euskaraespañol

Eredu matematiko bat, COVID-19aren hurrengo agerraldiak iragartzeko

Manuel de la Sen, Raúl Nistal eta Santiago Alonso-Quesada UPV/EHUren ikertzaileak ari dira proiektua garatzen, Carlos III.a Institutuaren finantzaketarekin

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/04

Irudia
UPV/EHUren ikertzaileek epidemiaren infekzio ahalmenaren kalkulua egingo dute.

Manuel de la Sen, Raúl Nistal eta Santiago Alonso-Quesada UPV/EHUren ikertzaileak ikerketa bat ari dira koordinatzen, Espainian eta Italian COVID-19aren kasu berriak iragartzeko aukera emango duen eredu matematiko bat sortzeari begira. Gainera, bi herrialde horietan aurrera eraman diren kontrol estrategiak alderatuko dituzte. Carlos III.a Osasun Institutuak kudeatzen duen COVID-19 Funtsak finantzatzen du proiektua.

Egungo intzidentziaren datuen eta azterketa serologikoen bitartez, UPV/EHUren ikertzaileek epidemiaren infekzio ahalmenaren kalkulua egingo dute, isolamendu sozialeko estrategiak aplikatuta eta gabe. «Isolamenduaren faseetan ezarri den pertsona arteko tarteak izan duen eragina hartuko dugu kontuan, horren efikazia neurtu eta etorkizunean suerta daitezkeen COVIDaren agerraldien aurka neurri onenak zehazteko. Xedea argia da; azpiegitura sanitarioak balizko agerraldien aurrean ezagutza handiagoa eta erreakzio denbora laburragoa izatea», aurreratu du Raúl Nistal ikertzaileak.

«Hasieran, Espainiako eta Italiako infektibitatea konparatuko ditugu, bizimodu antzekoa dutelako. Gaixotasunak herrialdeotako eskualde bakoitzean izandako kutsatze tasei erreparatuko diegu, eta berrogeialdiaren faseak konparatuko ditugu (eta hura gabeko datuak ere bai)», dio.

«Hasieran, Espainiako eta Italiako infektibitatea konparatuko ditugu, bizimodu antzekoa dutelako»

Ikerketa, batetik, taldeak lehenago egindako lanetan oinarrituko da, alegia, gaixotasunen hedapenari eta kontrol metodoen (txertaketen edo berrogeialdien) peko dinamikari buruzkoetan. Lehenago egindako ikerketa horien artean Nistalen beraren tesia dago (Manuel de la Sen eta Santiago Alonso-Quesadak zuzendutakoa), 'On some new mathematical models for infective diseases: analysis, equilibrium, positivity and vaccination controls' (Gaixotasun infekziosoentzako eredu matematiko berri batzuk: analisia, oreka, positibotasuna eta txertaketa kontrolak). «Nire tesian, gaixotasun infekziosoen hedapen eredu matematikoak aztertu ditut (gaixotasun generikoak, ez jakin batzuk), eta gaixotasunen dinamika kontrol metodoen pean, tartean, txertaketak, isolamendu berezituak, berrogeialdia, etab.», azaldu du Nistalek.

«Aztertzen ari garen ereduak nahikoa zehatzak badira, talde immunitate hori erdietsiko dugun unea iragarri ahalko da»

Talde immunitate deitua ere, gaixotasunaren hedapen tasa maila seguruetara jaisten dena, ikergaien artean egongo da. «Batetik, talde immunitatera iristen ari garela dioten azterketa serologikoak garestiagoak dira edo horiek egiteko behar diren azpiegiturak eta ahaleginak ez dira nolanahikoak. Horien ordez, eredu matematiko batean oinarritutako gutxi gorabeherako zenbatespena egin liteke. Aztertzen ari garen ereduak nahikoa zehatzak badira, talde immunitate hori erdietsiko dugun unea iragarri ahalko da. Hori izan ez da gure arazoetarako konponbidea, baina aukera ematen digu gaixotasunaren aurka estrategia hobeak garatzeko», zehaztu du.

UPV/EHUren irakasleen eta ikerlarien proiektua Carlos III.a Osasun Institutuak kudeatzen duen COVID-19 Funtsak finantzatuko du. Dirulaguntza beste ikertzaile bat urtebeterako kontratatzeko erabiliko da.