euskaraespañol

Elkartruke artistiko eta pedagogikoa UPV/EHUren eta Txinaren artean

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Pintura Masterreko hiru irakaslek eta zenbait ikaslek 17 egun eman dituzte Txinako unibertsitate batean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/04

Irudia
Argazkia: Chinarako espedizioa. UPV/EHU.

Joan den hilean, Txinako Chongqing hirian elkartruke artistiko eta pedagogiko bat egitera gonbidatu zituzten UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Pintura Masterreko hiru ikasle eta zenbait ikasle.  17 eguneko egonaldian, sormenezko jarduerak, aire zabaleko pintura praktikak, mintegiak eta irakaskuntza orduak izan zituzten. «Eye of the World, Discovery of Chongqing» izeneko programari esker (Munduaren begia, Chongqing ezagutzea) egin ahal izan zen hori guztia.

Europako beste herrialde batzuetako –hala nola Belgika, Ukraina, Hungaria eta Italia– gradu amaierako ikasleek eta irakasleek parte hartu zuten esperientzian. «Egonaldia bikaina izan da. Egindako elkartrukea oso interesgarria izan da alde guztientzat, eta arte garaikidearen eta irakaskuntzaren inguruko iritziak elkartrukatzeko helburua bete du. Gainera, Sichuan Fine Arts Institute unibertsitateak ere bere jomuga bete du: Europan jakinaraztea Txinako arte unibertsitateen artean nabarmenetakoa dela», azpimarratu du UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle Damaris Panek.

Egonaldian, UPV/EHUko irakasleek bi tailer eman zituzten: batetik, «When the Cobra looks at the Ostrich», UPV/EHUko irakasle Damaris Panen ardurapean; eta bestetik, «How to make a painting in 10 steps», UPV/EHUko irakasle Genoveva Linaza eta Luis Candaudapen esku; tailerrak Sichuan Fine Arts Institute-ko Pintura Departamentuan egin ziren.  Sichuan Fine Arts Institute-ko gradu amaierako eta masterreko 15 ikaslek eta UPV/EHUko Arte Ederretako zenbait ikaslek parte hartu zuten tailer horietan.

Aste horretan, irakasleek mintzaldi bana eman zuten, euren praktika pertsonalak eta sorkuntza prozesu pertsonalak aurkezteko Txinako ikasleei. Herrialdeko pintura masterreko ikasleen edo artisten estudioak ere bisitatu ziren, programaren barruan.

Gainera, egonaldian beste jarduera batzuk ere egin ziren, hala nola bost eguneko bidaia bat, gonbidatutako herrialdeetako irakasleek eta graduko azken ikasturteko eta masterreko ikasle hautatu batzuek egindakoa.  Leku interesgarrietan, kultura ondareko lekuetan eta natura erreserbetan izan ziren parte hartzaileak, eta aire zabalean marraztu eta margotu ahal izan zuten. Egun horietan egindako lanekin erakusketa bat egingo da Chongqingeko unibertsitate hiriko arte museoan 2019ko azaroaren amaieran. Gainerako unibertsitate ikasleek, astebetean, Txinako pintura tradizionaleko eta kaligrafiako ikastaro bat egin ahal izan zuten.

«Informazio asko bildu dut bidaian. Niretzat, garrantzitsua izan zen eta teknologiarekin lotutako guztiarekin asko ikasi nuen, gertakari bisualen etengabeko talka bat izan baitzen; nire pintura jardunbideari buruzko ideia propioak planteatzera eraman nau horrek. Bestalde, talka kultural handiak are gehiago harritzen zaitu zuk zeuk bizi duzunean», esan digu UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Pintura Masterreko ikasle Endika Ruizek.

Mugikortasun programaren esperientzia amaitzeko, UPV/EHUko Arte Ederretako hiru irakasleek «Regionality Movement» Nazioarteko Forum Kongresuan parte hartu zuten; kongresu horretan, arte irakaskuntzaren inguruko metodologia esperientziak azaldu zituzten, baita gai hori ulertzeko eta jorratzeko moduak ere.