euskaraespañol

Eusko Ikaskuntzak saritu ditu Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Aizpea de Atxa

UPV/EHUko katedradun eta errektore ohia euskal gizartean kultura zientifikoa sustatzeagatik saritu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/10

Irudia
Juan Ignacio Perez Iglesias eta Aizpea de Atxa, Bakartxo Tejeria eta Iñigo Urkullurekin.

Juan Ignacio Perez Iglesias izan da Eusko Ikaskuntzaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien 2019ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria. Bestalde, Aizpea de Atxa artista nafarraren “InpostuRA” performance lana gailendu da Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren lehenengo edizioan. Iñigo Urkulu lehendakaria izan da Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Sariak banatzeko ekitaldiaren buruan.

Juan Ignacio Pérezen ibilbide profesionala UPV/EHUri lotuta dago. 1985ean hasi zen ikertzaile eta irakasle fisiologiaren arloan, eta, 1999az geroztik, katedraduna da; halaber, 1998 eta 2009 bitartean hainbat kargu garrantzitsu izan ditu UPV/EHUn. 2004tik 2008ra, adibidez, errektorea izan zen.

Bere ekarpenetako bat izan da unibertsitatean euskararen erabilera sustatzea. Halaber, Jakiunde elkartearen Jakin-mina programaren koordinatzaile eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria izanik, ezagutzak ugaritzeko eta zabaltzeko bideratu zituen ekintzak. Berak egindako lanari esker, aipatutako katedrak Espainia mailan arlo horretan dagoen saririk garrantzitsuena eskuratu zuen 2014an, alegia, PRISMAS saria, dibulgazio zientifikoa aintzatesten duena.

Azkenik, komunikabideetan egindako lana aipatu behar da, hedapen zientifikoa sustatzeko espazioetan, bai eta baliabide digitaletan egindako ekarpena ere; izan ere, bere espezializazio-arloan sakondu du, eta ezagutzen dibulgazio sozial zientifikoa bultzatu.

Bestalde, Aizpea de Atxa artista nafarraren “InpostuRA” performance lana gailendu da Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren lehenengo edizioan.

35 urte baino gutxiagoko gazteen jarduna bultzatzea xede duen sariak 6.000 euro ematen dizkio proiektu irabazleari.

“Publizitateak eta sare sozialek gidatzen duten gizartean sortzen digun irudia bihurtu da gure buruhausterik handiena. Honen inguruko hausnarketetan eta desegite-praktikan oinarritutako proiektua da InpostuRA”, De Atxak azaldu duenez. “Posturen eta inposturen arteko joko bat izango da”.

Chillida Lekun egin den ekitaldian Euskadiko eta Nafarroako erakundeetako eta ikasketen, kulturaren eta gizartearen munduko ordezkari ugari izan dira, horien artean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia eta Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano. Ekitaldian Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria eta Eusko Ikaskuntzaren eta Laboral Kutxaren lehendakariak, Iñaki Dorronsoro eta Txomin García, ere izan dira