euskaraespañol

Nazioarteko babes-eskaeren kopuruak behera egin du Euskadin

2021ean, % 44,1 jaitsi zen, eta beherako joerari eutsi dio 2019tik, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiaren ‘Panoramika’ berriaren arabera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/28

Irudia
Ukrainako emakume bat. EBk aurreikusten du herrialde horretako gerrak asilo-eskaria handitzea eragin dezakeela datozen asteetan. Argazkia: JBouchez - Own work, CC BY-SA 4.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=115622115

Euskal Autonomia Erkidegoak 1.724 asilo-eskaera erregistratu zituen 2021ean; hau da, aurreko urtean baino % 44,1 gutxiago, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak argitaratutako Panoramika berriaren arabera: EAEn nazioarteko babesa eskatzen dutenak 2021. Hala, eutsi egin zaio 2020an hasi zen beheranzko joerari, 2019tik % 36,1eko beherakadarekin, 3.085 eskaerarekin, hain zuzen ere.

Asilo-eskabideen bilakaera EAEn, absolutuak, 2006-2021

Lurralde historikoei dagokienez, Bizkaia izan zen 2021ean eskaera gehien jaso zituena 879 eskaerarekin (% 51); atzetik Gipuzkoa dator 549 eskaerarekin (% 31,8), eta Araba 296rekin (% 17,2).

Asiloa eskatzen duten pertsonen taldea zertxobait maskulinizatua dago: 2020an, EAEn babesa eskatu zutenen % 51,5 gizonak izan ziren eta % 48,5 emakumeak.

Jatorriari dagokionez, Panoramikak adierazten du 2020an asiloa eskatu zuten pertsonen jatorrizko herrialde nagusiak Kolonbia, Venezuela, Nikaragua, Honduras eta Peru izan zirela.

Bestalde, esan behar da 2020an aurkeztutako eskaera gehienak ezetsi egin zirela, Venezuelako herritarrenak izan ezik. Kasu horretan, gehienek arrazoi humanitarioengatik egoitza-baimena lortu zuten.

Euskal gizarteak pertsona asilatuei buruz zituen jarrera eta pertzepzioei dagokienez, 2021ean, euskal biztanleek, nagusiki, errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak hartzearen alde agertu ziren. Biztanleen % 35,2k uste du murrizketarik gabe hartu behar direla, eta beste heren batek (% 29,8k), berriz, pertsona horiek hartu nahi dituela, pertsegituak direla frogatu ondoren.

ikuspegi – inmigrazioaren euskal behatokiari buruz

2004. urtetik dago aktibo Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokia, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailari eta Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitako erakundea da. Helburua migrazio-fluxuek Euskadin duten eragina aztertzea, ezagutzea eta baloratzea da.

Besteak beste, Panoramikak argitaratzen ditu behatoki honek. Lau hilean behin egiten diren azterketak dira, eta Euskal Herrian bizi diren etorkinen eta atzerritarren inguruko alderdi zehatzak jorratzen dituzte.