euskaraespañol

Formula Student Bizkaia i3 beste helburu baten bila: garapen jasangarria

Taldeak hitzarmen bat sinatu du UPV/EHUrekin, lasterketa-autoa eraikitzeko GJHak betetzeko

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/04

(Beste leiho bat zabalduko du)
bideoako esteka
Taldeak hitzarmen bat sinatu du UPV/EHUrekin, lasterketa-autoa eraikitzeko GJHak betetzeko

Gela batean sartu gara, eta Formula Student Bizkaiako (FSB) taldeburuak bilera egiten ari dira, hurrengo ibilgailua prestatzeko: txasisa, aerodinamika, dinamika, simulazio, potentzia-trena, antolakuntza... Bakoitzak bere ordenagailua aurrean duela, nork bere ardurapeko auto-zatiaren informazioa eman du, eta batak besteari egin dizkioten galdera zehatzei erantzun diete. Ez da klase-praktika bat: hartzen dituzten erabakien mende egongo da 200.000 eurotik gorako kostua duen proiektu baten arrakasta edo porrota, eta Montmelóko edo Silverstoneko top tenean berriro egotearen ohorea…

«Formula Student Bizkaia enpresa ertain baten simulazio bat da, non urtero 50 bat ikaslek auto bat eraikitzen baitute zerotik», azaldu du Javier Corralek; Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea da bera, eta proiektuaren koordinatzailea, eskola bereko beste hiru irakaslerekin batera: Charles Pinto, Asier Zubizarreta eta Mikel Díez.

Ikasturte honetan Formula Student Bizkaia proiektuak ezaugarri berri bat du, UPV/EHUren garapen iraunkorraren politikekin, zehazki i3KD-arekin, lerrokatzen duena. 

Ikasturte honetan Formula Student Bizkaia proiektuak ezaugarri berri bat du, UPV/EHUren garapen iraunkorraren politikekin, zehazki i3KD-arekin, lerrokatzen duena. «FSBren filosofia da ikasleek berek zuzentzea beren prestakuntza eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza —dio Javier Corralek—. Lan-ildo hori guztiz bat dator I3KD-ren hezkuntza-ereduak proposatzen duen rol aktiboarekin. Horregatik, Berrikuntza, Gizarte Konpromiso eta Kultur Ekintzako Errektoreordetzarekin harremanetan jarri ginen, eta lanerako ibilbide berri bat proposatu genien».

Proposamena interesez hartu zen, eta proiektua birbideratu zuten Idoia Fernández errektoreordearekin batera, eta hark «FSBa EHUagenda2030en Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) argiago orientatzera» bultzatu zituen. «Eta hori ez zitzaigun asko kostatu —argitu du Corralek—, haietako asko betetzen ari ginelako, izandako elkarrizketetan ikusi genuen bezala». “Ikuspegi berri horrek aurretik egiten zenaz jabetzea ekarri zuen, eta ikasle emakumeak ahalduntzeko erronkak eta errekurtso materialak kudeatzeko azaldu zituen.

 

Jasangarritasunarekiko konpromisoa

Hortik aurrera, hitzarmen bat sinatzeko aukera sortu zen. Hitzarmen horretan, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak konpromisoa hartu zuen proiektua GJHen alde bideratzeko: kalitateko hezkuntza (GJH 4), genero-berdintasunaren defentsa (GJH 5), energia eskuragarri eta ez-kutsatzailearen erabilera (GJH 7), ekintzailetza, kreatibitatea eta berrikuntza (GJH 8), ekoizpen eta kontsumo arduratsua sustatzea (GJH 12), eta helburu horiek lortzeko beharrezko diren aliantzak egitea (GJH 17).

Berrikuntza, Gizarte Konpromiso eta Kultur Ekintzako Errektoreordetzak, bestalde, Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin batera, proiektuari babes handiagoa emateko konpromisoa hartu zuen; besteak beste, Hezkuntza Berriztatzeko Proiektu gisa hartu zuen, eta FSBi3 irakasle-taldeari berrikuntza-talde espezializatuen tratamendu bera aitortu zion, horrek dakartzan onurekin.

