euskaraespañol

‘Amerikanuak' erakusketa artistikoa

Noiz eta non

Noiztik: 2016/09/19 Noiz arte: 2016/09/26, 18:30 - 20:00

Irudia

Deskribapena

Irailaren 20tik 26ra, 8:00etatik 20:00etara, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra Etorbidea 3, Bilbo), Amerikanuak, iparraldetik  hegoaldera erakusketa ikusgai egongo da. Bildumak Amerikako egonaldi artistikoetan parte hartu duten UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek egindako artelanak biltzen ditu.

Amerikanuak erakusketa Arte Ederren Fakultatean ikasten duten artistentzat 2009an hasitako egonaldi-programa baten emaitza da. Harrezkero, urtero bi ikaslek proiektu artistiko bat garatu dute, egonaldia gauzatzen zen ingurune kulturalari lotuta. Egonaldi-programak baliagarriak izan dira haien unibertsitate-prestakuntza osatzeko, eta baita praktika artistiko bat garatzen hasteko ere, egonaldi artistiko profesionalen baldintza berdinetan. 2015/2016 ikasturtean Nevadako Unibertsitateak Renon duen Euskal Ikasketen Zentroan bi egonaldi gauzatu dira, azken hiru urteetan egin den bezala, eta beste bat Antartida argentinarreko base zientifiko batean.

Erakusketa honek esperientzia horietako emaitza batzuk erakusten ditu. Zehazki, ikusgai dauden lanak Teresa Jareño, Leire Baztarrica, Manuel Diego Sánchez eta Oihane Sánchezenak dira. Jareñok, Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatibo masterreko ikasleak, Argentinako ‘Dirección Nacional de la Antártida'-k esleitutako beka bati esker Antartikan egin zuen egonaldi artistikoa. Sortzez Donostiakoa eta musika ikasketak egindakoa, Jareñok Antartikako artea eta soinua nolakoak izango liratekeen imajinatu zuen, bertako biztanleria izan balu. Donostiarrak bertako soinu naturalak aztertu eta hauetan oinarritutako musika-tresnak sortu zituen, zeinekin inoiz existitu ez zen zibilizazio baten artea imajinatu zuen.

Leire Baztarrica, Manuel Diego Sánchez eta Oihane Sánchezek Renon egin zuten egonaldi artistikoa. Leirek eta Oihanek 2015ean jaso zuten beka, Manuel Diegok, aldiz, 2014an. Leire Baztarricak betidanik liluratu duten Nevadako kasinoen irudi turistikoen giro kitsch-ean oinarritutako argazki-bilduma aurkezten du. Manuel Diego Sánchezek, bere aldetik, irudi-artxibo bat sortu du, Renoko egonaldian burututako dokumentu ezberdinak eta beste erregistro batzuk abiapuntutzat hartuz, non migrazioari lotutako desterritorializazioaren inguruko memoria historikoa lantzen duen. Azkenik, Oihane Sánchezek jatorrizko (Bilbo/Euskal Herria) eta egonaldi artistikoaren (Reno/Nevada) inguruneen arteko konparaketa planteatzen du: identitatearen eraiketa eta berreraiketaren inguruko gogoeta bat. Lan honek euskal emigranteek atzerriko herrialde batean jatorrizko ingurugiroaren birsortzearen erlazioa irudikatzen du.

Erakusketaren irekiera irailaren 19an izango da, 18:30etan.