euskaraespañol

Juan Daniel Fullaondoren arkitektura Euskadiko Arkitektura Institutuan lurreratu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/12

Irudia
Jon Begiristain, Pedro Jauregui, Joaquin Lizasoain eta José Ángel Medina (ezk-esk) Juan Daniel Fullaondori buruzko erakusketaren aurkezpenean | Argazkia: Euskadiko Arkitektura Institutua

‘Juan Daniel Fullaondo. Hamar lan + Euskal Herriaren ikuspegi kulturala (1964-1978)' erakusketak arkitekto bilbotar nabarmenaren begirada hurbiltzen du. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak antolatzen dute. Irailaren 11ra arte, Fullaondoren lanaren balio arkitektoniko eztabaidaezinaz gozatu ahal izango da erakusketa hau osatzen duten panel, plano eta maketen bidez, figura honi eskainitako lehen erakusketa.

Juan Daniel Fullaondo XX. mendearen bigarren erdiko euskal arkitekto garrantzitsuenetako bat izan zen, eta hauxe da osotasunean bere obrari eskainitako lehen erakusketa. ‘Juan Daniel Fullaondo. Hamar obra + Euskal Herriaren ikuspegi kulturala (1964-1978)', Euskadiko Arkitektura Institutura iritsi da, euskal kulturaren panoraman hartu zuen garrantzia jendeari hurbiltzeko. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak antolatutako instalazio honetan, gainera, ‘Nueva Forma' arkitektura aldizkariaren zenbait ale erakusten dira, bertako zuzendaria izan baitzen.

Erakusketa honetarako berariaz sortutako hainbat panel, plano eta maketek 1964 eta 1978 urteen artean eraikitako lanen sortari forma ematen diote. Garai hartan, Juan Daniel Fullaondok 60 obra inguru proiektatu eta eraiki zituen gertuko arkitektoekin eta lagunekin (Fernando Olabarria, Álvaro Líbano, José Luis eta Félix Iñiguez de Onzoño) lankidetzan: bizitegi-proiektuak (familia bakarrekoak eta kolektiboak), liburutegiak, ikastetxeak, kultura-zentroak eta lehen mailako osasun-zentroak dira bere ibilbidearen lehen fase profesionala osatzen dutenak.

“Juan Daniel Fullaondok, bere ibilbidean zehar, arkitekturatik kulturari ekarpen erabakigarria egin dakiokeela erakutsi du, are gehiago, lanbidetik abiatuta kultura astindu daitekeela esango nuke eta, gainera, hori bizitegi-arkitektura eta etxebizitzaren arkitektura eraikitzen egin daitekeela, bereziki”, nabarmendu du Pedro Jauregui Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordeak emandako prentsaurrekoan.

Hamar dira erakusketa honetarako aukeratutako lanak, arkitektoak Euskadin utzitako ondarea irudikatzen dutenak: Mazarredo zumarkalean (Bilbo, 1964), Mendizabalen (Durango, 1971), Negurin (Getxo, 1970), Landakon (Durango, 1975) eta Faduran (Getxo, 1976) bizitegi-blokeen bost proiektu; eskola-taldeen bi proiektu Txurdinagan (Bilbo, 1968) eta Rekaldeberrin (Bilbo, 1969); Espazio publikoko proiektu bat, Ezkurdi plaza (Durango, 1968); bulego-eraikin bat, Europako Negozio Bankua (Bilbo, 1975); eta ekipamendu publiko bat, Portugaleteko liburutegi publikoa (1973).

Ikus-onetsitako gauzatze-proiektuen edo lizentzien espedienteen planoen hautaketa batek irudikatzen ditu, proposamenen egungo egoeraren irudiekin batera. Lau proiekturen inpresio digitalak ere egin dira. Horrek guztiak joan den Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaleko protagonistetako bat izan zen erakusketa bat eman zuen. “Erakusketa hura berrinterpretatu egiten da, Fullaondoren irudia ikuspegi zeharkakoago batekin lotuz, trantsizioaren funtsezko aldian euskal kulturaren panoraman funtsezko elementuetako bat den aldetik. Chillida edo Oteiza bezalako euskal artistekin izan duen loturak eta bere dibulgazio- eta ikertzaile-lan garrantzitsuak, bai eta proiektu-katedradun gisa egin duen irakaskuntza-lanak ere, esparru akademikoko figura garrantzitsu eta baliotsu gisa aurkezten dute”, Jon Begiristain UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko zuzendariak azaldu duenez.

Atariko gisa, eraikin ikonikoak erakusten dituzten panel handiekin batera, ildo osagarri bat arkitektoak Euskal Herriko ekoizpen kultural, arkitektoniko eta artistikoari eskaini zion arretan zentratzen da, ‘Nueva Forma’ aldizkariaren bidez. Horrela, erakusketak argitalpenaren hainbat zenbaki biltzen ditu, eta jarduera horrekin definitu zuen Fullaondok, denbora-tarte berean, bere obra murgilduta geratu zen kultura-paisaia. “Fullaondo dimentsio bikoitzean aurkezten da, Euskadiri dagokionez. Erakusketak Fullaondok 60ko eta 70eko hamarkadetan utzitako ondarea nabarmentzen du, obra sorta bat berrikusita, baita kultura-eragile gisa egindako lana ere, aldizkaritik Euskadi kultura-polo indartsu gisa sustatuz, Madrilgo eta Bartzelonako zentro historikoki hegemonikoen aurrean”, Joaquin Lizasoain erakusketaren komisarioak kontatu duenez.