euskaraespañol

UPV/EHUk datorren ikasturterako eskaintza aurkeztuko du EHUazokan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/25

Irudia
2019ko Unibertsitate Orientaziorako Azoka. Artxiboko argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Gipuzkoako Campusean, martxoaren 5ean egingo da; Arabako Campusean, martxoaren 12an, eta Bizkaiko Campusean, martxoaren 19an. Azokara joateko, bai standetara, bai informazio saioetara, izena eman behar da aldez aurretik.

EHUazoka, Euskal Herriko Unibertsitateko Unibertsitate Orientaziorako Azoka, aukera paregabea da etorkizuneko ikasleek UPV/EHUk 2022-2023 ikasturtean eskainiko dituen graduko ikasketak eta unibertsitatean sartzeko prozedura gertutik ezagutzeko. Aurton, EHUazokak bere presentzialtasuna berreskuratuko du, arreta berezia jarriz osasun-neurriei eta bertaratutakoen osasuna zaintzeari.

EHUazoka martxoaren 5ean egingo da Gipuzkoako Campusean, martxoaren 12an, Arabako Campusean, eta martxoaren 19an, Bizkaiko Campusean. Azokara joateko, bai standetara, bai informazio saioetara, izena eman behar da aldez aurretik. Azoka bakoitzerako izena emateko epea azoka bakoitzaren aurreko astelehenetik ostiralera bitartean egongo da zabalik (Gipuzkoan, otsailaren 28tik martxoaren 4ra; Araban, martxoaren 7tik 11ra; eta Bizkaian, martxoaren 14tik 18ra).

EHUazokaren hiru jardunaldietan fakultate eta eskoletako irakasleek informazio saioak emango dituzte taldeentzat eta banan banako arreta ere eskainiko da. Horrela, unibertsitate aurreko ikasleek gure unibertsitatea eta graduko ikasketen eskaintza hobeto ezagutu ahal izango dute, eta etorkizunean unibertsitatean egin ahalko dituzten ikasketei buruz dituzten zalantza guztiak argitzeko aukera izango dute.

Informazio zabalagoa: https://www.ehu.eus/eu/web/sou/orientazio-programa/azokak

Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak, Fernando Tapia jaunak, azpimarratu du oso garrantzitsua dela unibertsitate aurreko ikasleei orientazio egokia eskaintzea ikasketa aukerak ezagutu ditzaten; horrela, baliabideak ematen zaizkie beren gaitasunetara eta interesetara hobekien egokitzen den titulazioa aukeratzeko. EHUazoka, Euskal Herriko Unibertsitate Orientaziorako Azoka, gure orientazio jarduera nagusia da: unibertsitate aurreko ikasleek eta haien senideek behar duten informazio guztia jasotzen dute eta, gainera, unibertsitateko ikasketak aukeratzeko prozesuan funtsezkoa den arreta pertsonalizatua ematen zaie.

Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitateak 105 gradu eskainiko ditu datorren ikasturtean. Gradu horiek jakintza arlo guztiak hartzen dituzte eta askotariko arloetan prestatzeko aukera ematen dute, historikoetatik hasi eta berritzaileenetaraino. Eskaintzan nabarmentzekoak dira 2022-2023an ematen hasiko diren bi gradu berri: Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza. Beraz, guztira 14 gradu bikoitz ematen dira. Bestalde, 11 graduk prestakuntza dualeko proiektuak garatzen dituzte, unibertsitateko eta enpresako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak uztartzen dituen eredua. Era berean, mugikortasunaren arloan, aurreikuspenen arabera, euskal unibertsitate publikoko 1.900 ikaslek baino gehiagok gutxienez lauhileko bat egingo dute beste unibertsitate batean, eta beste unibertsitate batzuetako 1.100 ikaslek baino gehiagok aukeratuko dute UPV/EHU nazioarteko mugikortasunerako helmuga gisa. Azpimarratzekoa da, halaber, Euskal Herriko Unibertsitateak konpromiso sendoa duela inklusioarekin, ekitatearekin eta jasangarritasunarekin. Esate baterako, hezkuntza premia bereziak dituzten unibertsitateko ikasleek laguntza eta baliabideak dituzte aukera berdintasuna bermatzeko.

2022-2023 ikasturteko gradu eskaintza: https://www.ehu.eus/eu/web/graduak/graduak