euskaraespañol

Lertzoaren azterketak frogatu duenez, neandertalek landareak kontsumitzen zituzten nagusiki bizirauteko estrategia bezala

UPV/EHUn lanean diharduen Domingo C. Salazar Ikerbasqueko ikertzailea Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratu eta landareen kontsumoa orokorra baina landare mota jakin bati mugatutakoa zela frogatzen duen azterlana berrikusten ari da

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/10

Irudia
UPV/EHUn lanean diharduen Domingo C. Salazar Ikerbasqueko ikertzailea. Argazkia: Ikerbasque

UPV/EHUn lanean diharduen Domingo C. Salazar Ikerbasqueko ikertzaileak eta Antropologia Ebolutiboko Max-Planck Institutuan ikertzaile dabilen Robert C. Powerrek Neandertalen hortz-kalkuluaren edo lertzoaren zatiak ikertu dituzte haien dieta ezagutzeko.

Neandertalak (Homo neanderthalensis) Europan eta Asia mendebaldeko zenbait lekutan bizi izan ziren duela 230.000 eta 28.000 urte artean. Azken milurtekoetan Homo Sapiensekin bat egin zuten, eta oraindik eztabaidagai diren arrazoien ondorioz desagertu ziren, izan ere, neandertalen akabera mundu osoko lehengo eta egungo ikertzaileen jakinahia eragiten duen gaia da.

Neandertalen desagerpena egungo gizakien arbaso diren Homo Sapiensen lehiakortasun handiagoak eragin zuela pentsatu ohi da, neandertalak Europan suntsitu ziren garai bertsuan agertu baitziren, eta horren zergatia dieta izan zitekeela argudiatu izan da. Neandertalei leporatu izan zaien dieta mugatuagoaren aldean, gure arbasoek itsas-elikagaiak eta hainbat landare tarteko zituzten dieta malguagoak eta moldakorragoak zituztela esan izan da.

Hala ere, Arkeologiak azken hamarkadetan aurrerapauso handiak eman eta Neandertalen dietei buruzko teoria berriak frogatu dituen arren, oraindik oso irudi zatikatua dugu haien ekologia dietetikoari buruz, ingurumenaren ikuspegitik landareak eta bestelako elikagaiak erabiltzeko zuten moduari buruzko informazio adierazgarririk ez dugun neurrian.

Hortz-kalkuluaren edo lertzoaren ikerketa berri honek argi utzi du landareen ustiapena neandertalen artean arras hedatuta eta errotuta zegoen bizirauteko estrategia zela.

Alabaina, tropikoetatik artikoraino oraintsuko elikagai-biltzaileen dietei buruz landu diren ereduetan ez da ebidentziarik aurkitu, denboran nahiz espazioan, landare-elikagaien kontsumoari dagokion aldaketa dietetikorik egon denik frogatzeko. Ondorioz, litekeena da landareen kontsumoa Neandertalen artean guztiz hedatuta egotea, baina landare mota jakin batera mugatuta, gizaki modernoen elikaduraren aldean.

Domingo C. Salazarren hitzetan, “elikatzeko modu honek, primitibotasuna iradoki beharrean, milaka urtez eraginkortasunagatik mantendutako estrategia bat islatu baino ez du egiten”.

Erreferentzia bibliografikoa