euskaraespañol

Doktorego tesien defentsa telematikoa

UPV/EHUk, salbuespenez, aukera hori eskaintzen du berrogeialdiaren ondorioei aurre egiteko

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/01

Irudia
Ruth Prieto Montero eta Iker Etxeberria Ayllon.

Gauden egoera dela eta, eta aldi horretan doktorego tesien defentsa aukera bermatzeko, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzaren bitartez, ebazpen bat onartu du, salbuespenez eta COVID-19aren epidemiari loturiko neurriak indarrean diren artean, aldi horretarako aurreikusitako doktorego tesien defentsa bideokonferentziaz edo bestelako online bitartekoez egin ahal izateko, doktoregaiaren eta tesien epaimahaikideen arteko interakzioa ahalbidetuta.

Doktorego ikasketak kudeatzeko araudian jada aurreikusita dago doktorego tesiak bideokonferentziaz defendatu ahal izatea kasu jakin batzuetan, eta egungo egoerarekin eta epidemia ekiditeko hartu diren neurriekin, beharrezkoa suertatu da premiazko konponbideren bat eskaintzea aipatu prozedura egokitu eta jarduera akademiko horrekin jarraitzeko. Hala, pasa den martxoaren 13tik, eta prozedura horri jarraikiz, UPV/EHUn, guztira, 12 doktorego tesi defendatu dira.

 

Aribideko konponbideak

Ruth Prieto Monterok pasa den martxoaren 13an defendatu zuen bere tesia (Novel systems for bioimaging and photodynamic therapy: BODIPY dyes and silica-based nanocarriers) Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Epaimahaikideetako batek defentsa bertatik bertara jarraitu zuen, eta beste biek, aldiz, modu telematikoan. COVID-19aren ondoriozko murrizketak ezartzen hasi ziren astean izan zen, hain juxtu, eta, beraz, prozedura berria izateak arazo batzuk ekarri zituen, defentsa egin ahala sortu eta konpondu behar izan zirenak. «Metodo bat baino gehiago probatu genuen, Blackboard Collaborate topatu genuen arte. Sistema erabilerraza iruditu zitzaidan, eta, egoera kontuan hartuta, kezka nagusia nire defentsa esandako egunean egin ahal izatea zen».

Eguna iritsi, eta guztia ondo atera zen. Eragozpen teknologikoak konponduta, ez zuen alderik sumatu tesiaren defentsa telematikoa egiterakoan, bai ordea inor gabeko areto bati aurre egiteko garaian, ez baitzen ohiko egoera. «Tesi orok berekin dakarren lan eta ahalegin handia eta gero, defentsa telematikoa eta ia ateak itxita izateak nahi adinako “buruargitasunez” ez aritzea eragin zidan. Esaterako, ezinezkoa izan zen nire familiakoak eta lagunak ekitaldian egotea, eta une hori haiekin bizi nahi nuen», dio doktore berriak.

“Gustatuko zitzaidakeen une hori familia eta adiskideekin partekatu izana”

Fakultateko multimedia teknikarien lana funtsezkoa izan zen, defentsaren prestakizunetan eta defentsan bertan lagunduta. «Multimedia teknikarien lana goraipatu nahi dut, une oro lagundu baitziguten, hura guztia errazago egiteko; esaterako, konektatuta zeuden epaimahaikideen audio arazoak konponduta. Modu telematikoaren eta presentzialaren artean desberdintasun nagusi bat sumatu nuen, batez ere, galderen atalean, ez baitira aurrez aurrekoak», dio Ruthek.

Trantze horretan, urduritasuna da gakoa, lana aztertuko duen epaimahai bati aurre egin behar zaionez. Baina Ruthek aitortu zuenez, aurreko astean izandako arazo guztien ondoren, «gauza bakarra nahi nuen; nire tesia lehenbailehen defendatu. Nago egon nintzena baino nabarmen urduriago nengokeela baldintza “normaletan”. Beraz, esan liteke parean epaimahaikide bakarra egotea positiboa izan zela, eta lasaiago egon ahal izan nintzela».

