euskaraespañol

Amaia Eiguren Munitis, José Miguel Correa Gorospe, Maitane Picaza Gorrotxategi eta Naiara Berasategui Sancho

Irakurtzea sustatzea eta belaunaldien arteko loturak sortzea: eskola proiektu aitzindaria

Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/16

Irudia

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation webgunean aurkitu daiteke.

Familia egituretan izandako aldaketek, immigrazioak eta krisi ekonomikoak, besteak beste, belaunaldien arteko lotura zailtzen dute. Horregatik, belaunaldi guztiek elkarrekin harremanetan egoteko gune partekatuak sortzeko premia larria sortzen ari da.

Premisa horretatik abiatuta, eskola inguruneak belaunaldien arteko ikuspegia lantzeko testuinguru ezin hobea eskaintzen du. Hala bada, eskolan gertatzen diren belaunaldien arteko esperientziek bizitza osorako hezkuntza ideologia sortzen laguntzen dute; izan ere, bi norabideko ikaskuntza sustatzen dute, eta hala adinekoen nola ikasleen parte hartze aktiboa elikatzen dute.

Belaunaldien eta kulturen arteko gure proiektuak –Gasteizen kokatuak– ikastetxeen, gobernuz kanpoko elkarteen eta adinekoentzako zentroen arteko lankidetza hasi du, haurren, adinekoen eta profesionalen arteko elkarri laguntzeko harremana sustatzea helburu.

Pertsonarengan oinarritako arreta ereduan eta psikologia humanista positiboan oinarritzen da; hori horrela, egiturarik badu ere, askotariko errealitateei egokitutako estrategia pertsonalizatuak bilatzen ditu.

Funtsezko ideia zera da: gutxienez, proiektuaren tokian eta denboran pertsona orok (haurrak eta adinekoak) bere buruaren bertsiorik onena ematea. Eta hori benetakotasunez egitea, pertsona bakoitza estimaziozko ikuspegi batetik kontuan hartuta, norberaren onena nabarmenduz.

Horretarako, bi prestakuntza saio egin genituen irakasleekin, eta proiektuaren oinarriak ezarri genituen haietan.

Helburu partekatuak, loturak eta irakurketa

Honako hau da helburu partekatua: jarduera atsegin baten bidez haurrek irakurtzeko gaitasunak eta irakurtzeko zaletasuna hobetu ditzatela, eta, aldi berean, adinekoekin lotura positibo bat, beren bizitzan adierazgarria, ezartzea. 11 nazionalitateko 18 adinekok (61 eta 91 urte bitartekoak) eta 24 haurrek (9 eta 12 urte bitartekoak) parte hartu dute.

Proiektua zenbait urtean garatu da. 2017-2018 ikasturtean hasi zen. Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek, adinekoen errealitatea zuzenean bizitzeko eta hartara hurbiltzeko jardueren bidez, pertsona guztiak era autonomo eta eroso batez moldatzeko moduko ingurune irisgarriak eta lagunkoiak sortzearen garrantziaren berri jaso ahal izan zuten.

Jarduera horien adibide dira ingurune irisgarri eta lagunkoien garrantziari buruzko prestakuntza saioak. Alde batetik, irisgarritasunaren garrantziaz hausnartu genuen. Eta, bestetik, simulagailu baten bidez, dinamika batzuk egin genituen ikasleek zuzenean bizi zitzaten mugikortasun urria, ikusmen urria edo gorreria duen pertsona baten eguneroko zailtasunak.

Irakurtzeko laguntza adinekoekin

Eskolaren eta komunitatearen arteko lankidetza esperientzia horretatik abiatuta, 2018-2019 ikasturtean idazketa-irakurketa laguntzeko programa jarri genuen abian. Irakurketa Erraza formatua aukeratu genuen, eta, pandemia gorabehera, ez zuen etenik izan.

Proiektua ikastetxean bertan egin zen, eta ikasleak arduratzen ziren gunea egokitzeaz, bai bertaratuko ziren adinekoen beharretara, bai jardueraren beraren beharretara.

Adibidez, talde txikitan irakurtzeko, lau gela erabiltzen zituzten aldi berean. Horri esker gune intimo eta lasaiagoa lortzen zuten. Zeregin hori amaituta, ikasgela handi bat prestatzen zuten, aulkiak biribilean jarrita, adinekoak eser zitezen; ikasleak, berriz, lurrean esertzen ziren.

Ikastetxe barruko ibilbidea ere oso kontuan hartzen zuten; hala bada, mugitzeko zailtasun handien zutenek igogailua erabiltzeko aukera zuten. Era berean, ikasleek jardueraren gidari gisa protagonismoa hartzea sustatu genuen: ikasleek aurkezpena eta amaiera egiteko dinamikak prestatzen zituzten, irakasleek eta Kokuk erakundeko hezitzaileak gainbegiratuta.

