euskaraespañol

Unibertsitateen G-9 Taldeak Campus Digital Partekatuaren eskaintza handitu du

Prestakuntza eskainiko zaie ikasle guztiei, irakasle eta ikertzaileekin, AZPkoekin eta doktoregoko ikasleekin egiten den bezala

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/04

Irudia
Unibertsitateen 9. Taldeko Antolamendu Akademikorako Batzorde Sektoriala BIlbon bildu da. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Unibertsitateetako G-9 Taldeak Campus Digital Partekatuaren eskaintza zabaldu du, eta prestakuntza eskainiko die ikasle guztiei, irakasle eta ikertzaileekin, AZPkoekin eta doktoregoko ikasleekin egiten den bezala. Hori izan da Unibertsitateen 9. Taldeko Antolamendu Akademikorako Batzorde Sektorialak jorratutako punturik garrantzitsuenetako bat. Bilera Bilbon izan da , Bizkaia Aretoan, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea buru dela

Zehazki, G- 9ak taldearen campus digital partekatuarekin lotutako hainbat gai jorratu ditu. Alde batetik, Batzordeak G-9ko gradu eta masterreko ikasleentzako prestakuntza-planaren proposamena aztertu du. Prestakuntza-plan honek Taldeko gainerako unibertsitateetan online modalitatean emandako irakasgaien eskaintza bat G-9ko ikasleen eskura jartzea aurreikusten du, zeharkako edo diziplinarteko prestakuntzarako. Eskaintza hori ikasleari unibertsitate-hedapeneko edo etengabeko prestakuntzako kreditu gisa aitortu ahal izango zaio, eta titulu ofizialaren Europako Gehigarrian islatuko da. Horretarako, G-9ko unibertsitate bakoitzak G-9ko ikasleentzako prestakuntza-plan honen barruan partekatu beharreko irakasgaien eskaintza bat hautatzeko konpromisoa hartu du, abian jarri aurreko urrats gisa. Europako Batzordearen Horizonte Europa programako munduko erronken eta industria-lehiakortasunaren sei klusterrekin bat datozen sei eremu handitan biltzea erabaki da prestakuntza-eskaintza hori.

Bestalde, G-9ko master ofizialen sustapenarekin eta nazioarteko ikasleak erakartzearekin lotutako Campus Digital Partekatuaren beste proposamen bat aurkeztu da. Asmoa da nazioarteko ikasleek erakunde desberdinak eta horietako bakoitzaren nazioarteko master eta tituluen eskaintza ezagutzea, partekatutako Campus Digitalaren barruan egin beharreko jardueren bidez.

Batzorde Sektorialaren bilerak unibertsitate-irakaskuntzak antolatzeko Errege Dekretua ezartzeari ere ekin dio. Taldeak Unibertsitate Kalitateko Agentzien Espainiako Sarearen (REACU) protokolo berriak aztertu ditu, eta irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren eragina aztertu du (822/2021 Errege Dekretua, unibertsitate-irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena).

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen 9 Taldea (G-9) dagokien autonomia erkidegoan bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

Elkartearen xedea taldeko unibertsitate erakundeen arteko harremanak bultzatzea da, unibertsitate erkidego bakoitzeko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan parte hartzea sustatzeko, besteak beste. G-9ko unibertsitateek 170.000 ikasle, 19.340 irakasle ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako 8.160 langile dituzte.