euskaraespañol

Zeliakoen eguna

Glutena Aztertzeko UPV/EHUko Laborategia lanean ari da zeliakoen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/27

Irudia

Maiatzaren 27a Zeliakoen Eguna da Espainian; izan ere, Espainiako Zeliakoen Elkarteen Federazioak (FACE, gaztelaniazko sigletan) egun hori markatu du egutegian, zeliakoei ikusgaitasuna eta babesa emateko, kolektibo horren bizitza normalizatze aldera.

Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatearen Glutena Aztertzeko Laborategia 1998. urteaz geroztik ari da elikagaietako glutena eta zeliakia bera aztertzen. Zeliakoek eta proteina horrekiko sentikorrak direnek kontsumitzen dituzten elikagaiek glutenik ez dutela ziurtatzea da taldearen helburu nagusietako bat. Horretarako, lankidetzan aritzen dira zeliakoen eta kontsumitzaileen elkarteekin, elikagai industriekin, elikagaien fabrikatzaile txikiekin, sortzaileen elkarteekin eta tokiko eta erkidegoko administrazioekin. Helburu nagusia beti izan da zeliakoentzako elikagai egokiak lortzea, “Controlado por FACE” berme markaren baldintzen arabera, eta, azkenaldian, 828/2014 (EB) Erregelamenduaren baldintzen arabera –elikagaietan glutenaren presentzia txikiari edo absentziari buruzko informazioa kontsumitzaileei helaraztekoa–.

Gainera, uste dutenez patologiaren ezaugarriak ezagutaraziz hobeto ulertzen dela eta gizarteratzea errazten dela, bere beste lan ildo batzuk dira gizartean gaitz zeliakoaren inguruko informazioa zabaltzea eta jarduerak egitea zeliakoen kolektiboarekin eta glutenarekiko sentikortasuna dutenekin batera, edota horiei zuzenduak. Adibidez, LHko 5. eta 6. mailetako ikasleentzako unitate didaktiko bat sortu dute; glutenik gabeko dieta orekatua sustatzeko eta lekaleak, zerealak, fruta eta barazkiak dituzten platerak prestatzen ikasteko sukaldaritzako lantegiak antolatzen dituzte, eta herritar zeliakoei ikerketen emaitzak helarazten dizkiete mintegi eta biltzarretan.

Gaitz zeliakoari buruzko zenbait gida argitaratu dituzte, baita glutenik gabeko dieta diseinatzeko eta balioztatzeko software bat ere.