Taldea ikasleek zuzentzen dute. Aurten, emakume bat, Nerea Marrodán, da taldearen ‘team leader’a, eta harro esan du «munduan berdinik ez duen auto bat» egiten ari direla. «Pieza bakoitza neurrira enkargatzen dugu», gehitu du. Hori dela eta, ez du disimulatzen hautatuen elkarte bateko kide izateak sortzen dion poza: «Hemen enpresa bateko kide egiten zara, eta hasieratik gauza berriak ikusten eta ikasten dituzu. Beste inon aurkituko ez duzun aukera paregabea da. Ezagutza-arlo guztietan parte hartzen duzu: aritu zaitezke pieza baten mekanizazioan, proiektua babesleei azaltzeko hitzaldiak ematen... Zure gain hartzen duzun erantzukizunaz gain... ezin diozu taldeari huts egin».

Taldea ikasleek zuzentzen dute. Aurten, emakume bat, Nerea Marrodán, da taldearen ‘team leader’a

Iritzi berekoak dira taldeko beste kide batzuk ere: Eric Parra da Simulazioa taldearen arduraduna, eta urte eta erdi darama FSBn; sinetsita dago plataforma ona dela «zure interesak zabaltzeko, aukera ematen baitizu interesatzen zaizuna aztertzeko background handia duen jendearekin, zuk baino aise denbora gehiago daraman jendearekin. Zure ideiak garatzeko modu egokia da».

María Celaya ere ados dago. Bigarren urtea du proiektuan, eta oraingo honetan Aerodinamika taldearen arduraduna da. Dioenez, «karreran aurkitu gabeko gauza asko» ikasi du, «bai alderdi teknikoan, bai giza baliabideen edo harremanen kudeaketan».

Corralek dioenez, «talde-lana funtsezkoa da; antolaketa erabakigarria da. Batzuetan tentsioa izaten da, eta hor ere erakutsi behar dira gizarte-trebetasunak, taldea konbentzitzeko zure proposamena egokiena dela, orain soft skills deitzen duguna», zeharkako gaitasun konplexuak direnak eta UPV/EHU osorako era instituzionalean definitu direnak eta i3KD ikaskuntzaren ibilbide-orria osatzen dutenak.

Taldea bera arduratzen da kide berriak hautatzeaz. «Urtero hitzaldiak ematen ditugu, eta proiektua azaltzen diegu bigarren eta hirugarren mailako ikasleei. Interesa duenak galdetegi bat betetzen du, eta hortik aukeratzen ditugu hurrengo hiru urteetan Formula Student Bizkaian parte hartuko dutenak», azaldu du Marrodánek.

Corralek argitu duenez, «hiru urteko zikloetan» antolatzen dute; «izan ere, horrela, beti dago jende berria, ikasten ari dena, eta beste batzuk, berriz, beteranoagoak dira, lidergoa beren gain hartzen dutenak; abian den proiektu batean jartzen dira, eta, gainjartze horrekin, eragozten dugu atzerapena gertatzea helduenek proiektua uzten dutenean, ikasketak bukatzean».

 

Hezkuntza-proiektu aitzindaria

Formula Student Bizkaia 2006an jaio zen, eta, proiektua bi urtez prestatu ondoren, 2008an ikusi zuen barne-errekuntzako bere lehen prototipoa. Hala, Estatuko talde aitzindarietako bat bihurtu zen, Madrilgo eta Bartzelonako unibertsitate politeknikoekin batera. Ordutik hona, 5 errekuntza-ibilgailu eta 8 ibilgailu elektriko jarri dira martxan Montmelóko eta Silverstoneko lehiaketetan.

Hamabost urte hauetan, 350 bat ikaslek hartu dute parte Formula Student Bizkaian. Ordutik, proiektua sendotzea lortu dute; ez bakarrik hezkuntzaren aldetik, baita asfaltoan lortutako emaitzetan ere. 

Hainbeste non, lehen urtean lasterketetan ez parte hartzetik, gaur egun txapelketetako top ten-ean egotera pasatu baitira parte hartzen duten lehiaketetan: Silverstone eta Montmeló. Are merezimendu handiagoa dute alderatzen baditugu hemen erabiltzen dituzten kopuruak eta sailkapenean gorago daudenenak...

Nerea Marrodánek dioenez, «gure gainetik dauden proiektuek FSBk baino bost aldiz aurrekontu handiagoa dute, eta hori, gure taldearentzat, irabazi izan bagenie bezala da, frogatu baitugu gure baliabideak askoz hobeto erabili ditugula».

Datorren urterako, bi ibilgailu eraikitzea pentsatu dute; dagoeneko lanean ari dira haietan, eta batek berrikuntza handiak izango ditu. Helburuak hauek izango dira: sailkapenean gora jarraitzea, finantza-egonkortasuna bermatzea, onarpen akademikoaren ildotik jarraitzea eta, jakina, Garapen Jasangarriko Helburuak betetzea.