euskaraespañol

Jon Irazusta eta Ana Rodriguez Larrad

Ariketa fisikoa egin beharko al lukete minbizia duten pazienteek? Bost galdera eta erantzun

Fisiologia Saileko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/15

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Duela gutxira arte, atsedena hartzea zen minbizia zuten pertsonentzako gomendio orokorra. Horrek logikoa zirudien, nekea gaixotasunaren sintoma oso ohikoa baita.

Hala ere, gero eta onartuago dago tratamendu onkologikoan dauden paziente gehienentzat gomendagarria dela ariketa fisikoa egitea. Artikulu honetan aldaketa horren arrazoiak azalduko ditugu.

1. Zer onura dakarzkie ariketa fisikoak minbizia duten pertsonei?

Ebidentzia sendoek erakusten dute ariketa fisikoak gaixoen nekea arintzen duela, haien bizi kalitatea hobetzearekin batera. Halaber, ikerketa horiek aurkitu dute murriztu egiten dituela diagnostikoarekin eta tratamenduarekin lotu ohi diren loaren asalduak, antsietatea eta depresioa.

Era berean, ariketa fisikoak aurre egin diezaioke muskulu masaren, hezurraren dentsitatearen eta gorputzaren funtzioaren galerari, zeina minbiziak berak eta minbiziaren aurka erabiltzen diren terapiek eragiten duten. Hori oso garrantzitsua da autonomia pertsonalari eusteko eta mendekotasuna saihesteko.

Azkenik, ariketa fisikoak areagotu egin dezake kimioterapiarekiko tolerantzia eta, ondorioz, tratamenduaren jarraipena. Gainera, albo ondorio batzuk murriztu ditzake, min neuropatikoa, esaterako.

2. Gaixoen biziraupena areagotzen al du?

Galdera horrek oraindik ez du erantzun argirik. Alde batetik, lan askok iradokitzen dute, diagnostikatutako pertsonen artean, biziraupen tasa handiagoak dituztela fisikoki aktiboak direnek aktiboek ez direnek baino. Hala ere, azterketa esperimental gutxik frogatzen dute ariketa fisikoak biziraupenean duen eragina. Gehiago ikertu behar da emaitza itxaropentsuak berresteko.

3. Minbizi mota guztientzat al da gomendagarria?

Nazioarteko erakunde askok uste dute gaitzaren edozein agerpen motaren arreta integralean sartu beharko litzatekeela ariketa fisikoa. Gaixotasunaren fase aurreratuetan eta adineko pazienteengan ere onurak ikusi dira.

Gehiago dena, oraindik errealitate orokortua ez den arren, gero eta unitate gehiago daude ariketa fisiko onkologikoa lantzeko. Horietan, berariaz prestatutako profesionalek pertsona bakoitzaren hasierako balorazioa egiten dute ariketa fisikoa egiteko programa bat hasi aurretik.

Aldez aurreko ebaluazioa egitea ezinbestekoa da, izan ere, tumore batzuek berezitasunak dituzte eta beharrezkoa izaten da zenbait neurri hartzea. Hori gertatzen da hezurretako minbiziaren kasuan; izan ere, ez dira gomendatzen inpaktua eragiten duten edo kaltetutako hezurrak konprima ditzaketen ariketak.

Gainera, funtsezkoa da pertsonaren egoera ezagutzea, ariketen dosia eta intentsitatea egokitzeko. Hor sartzen da muskulu taldeen potentzia, gaitasun aerobikoa eta nekearen eta minaren presentzia eta ezaugarriak ezagutzea, besteak beste.

Datu horietatik abiatuta, helburu pertsonalizatuak dituzten programak diseinatzen dira, gaixotasunaren edo haren tratamenduaren sintomak prebenitu edo murriztu ditzaketenak. Ariketa fisikoa tratamendu hori prestatzera ere bidera daiteke (batez ere, kirurgia).

Azkenik, ez da ahaztu behar pertsona bakoitzak fase ezberdinak izango dituela prozesu onkologikoan, eta horrek zehaztuko ditu une bakoitzeko berariazko premiak.

4. Zein ariketa dira egokienak?

Batez ere, gaitasun aerobikoa hobetzeko eta muskuluak indartzeko ariketak biltzen ditu ariketa fisiko onkologikoko programa batek. Berariaz diseinatzen da paziente bakoitzarentzat, eta intentsitate arinean egiteko ariketa errazekin ekingo zaio. Ariketak progresiboak izango dira intentsitate moderatuetara iritsi arte, egokitzapenak egin behar ez badira behintzat, gaixotasunaren bilakaeraren eta tratamenduaren ondorioz.

Pauten arabera, entrenamendu aerobikoa egin behar da astean hiru egunetan, gutxienez, eta saio bakoitzean, gutxienez, 30 minutu. Horien artean daude zenbait jarduera, besteak beste, arin ibiltzea, bizikletan ibiltzea, igeri egitea eta dantza egitea.

Indartzeko entrenamenduari dagokionez, astean bi egunetan egitea komeni da, gutxienez. Saio horietan, muskulu talde nagusiekin pisua mugitzeko bi ariketa segida egin beharko lirateke, gutxienez. Kanpoko kargekin zein norberaren gorputzarekin egin daiteke lan, esaterako, kokorikatzeak (sentadilla) eginez.

Garrantzitsua da aipatzea orain dela gutxi arte ez zela gomendatzen linfedema (likido linfatikoaren metaketa) duten pazienteek indar ariketak egitea –linfedema ohiko konplikazioa da gongoil linfatikoak erauzi edo irradiatzen direnean–. Batez ere bularreko minbizietan gertatzen da, baina baita buruko eta lepoko minbizietan ere.

Hala ere, gaur egun badakigu indar ariketak seguruak direla kasu horietan ere, intentsitate baxuan hasi eta poliki aurrera egiten bada. Batez ere, zaintzapean egiten badira.

Helburua da pertsona bakoitza, programaren amaieran, autonomoa izan dadila bizitza aktiboa izateko. Horri esker, bere gaitasun funtzionalari eta bizi kalitateari eutsi ahal izango die, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duen bezala. Era berean, funtsezkoa da pazienteak ulertzea zein garrantzitsua den, ahal den neurrian, sedentarismo aldi luzeak saihestea.

5. Zer espero dezakegu etorkizunean?

Gaur egun, ikerketa ugari egiten ari dira ariketa fisikoak minbizia duten pertsonengan duen eragina ezagutzeko. Etorkizun hurbilean ebidentzia gehiago egongo dira, ariketa fisikoaren programak gaixotasun horren mota eta fase gehiagotara egokitzeko.

Era berean, litekeena da ariketa fisiko onkologikoko unitateak eta pazienteei egokitutako programen eskaintza orokortzea. Horretarako, profesional gehiago prestatu beharko dira, gaixo onkologikoentzako ariketa fisikoko programak ebaluatu, diseinatu eta zuzentzeko.

The Conversation