrixe esker eduki ahal izan baitugu zabalik unibertsitatea.

Leioa, 2021eko otsailaren 25a