euskaraespañol

Ekosistema bat fakultatearen atean

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/17

Irudia
Lidia Caño eta Pedro Ayerbe Gipuzkoako Campuseko urmaelaren ondoan, Elbira Zipitria Zentroaren ondoan | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Gipuzkoako Campuseko urmaelean natura ikusi eta entzun dezakegu gure lan ingurunean. Urmaela ekosistema bizi eta aldakor bat da. Udaberrian eta udan oparoa da; landareek, beren loreak harro erakusten, polinizatzaileei eskaintzen dizkiete; koloretako sorgin-orratzak gure buruetatik zentimetro gutxira pasatzen dira edo pausatu egiten dira adi-adi ikus ditzagun; igelek koru etengabean korroka egiten dute. Eta udazkenean eta neguan, hain agerikoak ez izan arren, minutu batzuk isilik ikusten dakienak ere antzematen ditu urmaelaren sekretuak.

Egunean zehar ere aldatu egiten da urmaela. 08:15ak dira. Oraindik eguna argitzen ari da.  Lehen txoriak kantari entzutean, burua lasaitu egiten da, goizeko belar hezearen usaina sakon arnasten da, eta eguna gogotsuago hasten da. “Entzuten den hori birigarro bat da”, esan digu ordu horretan sartu den Esperientzia Geletako ikasle batek. Arratsaldeetan, eskolak bukatu direnean, haurrak alboko parketik hurbiltzen dira igela ikustera. Intsektuak jirabiraka dabiltza, eta, udan, kilkerrak ditugu lagun.

Biok fakultatean gaudenean, urmaelera hurbiltzen gara zer gertatzen ari den ikustera (gaur, argazki hau ateratzera joan gara). Liztor talde bat urmaelaren izkina batean dago, kuxkuxean. Zer harrapatu nahi dute? Zeren bila dabiltza? Bitartean, bi igel ageri dira ur azalean, geldi. Geldi-geldi daude, ezer axola ez balie bezala, baina, adi-adi daude. Zerbaiten zain daude? Bat-batean, liztor bat uretaraino jaitsi da. Hona gure hipotesia: ura edaten ari dela uste dugu. Baina gehiegi berandutzen da. Gehiegi. Igeletako bat bat-batean oldartu zaio liztorrari; ahoa ireki eta liztorra dagoen lekurantz salto egin du. Ez dago haren arrastorik. Igela urperatu egiten da. Eta dena ikusi dugu. Igelak bere garaipena ospatzen du eta guk gure zortea. 

Eta horregatik da putzua gure txokoa.

Lidia Cañok eta Pedro Ayerbek aukeratu dute toki hau. Lidia Matematika, Zientzia Esperimental eta Sozialen Didaktika Saileko irakaslea da eta Pedro Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko (II. eraikina) atezaina. IHGEL proiektuko lraunkortasunerako Ikaskuntzarako Hezkuntza Graduetako Ekosistema eta Laborategi Naturaleko kideak dira. Bai eta aurreko hitzen egileak ere.

Nola iritsi: 43°18'47.5"N 2°00'33.3"W