euskaraespañol

Unibertsitateko G-9 Taldea neurri bateratuak aztertzen ari da Ukrainako egoeraren aurrean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/10

Irudia
Unibertsitateen G-9 Taldeko Nazioarteko Harremanen Batzordeak ezohiko bilera egin zuen atzo telematikoki. Argazkia: UPV/EHU.

Unibertsitateen G-9 Taldeko Nazioarteko Harremanen Batzordeak ezohiko bilera egin zuen atzo, Ukrainak bizi duen egoera larriaren aurrean hartu beharreko neurri bateratuak aztertzeko.

Kantabriako errektore Ángel Pazosen lehendakaritzapean, G-9 Taldeak berrikusi egin zituen taldea osatzen duten unibertsitateak dauden autonomia erkidegoetara errefuxiatu gisa iristen diren ikasle unibertsitario ukrainarrei laguntzeko ekintza posibleak. Errefuxiatuen harreraren arloan Gobernuak eskuordetutako eskumenak dituzten GGKEekin zuzeneko elkarrizketa izateko beharra nabarmendu zen. Era berean, errefuxiatuentzako eta asilo-eskatzaileentzako tasen salbuespena batera sustatzea erabaki zen (neurri hori 2018tik aurrera gauzatzen da errefuxiatuekin UPV/EHUn), bai eta unibertsitate-ikasketetarako onarpena erraztea ere, oraindik errefuxiatu-estatusa eta sarbide-titulu homologatua ez duten aldian. Unibertsitate bakoitzak hizkuntza-ikastaroak eskaintzeko aukera baloratuko du. Irakasle eta ikertzaileen kasuan, balizko destinoak identifikatuko dira eta Taldeko unibertsitateetan integratzeko moduak aztertuko dira.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen 9 Taldea (G-9) dagokien autonomia erkidegoan bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

Elkartearen xedea taldeko unibertsitate erakundeen arteko harremanak bultzatzea da, unibertsitate erkidego bakoitzeko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan parte hartzea sustatzeko, besteak beste. G-9ko unibertsitateek 170.000 ikasle, 19.340 irakasle ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako 8.160 langile dituzte.