euskaraespañol

Bilboko Hezkuntza Fakultateak Euskararen Kalitate Ziurtagiria jaso du

Azken urteotan sei ikastegik jaso dute UPV/EHUn

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/15

Irudia

Bilboko Hezkuntza Fakultateak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria jaso zuen abenduaren 14an, asteartean, Europa Biltzar Jauregian, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik. Horrela, Euskal Herriko Unibertsitateko seigarren zentroa da Eusko Jaurlaritzaren agiria jasotzen duena. Sari horrek egiaztatzen du euskararen erabilera normalizatu egin dela ikastegiaren bizitzan, eta, gainera, erakunde ebaluatzaileak ematen duen puntuaziorik altuena lortu du.

“Ia bi urtez egon gara lanean ziurtagiria lortzeko prozesuan murgilduta, eta abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunean lortu genuela jakin genuen”, adierazi du Asier Romero Hezkuntza Fakultateko dekanoak. “Poz handia izan da, oso handia goi mailako ziurtagiria eskuratu dugulako. Hezkuntza Fakultatearen erantzukizuna da euskararen erabilera sustatzea, eta honek bultzada emango dio, gure komunitatean komunikazio hizkuntza euskara dela barneratzeko”, erantzi du Romerok.

Informatika Fakultatea 2016an Bikain ziurtagiria lortu zuen UPV/EHUko lehen ikastegia izan zen; ordutik, beste bost gehiagok jarraitu diote azken urteetako deialdi hauetan: Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Farmazia Fakultatea, Kimika Fakultatea eta orain, Bilboko Hezkuntza Fakultatea.

Bikain Eusko Jaurlaritzak ematen duen euskararen kalitate ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da, eta Euskalit agentziak ebaluatzen du. Arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia, erabilera eta hizkuntza-kudeaketa zenbateraino normalizatzen den egiaztatzen eta aitortzen du. Aintzatespen hori lau ardatz nagusi ebaluatu ondoren ematen da: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa; kanpo-harremanak; barne-harremanak; eta hizkuntza-kudeaketa.