euskaraespañol

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak bere 40. urteurrenean euskarazko 40 lan berri aurkeztuko ditu Durangoko Azokan

Bai aurrez aurre baita Durangoko Azokaren online dendan ere eskuratu ahal izango dira lanok

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/30

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) Argitalpen Zerbitzuarentzat plaza berezia da Durangoko Azoka, eta 57. edizio honetan ere uzta oparoa eramanez parte hartuko du. Hain da plaza berezia, ezen hiruzpalau hilabete aurretik hasten baitira Durangoko hitzordura zer-nola jantzita joango diren pentsatzen: nolako stand-a jarriko duten irudikatzen, euskarazko uzta oparoa eraman ahal izateko azken ukituak egiten, eta abar.

Hau da, haien jantzirik onenak soinean daramatzatela azaltzen dira plaza horretara. Unibertsitateko Euskara Zerbitzua izaten dute bidelagun bidaia honetan, azken horiek arduratzen baitira bai zenbait argitalpen bultzatzeaz bai eta euskaraz argitaratzen diren lan guztien euskara-kalitatea bermatzeaz ere, testuei egin beharreko orrazketa guztiak barne.

Urteroko helburua izaten da Durangoko agertokira, euskarazko liburuz gainezka etortzea, eta aurten ere aurreikuspen guztiak beteta datoz, euskarazko 40 lan berri aurkeztuko baitituzte azokan. Gaztelaniazko argitalpen bolumenari gainerako hizkuntzetan argitaratutako lanek gerizarik egiten ez zioten urteak izan baditugu ere, 2021ean argitaratutako lanen % 52 gaztelaniazkoak izan ziren, eta % 44 euskarazkoak. Hau da, euskarazko produkzioa pil-pilean dago.

Argitalpen Zerbitzuak Durangon plazaratuko dituen lanetako 14 uniberstitateko testuliburuak izango dira, horietako hiru Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean argitaratu dira: Adikzioen psikologia eta osasuna, Eneko Sansinenea, Goretti Soroa eta Juan Manuel Machimbarrena; Maria Gorasarriren Fotokazetaritza. Argazkigintzaren teknika eta kazetaritzaren egitekoa; eta Rakel Gamitoren (arg.) Ikaskuntza-Zerbitzua metodologian oinarritutako Gradu Amaierako Lanak garatzeko gida praktikoa. Hamar dira euskaraz argitaratutako monografiak, eta beste horrenbeste serie eta bildumetan argitaratu diren euskarazko lanak. Azken horien artean aipatzekoa da Textos Clásicos del Pensamiento Político y Social en el País Vasco bildumaren baitan Argitalpen Zerbitzuak Legebiltzararekin duen hitzarmen bati esker argitaratu den honako lan hau: La llama vasquista – Euskaltzaletasunaren garra  (Gregorio Múgica).

Bestalde, euskarazko aldizkarien azken zenbakiak ere eramango ditu Durangora: Ekaia (Zientzia eta teknologia) aldizkariaren 42. zenbakia eta ale berezia; ASJU euskal filologiako aldizkari eleaniztunaren 54-1/2 eta 56-1 zenbakiak; eta Tantak (Hezkuntza) aldizkariko 33-2 eta 34-1 zenbakiak. 

Hiru libururen aurkezpenak egingo ditu Argitalpenzerbitzuak Durangoko Azokan: 

- Abenduaren 8an, 15:00etan, Mari Mar Boillos eta Jon Kortazarren (arg.) Egungo euskal literatura eta futbola II liburuaren aurkezpena egingo da. Mens sana in corpore sano erromatar garaietatik datorkigun esaera zaharra Juvenalen poema satiriko batetik aterata dago. Garai hartako erromatar kulturak balio handia ematen zion heziketa intelektualari, espiritualari eta gorputz-heziketari. Planteamendu horren atzeko filosofia bere egiten du liburu honek. Obraren lehenengo zatian, aurreko alean landu ez ziren generoak aztertu dituzte: ipuina, saiakera, haur- eta gazte-literatura eta komikia. Bigarren zatian irakurketari buruz bi ikuspegi desberdinetatik hitz egiten duten bi lan sartu dituzte. Sorkuntzako atal bat ere badu liburuak, non gozamenerako bi ipuin txertatu baitituzte. 

- Abenduak 10ean, 15:30ean izango da UPV/EHU Argitalpen Zerbitzuak Euskaltzaindiarekin batera elkarlanean argitaratu duen Mendebaleko Euskara Zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia Eneko Zuloagaren lanaren aurkezpena. Liburu honek Mendebaldeko Euskara Zahar deitu izan denaren egoera linguistikoa edo makrodialektoa du aztergai; hots, X. mendeaz geroztik Euskal Herriko mendebal zabalean (Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroako mendebaldeko zenbait ibarretan) ageri den eremu linguistiko zabala. Lanaren helburua da Euskal Herriko mendebal zabaleko X.-XV. mendeen arteko zatiketa kronologikoak eta dinamika geolinguistikoak berreraikitzea.

- Abenduaren 11an izango da 14:30ean Argibel Eubaren Txalaparta I. Sentido e historia liburuaren aurkezpena. Txalapartaren inguruko oinarrizko ikerketa bat eskaintzen digu egileak, eta txalapartari buruzko askotariko testigantza historikoak bildu ditu liburuan, musika-praktika horren esanahiaren eta garapen historikoaren inguruko irakurketa kritikoa egiteko.

Argitalpen batzuk bakarrik aipatu ditugun arren, Durangoko plazan aurkitu ahal izango dira Burundako hiztegia (Koldo Zuazo), Aztergaiak Ipar Euskal Herriko euskararen berrikuntzez (Iñaki Camino), Euskal liburuaren frankismo osteko zentsura (1975-1983) (Ana Gandara, arg.), Hizkuntza ibilbideak, gazte identitateak eta legitimazio prozesuak. Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen bizipenak aztergai (Miren Artetxe), Karmele Jaioren literatura, emozio gorpuztua (Mari Jose Olaziregi eta Amaia Elizalde arg.) eta beste hamaika lan.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuarentzat, gainera, aurtengoa urtea berezia da, 40 urte bete baititu aurten. Berrogei urte daramatza ez bakarrik ezagutza argitaratzen, baita euskaraz ezagutza argitaratzen ere. 1982. urtean, zerbitzua sortu zenean, aurreikusten zen euskaraz sortutako materialak zer hazkunde izango zuen. Aurreikuspen guztiak beteta harro esan dezakete honelaxe daudela: “liburuz blai, eta euskaraz ere bai!. 

Ni ez naiz Mikel Laboa 

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren eskutik eta Elkar argitaletxeak plazaratuta, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larretxeren ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komiki-liburua ere salgai egongo da Durangoko Azokan.