euskaraespañol

'El norte pide paso' liburua argitaratu da

Kepa Sojo UPV/EHUko irakasle eta zinema zuzendariak Eskandinaviako zinema ulertzeko funtsezko 50 film berrikusi ditu

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/30

Irudia

Universitat Oberta de Catalunyaren UOC argitaletxeak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Zinemaren Historiako irakasle eta zinema zuzendari Kepa Sojoren azken liburua argitaratu berri du. 'El norte pide paso. 50 películas esenciales para entender el cine escandinavo' lana Filmografías esenciales bildumakoa da. Bilduma hori gai, genero edo eremu geografiko jakin bati lotuta hurbiltzen da zazpigarren artera eta liburu bakoitzean alderdi horren erakusgarriak diren 50 film aztertzen ditu. UPV/EHUko Artearen Historia Saileko irakaslearen liburuaren kasuan, Eskandinaviako bost estatuetako (Danimarka, Suedia, Finlandia, Norvegia eta Islandiakoa) filmografiako lanak aztertu ditu. Sojok bost nazio horietako zinemaren historia berrikusten du eta, ondoren, haien zinemako 50 lan zinematografiko adierazgarrienak aztertzen ditu.

Liburu horretan, Eskandinaviako zinema motela, isila, tristea eta malenkoniatsua izatearen topikoa hausten saiatzen da. “Mota horretako filmak badaude, Europako iparraldeko maisu handiek, Carl Theodor Dreyer daniarrak eta Ingmar Bergman suediarrak, besteak beste, metafisikarekin, erlijio luteranoarekin, naturarekin eta erruduntasun sentimenduarekin estuki lotutako bide bat markatu dutelako. Baina zinema xeheagoa ere egin da herrialde horietan, Europako hegoaldearekin gehiago lotu daitezkeen komedia, musikal eta gizarte gaiak landuta”, azpimarratu du egile arabarrak.

Dreyerren eta Bergmanen filmez gain, beste errealizadore handi batzuenak ere aztertzen dira, adibidez: Lars von Trier eta Thomas Vinterberg daniarrenak eta Aki Kaurismäki finlandiarrarenak. Halaber, zinemako mugimendu iraultzaileak aztertzen dira, esaterako: Danimarkako DOGMA 95 eta Islandiako XXI. mendeko zinema berriaren indarra. UPV/EHUko irakasleak subjektiboki aukeratutako 50 film dira. Horien artean, suediera, daniera, norvegiera, finlandiera, islandiera, samiera, ingeles eta alemanezko lanak daude. Baina, liburuaren bukaeran, bertan jaso zitezkeen beste 100 filmez osatutako zerrenda bat ere agertzen da. Film horiek irakurlea Eskandinaviako zinematografien inguruko eskema topikoa haustera animatzen dute eta Europako iparraldeko lur hotzetan barnako ibilbide liluragarri batean barneratzera.