euskaraespañol

Arabako Natura Zientzien Museoak ilustrazio zientifikoak jarri ditu ikusgai

Autore banaren 38 lan dira, guztiak UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko Masterraren barruan eginak

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/25

Irudia
Erakusketako ilustrazio multzoa. Argazkia: Arabako Foru Aldindia.

Arabako Natura Zientzien Museoan ikusgai egongo da, datorren abenduaren 16ra arte, ‘Natura bistaratzen: espezieak ezagutu eta bereizteko ilustrazio zientifikoa’ izeneko erakusketa. Erakusketa horretan, autore banaren 38 lan erakutsiko dira, guztiak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ilustrazio Zientifikoko Masterraren barruan eginak.

Erakusketaren aurkezpenean Inmaculada Sánchez Arabako Foru Aldundiko Kulturako zuzendaria, Maren Ortiz-Zarragoitia Ilustrazio Zientifikoko Masterraren arduraduna eta Jesús Alonso Natur Zientzien Museoko arduraduna izan ziren.

Sanchezentzat, “zientzien komunikazioa eta zabalkundea funtsezko tresnak dira zientziak aurrera egin dezan eta gizarteak kultura zientifiko handiagoa izatea lortzeko. Ilustrazio zientifikoa zientzien komunikazioaren adar bat da, zeinean, irudia osagarri moduan erabiliz, mezua modu eraginkor eta erakargarrian komunikatzen baita, horrela kontzeptuak azkar asimilatzea eta geure oroimenean irautea ahalbideratuz. Azken batean, ilustrazioak lagundu egiten digu ulertzeko ikusten”.

Ortiz-Zarragoitiak esan duenez, “zientzia komunikatzeko ezinbestekoak dira irudi eraginkorrak eta zehatzak. Lan hori, duela oso gutxi arte, zientzia egiten duten pertsona beren ardura izan da. Hala ere, gaur egungo espezializazioarengatik, haiek sortzen dituen profesional mota berri bat behar da. Horren ondorioz, lan hori egin dezaketen profesionalak trebatzea beharrezkoa da”.

Horrengatik, orain dela 4 urtetik UPV/EHUk graduatu ondoko titulu bat eskaintzen du, helburu hau duena: ilustrazio zientifikoko profesionalak trebatzea, ezagupen tekniko, artistiko eta zientifikoak biltzen dituztenak. “Ilustrazio Zientifikoko Unibertsitate Espezializazioko titulua” izenaz sortu zen programa, eta 2021/22 ikasturtetik aurrera “Ilustrazio Zientifikoko Berezko Masterra” bezala eskaintzen da.

Trebakuntzaz gainera, master titulazio honen helburuetako bat da hitzaldiak, argitalpenak, erakusketak eta holako ekintzak sustatzea, ilustrazio zientifikoaren garrantzia nabarmendu eta zientzia unibertsitate esparrutik kanpora zabaltzen dutenak. Hortaz, urtero material grafikoa sortzen da askotariko jakintza alorretan, astronomiatik hasi eta medikuntzara. Eta elkarlana egiten da ikusizko zientzia hori esparru akademikotik kanpora helarazten laguntzen duten eragileekin.