 

Auditorium hutsaren aurrean

Martxoaren 13an bertan, alarma egoera ezarri baino ordu batzuk lehenago, Iker Etxeberria Ayllonek bere doktorego tesia defendatu zuen (Afectos olvidados. Mujeres de la élite vasca en el siglo XVIII) Letren Fakultateko gradu areto ia guztiz hutsean. «Esperientzia arraroa izan zen oso; fakultatea hutsik, eta alboan tesiaren zuzendariak eta nire ama beste inor ez –dio-. Horiez gain, epaimahaiko idazkaria eta teknikari bat zeuden. Gainerako epaimahaikideak zein bere bulegoan edo etxean zeuden».

Guztia prest zegoen, baina pertsonen mugikortasunean epidemiaren hedapenaren ondorioz ezarri ziren aldaketak zirela medio, arian-arian bilatu behar izan ziren konponbideak. «Epaimahaia zehaztuta eta kideen egonaldiak itxita zeudela, defentsarako astebete falta zela, lehen kidea “erori” zen (irakasle frantziar bat zen; Frantziako gobernuak Gasteizera ez joateko gonbita egin zion). Ondoren, egunez egun, gainerakoek bertan ez zirela egongo jakinarazi zuten; hala, modu telematikoan egiteko baimena jaso genuen (idazkari lanak egin zituen epaimahaikideak izan ezik, UPV/EHUkoa bertakoa izanik) -dio Ikerrek-. Ez zen nahi genuena, defentsen ostean beti egoten delako tartea antolatu ohi den bazkarian solasean aritzeko, espezialistak hobeto ezagutzeko, etab., baina ez genuen beste erremediorik».

“Arrotz eta inpertsonala da kamera bati mintzatzea”

Ez zen arazo teknikorik egon; unibertsitateak erabilitako plataforma zein guztia behar bezala ateratzeko ardura zuen teknikaria bikain jardun ziren. Hala ere, «kamera bati hitz egitea oso bestelako kontua da, arrotza eta inpertsonala baita. Hori bai, aho batez eman zidaten bikaina eta doktore titulua nirekin daramatzat», nabarmendu du.

Tesiaren defentsan, beste zerbaiten falta ere sumatu zuen, alegia, urduritasunarena. Panorama berria aurrez onartzeak mesede egin zion horri. «Doktorego tesien defentsan, gehiago edo gutxiago, urduritasuna, emozioa eta gogoa espero dira. Nire kasuan ez zen halakorik egon. Izan liteke, bai, egoera hark defentsari zeharo etsita eta lasai aurre egiten laguntzea», adierazi du.

 

Salbuespenezkoa eta gomendatua

Baldintza normaletan, zaila da epaimahaikide eta zuzendari guztiak bat etorriko diren datak topatzea, doktorego tesiaren defentsa ekitaldia antolatzeko. Egungo baldintzetan, egun egokia topatzea are zailagoa da. Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateak modu telematikoan egiteko aukera eskainiko du, berrogeialdiak ekarri dituen mugikortasun zailtasunak gainditzeko. Esperientzia eta gero, bi doktoreek salbuespenezko bide hori gomendatzen dute zalantzarik gabe, ikerlan luzeari buru eman ahal izateko.

«Jakina, ez da nire doktorego tesia egiteko pentsatuta neukana -dio Ruthek-. Baina, zalantzarik gabe, defentsa egin ezin ez eta eperik gabe atzeratzea baino nabarmen hobea da. Gainera, nire doktoreaurreko kontratua otsailean amaitu zen, eta, zorionez, ikertzaile kontratua egin didate lanean ari nintzen ikertaldean. Bestela, langabezian nengoke, nire doktorego tesia noiz defendatuko zain. Egoera aski etsigarria litzateke. Beraz, era horretan egingo nuke berriro, eta horrela egitea gomendatzen dut».

Ikerrek ere nahiago zuen modu presentzialean defendatzea, «epaimahaiko espezialistak ezagutzeko, lotura profesionalak estutzeko, ospatzeko, etab. Nire kasuan, defentsatik atera eta etxera bueltatu behar izan nuen, berrogeialdia hastera. Iritsiko da ospatzeko unea. Izan ere, lehentasuna defentsa ona egin eta doktore titulua lortzea zen, horrek axola baitu. Beraz, beste erremediorik ezean, aurrera bide horretatik, inoiz baino egokiagoa baita».