euskaraespañol

Gure txokoak: Zubian, zaintza egiten

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/03

Itsaso Ibáñez
Itsaso Ibáñez, 'Beheko Zubia’ izeneko ikasgela-laborategian. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

“Merkataritza Ontzidian hasi nuen nire jarduera profesionala. Ez zen erraza izan nire promozioko emakumeentzat, gu geu izan baikinen nautikako ikasketetan matrikulatu ahal izan ziren lehenak, 1978ko Konstituzioak debekua kendu zuenean. Emakume aitzindariak izan ginen tradizioz maskulinoa zen lan esparru batean, eta horri gehitu behar zitzaizkion ontziko languneak zituen berezko zailtasunak, egungo hedabiderik ez zuen gizarte itxi eta bakartu batean.

Bai ontzi enpresek bai itsas sektoreak, oro har, uko egin zioten gure kualifikazioa zuten emakumeak enplegatzeari, eta, ondorioz, bestelako aukerak bilatu beharrean izan ginen. Aukera sortu zenean, ez nuen inolako zalantzarik izan Nautika Eskolan irakasle sartzeko, non, zorionez, beste irakasgai batzuetako hainbat emakume irakasle aurkitu bainituen klaustroan: Materialak, Matematika, Kimika, etab.

Pilotua izan nintzen, eta, egun, nabigazio irakaslea naiz. Lan handia eta ilusio handia jarriz hasi nintzen lanbide honetan. Gero, Eskola Unibertsitatean sartu zenean, 1994an, irakaslana hobeto egin nahian, etengabeko prestakuntza jasotzeko aukera izan nuen. Orain erretiroa ate joka dudalarik, lehen eguneko ilusioari eusten diot. Nire gune gogokoena ‘Beheko Zubia’ dut, ikasgela-laborategia, irakasle eta ikasleok irakatsi eta ikasteko dugun lekua, metodologia aktiboak erabilita. Hor ere eusten diegu gure esentzia definitzen duten NAUTIKA letrei. Letra horiek 2017an kendu ziren fatxadatik, Bilboko Ingeniaritza Eskola sortu zenean, makroikastegi berrian sartu gintuztenean.”

Horixe da Itsaso Ibañez Bilboko Ingeniaritza Eskolako (Nautika) irakaslearen txokorik gogokoena. Eta bera da, bestalde, aurreko lerroen egile.

Nola iritsi43° 19’ 38” N - 003° 01’ 22” W