euskaraespañol

Pandemia dela eta, gehiago erabiltzen dira teknologia berriak Lehen Hezkuntzan

UPV/EHUren ikerketa batek berretsi duenez, krisi sanitarioa dela eta, finkatu egin da IKTen erabilera Estatu osoko ikastetxeetako irakaskuntzan. Aldaketak dakartzan onurak eta arriskuak ere aipatzen ditu txostenak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/07

Irudia
Maialen Garmendiak (pantailan) Carmelo Garitaonandiarekin hitz egiten, biak EUkids Online ikerketa taldekoak

Pandemia hasi zenean, Lehen Hezkuntzako irakasleak gailu teknologikoak eta onlineko plataformak erabiltzen hasi ziren, konfinamenduaren ondoriozko eskaera profesional berriei behar bezala erantzuteko. Horra hor EU Kids Online UPV/EHU ikertaldeak hamazazpi autonomia erkidegotako ikastetxeetan egin duen ikerketaren emaitzetako bat. Baliabide digitalak segurtasunez erabiltzean espezializatuta dagoen talde horrek hezkuntza ziklo horretako irakasleek krisi sanitarioaren aldi horretan bizitako esperientziak ikertu ditu. Txostenaren arabera, aldaketa teknologikoa erabat erabakigarria izan da haurren irakaskuntzan, eta efektu positibo ugari ekarri dizkie ikasleei eta haien familiei, baina baita arriskuak ere.

“Konfinamenduaren hasieran, Lehen Hezkuntzako irakasleak aurrez aurreko irakaskuntzatik onlineko irakaskuntzara igaro behar izan ziren egun gutxitan eta, irakaskuntza praktika horrek jasandako aldaketak agerian utzi zuenez, ez zeuden informazioaren teknologiak erabiltzeko prest”, ziurtatzen dute.

Oro har, irakaskuntzako paradigma aldaketa horren aurrean baikor agertu ziren irakasleak ezarpenarekin eta, ikerketaren arabera, “jakin mina” eta “teknologia digitalak erabiltzeko gaitasunak eskuratzeko” interesa areagotu egin dira. Horri esker, irakasleek teknologia berrien abantailak baliatu dituzte, eta beren eguneroko lanean erabili; dena dela, “zenbait irakaslerentzako gainditu beharreko erronka da oraindik ere egoera berri hau”.

Eskolaren digitalizazioaren abantailak eta desabantailak

Hala ere, ikastetxeetan baliabide teknologiko gehiago badaude ere, arazo larri batzuen berri ematen du txostenak, eta horiek konpondu egin behar dira. Ildo horretan, honako hau nabarmentzen du: “Zenbait ikaslek, baliabide falta dela-eta zenbait familiatan detektatu den arrakala digitala dela kausa, IKTak eskuratzeko duten desabantaila”.

Ohartarazten dutenez, alfabetatze digital falta horrek “ondorio negatiboak izan ditzake ikaskuntza prozesuan. Irakasleak, beste aukera batzuen bidez, gabezia horiek arintzen saiatzen badira ere, zenbait ikasle informazioren teknologietako hezkuntzarako duten eskubidea galtzen ari dira”, eta hori dela eta, arrakala digitala areagotzen ari da.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertaldeak detektatu duen beste arazoetako bat dira “Internetek eskaintzen duen soziabilitate espazioa dela-eta neska-mutilen artean sor daitezkeen liskarrak”. Irakasleak “jarrera proaktiboa izanez eta sortutako liskarrak oinarri hartuta hezkuntza dinamikak proposatuz” arazo horiek konpontzen saiatzen ari dira; baina, adierazten dutenez, “familiek beren haurren onlineko hezkuntzan inplikatuago egon behar dute”.

Ikerketaren arabera, IKTak erabiltzearen arazoak areagotu egiten dira “WhatsApp taldeek sortzen dituzten bizikidetza arazoak” eta adingabeen zibersegurtasun faltaren ondoriozkoak direla eta. Baterako zein besterako, gurasoek “gehiago gainbegiratu behar dituzte onlineko jarduerak”.

Nolanahi ere, krisi sanitario honek eragindako beste alderdi batzuk itxaropentsuak dira. Kontsultatutako irakasleek diotenez, IKTak gehiago erabiltzeari esker “errazagoa eta malguagoa da familiekin dugun komunikazioa, bilera mistoen bidez (aurrez aurrekoak eta birtualak)”. Horri esker, zenbait arazo konpondu daitezke; tartean, lanorduetako bilerek sortzen dituztenak.

Bestalde, txostenak zera nabarmentzen du: “Teknologiak aukera ematen du ikaskuntza autonomoagoa eta ikasle bakoitzaren gaitasun eta beharretara egokituta dagoena sustatzeko”, bai eta “ikerketa prozesuak sustatzen dituzten ikaskuntza metodo berriak ezartzeko” ere.

Gainera, “irakasleetako batzuek diote beren irakaskuntza ohiturak aldatu dituztela, eta metodo eta tresna tradizionaletan oinarrituta lan egiteko modua IKTek eskaintzen dituzten aukera berrietara egokitu dutela”. Zeregin hori errazagoa izan da “ikastetxe gehienek gailu digitalen eskuragarritasuna hobetu” dutelako, txostenaren arabera. Dena dela, ohartarazten duenez, “beste zerbitzu osagarri batzuk behar dira, hala nola wifi sarearen egonkortasuna, kableen egoera optimoa eta mantentze lanen zerbitzu azkarra”.

Ikerketari buruz

Safer Internet Centre Spain 2.0” proiektuaren esparruan garatu da ikerketa, eta Europar Batasunaren “Connecting Europe” mekanismoak kofinantzatu du. Honako honetan, UPV/EHUren EU Kids Online ikertalderen ikergaia hauxe izan da: ikasgelan IKTak ezartzearen bidez ikasleek egindako alfabetatze digitaleko prozesuarekin lotuta Lehen Hezkuntzako irakasleek bizitako esperientzien ikerketa. Horretarako, 17 autonomia erkidegotako hiri eta landa eremu ezberdinetako ikastetxeetako 115 irakasleren lagin bat aukeratu zen (6-7 irakasle autonomia erkidego bakoitzeko).

Laginak eskola publikoko 70 irakasle eta itunpekoko 45 irakasle barne hartu ditu. 83 emakumezko eta 32 gizonezko, orotara. Irakasleak maila ezberdinetakoak dira eta irakasgai ezberdinak ematen dituzte; hori horrela, batzuk gela bateko tutoreak dira eta beste batzuk maila batean baino gehiagotan ematen den gai bateko espezialistak. Adinari bagagozkio, 33 irakasle 35 urtetik beherakoak dira, 37, 35-44 urte artekoak, eta 45, 45 urtetik gorakoak.

EU Kids Online 2013az geroztik Eusko Jaurlaritzak finkatutako ikertalde bat da. Haur, nerabe eta IKTen ikerketako erreferentziako nazioarteko sare bateko kidea da. Sare horren barruan, 70 adituk baino gehiagok dihardute mundu osoan haurrek Interneten dituzten aukerei, arriskuei eta segurtasunari buruz kalitate handiko ebidentziak sortzeko lanean. Sarearen inpaktuaren eta izen onaren oinarrian dago 15 urteko baino gehiagoko ikerlaneko esperientziaren sendotasuna.

Informazio gehiago nahi izanez gero, txostena deskarga dezakezu esteka honen bidez:

https://www.is4k.es/de-utilidad/recursos/experiencias-de-los-docentes-de-educacion-primaria-en-la-alfabetizacion-digital