euskaraespañol

Gobernu Kontseiluak onartu egin du errektorea izendatzeko hauteskundeen egutegia

Urriaren 9an hautagaitzak aurkezteko epea hasiko da eta bozketa azaroaren 26an egingo da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/24

Irudia

Gaurko bileran, Gobernu Kontseiluak errektore berria aukeratzeko hauteskundeetarako egutegia onartu egin du. Deialdia egin aurretik, Hauteskunde Batzorde Nagusiak neurri horren aldeko txostena egin du, eta adierazi du Unibertsitateko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuak protokoloak egin beharko dituela, dagozkion babes, segurtasun eta osasun neurri guztiak bertan biltzeko. Neurri horien xedea da hauteskunde prozesua ahalik eta osasun berme handienekin gauzatzea.

Hauek izango dira gaur onartu den hauteskunde egutegiko data garrantzitsuenak: urriaren 9an hautagaitzak aurkezteko epea hasiko da, eta azaroaren 4an amaituko da. Hautagaitzen behin betiko jakinarazpena azaroaren 9an egingo da, eta hauteskunde kanpaina ere egun horretan hasiko da. Kanpaina azaroaren 23an amaituko da, eta bozketa azaroaren 26an egingo da. Buelta bakarra egiten bada (gehienez bi hautagaitza badaude), abenduaren 4an egingo da aukeratutako errektorearen behin betiko jakinarazpena. Bi buelta egiten badira (bigarrenean babes handiena jaso duten bi hautagaitzak geratuko dira), bigarren bozketa abenduaren 3an izango da eta behin-behineko jakinarazpena hurrengo egunean egingo da. Kasu horretan, errektorearen behin betiko jakinarazpena abenduaren 14an egingo da, eta, hala, prozesua amaitutzat emango da. Nahi dutenek botoa aurrez emateko aldi zabal bat ere utzi da: azaroaren 9tik 23ra.