Astean ordubeteko saioa egitea erabaki genuen. Gainera, bai adinekoek bai ikasleek aurrez prestatu behar zituzten topaketa horiek; hala bada, irakurgai paraleloak hautatzeko jarduerak egiten zituzten astean zehar, beren taldeko gainerakoekin batera. Hautatutako testu guztiek taldearen amaierako gogoetari bide ematea zuten helburu, honako gai hauek ekarriz: adiskidetasuna, bakardadea eta errespetua.

Harreman positiboak, konfiantza eta maitasuna

Prozesu osoan zehar haurren eta adinekoen artean harreman positiboak sortzen zirela ikusi ahal izan dugu. Lotura hori konfiantzan eta maitasunean oinarritua sortu da. Esperientzian parte hartu duten haurrek adinekoekin harremana izatea zein positiboa den adierazten dute:

“Nik ere asko ikasi dut esperientzia honen bitartez; lehen, nire bizitzan ez zegoen amonarik, adineko andrerik, eta adineko andreekin jarduera honetan nagoenetik harreman handiagoa izaten hasi naiz”. (Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikaslea)

Horrez gain, adinekoekin sortu duten harremanak lagundu die bizitzeko modu desberdinak ezagutzen:

“Belaunaldietan guztia oso desberdina dela ikasi dut nik; izan ere, adineko gizonak lehenago bizi izan dira, eta orain bizi dugunaren oso bestelakoa da. Lehen, ez zegoen ez Internetik, ez telebistarik, ezta telefono mugikorrik ere; orain, gailu batzuek bizitza errazten digute. Eta belaunaldiak, desberdinak izan arren, oso berdinak dira nire iritziz; adineko gizonak gu bezalakoak ziren txikitan, baina baliabide gutxiagorekin”. (Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikaslea)

Baikortasun handiagoa

Adinekoen ustez, berriz, esperientzian parte hartzeak eragina izan du beren aldartean, gogotsu eta pozik parte hartu baitute esperientzian. Izan ere, penaz agertu dira jarduera ikasturtearekin batera amaitzen zelako:

“Ostiralero egongo nintzateke; hala da oso zoriontsua izan naizelako; pena ematen dit amaitzeak”. (70 urteko parte hartzailea)

Ildo beretik, kulturartekotasuna sustatzea eta gizartearen parte aktibo sentitzea dira belaunaldien arteko esperientzietan parte hartzearen abantailarik nabarmenenak, beren hitzetan:

“Beste kultura batzuetatik ikastea, haurrekin bizitzea, nik dakidana irakatsi ahal izatea. Batez ere, maitasuna ematea”. (86 urteko parte hartzailea)

Horrek guztiak sortzailetasun esperientzia bat ekarri du, haren bidez, izan ere, bi kolektiboek beren burua proiektatzen dute eta baliagarriak dira beste pertsona batzuentzat; onuragarri zaie, orobat, bi norabideko lotura afektiboa.

Akademiaren eta errealitatearen arteko lotura

Nabarmentzekoa da, berriz, akademiaren eta bizitza errealaren arteko lankidetza prozesu horretan guztian zehar lankidetza hori berrelikatu ahal izan dela sareak eta hobetzeko planak sortuz, hala jardueren garapenean nola ebaluazioan.

Laburbilduz, belaunaldien arteko proiektua aukera ezin hobea da ikasteko, irakasteko eta hazteko sinergiak sor daitezen. Izan ere, ikasleek eta adinekoek, bizikidetzaren eta irakurketaren bidez, elkarrekin ezagutzen, egiten, izaten eta bizitzen ikasteko modu berri eta atseginak eskuratzen dituzte. Horren erakusgarri da Europako TOY erakundeak belaunaldien arteko proiektu aitzindari gisa eman berri dion kalitate ziurtagiria.

 

Artikulu hau eta aipatutako proiektua Asier Manero Olivak –BIZAN San Martíneko koordinatzaileak– eta Javier Gómez de Arteche Gondrak –KOKUKeko programa koordinatzaileak eta hezitzaile kokurrikularrak– parte hartu dute.

Proiektuan honako hauek parte hartu dute: Santa Maria de Vitoria HLHI Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea; Sirimiri Zerbitzu Soziokulturalak; KOKUK Gizartean eta Hezkuntza Esku hartzeko Elkartea; Gasteizko Udalaren Landazuriko, Pilarreko eta Koroatzeko BIZAN zentroek (Piztu zure auzoa programaren bidez), eta KideOn ikertaldea.