euskaraespañol

Hizkuntzaren eta adimenaren garapeneko ezohiko ibilbideak: UPV/EHUko diagnostikatzeko eta ikertzeko tresnak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/17

Ezkerretik eskuinera, Marta Ponciano, Natalia Barbarroja, Ekaine Rodríguez, Isabel Martín, Elena Castroviejo eta Agustín Vicente.
Ezkerretik eskuinera, Marta Ponciano, Natalia Barbarroja, Ekaine Rodríguez, Isabel Martín, Elena Castroviejo eta Agustín Vicente. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Language in Neurodiversity Lab (Lindy Lab) taldea hizkuntzaren ezohiko garapena lantzen ari da eta duela urte batzuetatik Autismo Araba Elkartearekin elkarlanean dihardu. Bere helburu nagusia honako hau da: AENa (autismoaren espektroko nahasmendua) eta HGNa (hizkuntzaren garapen nahasmendua) profilak diagnostikatzeko eta ezagutzeko lagungarriak izan daitezkeen hizkuntzaren garapenean giltzarri diren elementuak identifikatzea, bai ohiko, bai ezohiko garapenekoak.

Lindy Lab taldeko kideak bai ikerketaren, bai praktikaren esparruetakoak dira: batetik, unibertsitate eta zientzia arloetako ikertzaileak daude eta, bestetik, AENa edo HGNa dutenei eta haien familiei arreta eta laguntza ematen dieten inguruneetan esku hartzen eta diagnostikoak egiten dituzten pertsonak. Bi helburu dituzte beren lanean: AENa eta HGNa dutenen hizkuntza eta adimen gaitasunei buruzko ezagutza handitzea eta haiekin elkarlanean ari diren pertsonei eta familiei onura bat eskaintzea.

Autismo Araba elkartearekin eta autismoa edo hizkuntzaren garapeneko arazoak dituzten pertsonekin lan egiten duten beste erakunde batzuekin elkarlanean, pertsona interesdun guztiei test psikometrikoak egiten ari zaizkie, autismoa diagnostikatzeko ADOS-2 testa barne. Horrela, familiek beren seme-alaben adimen, hizkuntza, komunikazio eta gizarte gaitasunen argazki bat lortzen dute. Une honetan, Arabako lurraldean test hori egiten duen eragile bakarra da.

HGNak hizkuntzaz jabetzeko zailtasunak sortzen dizkie ez entzumen desgaitasunik, ez garapen atzeratasunaren beste inolako kausarik ez duten umeei. Jatorria ezezaguna da, baina azterlan gehienek alterazio genetikoekin lotzen dute. Bestetik, AENa gaixotasun multzo bat da. Horien ezaugarriak gizarte jokabidea, komunikazioa eta lengoaia alteratuta izatea –hainbat mailatako alterazioa izan daiteke– eta interes eta jarduera multzo murritz, estereotipatu eta errepikakorrak izatea dira. Askotariko faktoreek eragiten dute nahasmendu hori; besteak beste, genetikoak eta ingurumenekoak izan daitezke.

Autismoa Diagnostikatzeko Behaketa Eskala-2 (ADOS-2) komunikazioa, gizarte elkarrekintza eta jolasa edo materialen erabilera irudimentsua neurtzeko ebaluazio estandarizatu eta erdiegituratu bat da, ustez autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei zuzendua. Ebaluatzaileak AENa diagnostikatzeko esanguratsuak diren jokabide sozial eta komunikatibo jakin batzuk dauden edo ez ikusteko testuinguru estandarizatu batzuk ematen dituzten jarduera multzo batez osatuta dago.

Lindy Lab taldearen lanari esker, gurasoek testak nola egiten diren ikusi eta haien seme-alaben indarrak eta ahuleziak zein diren in situ irudikatu dezakete. Gainera, ADOSen kasuan, bideoa eta puntuazio haiekin batera errepasatzen dira.

Hizkuntzaren garapeneko ezohiko bilakaerak elkarren artean oso ezberdinak dira. Autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN) ardatz hartuta ere, heterogeneotasun izugarria ikusten da. «Esparru honetan oso ohikoa da azterketetako emaitzak ez errepikatzea, neurri batean heterogeneotasun horren eraginez. Gure helburua ez da talde jakin batek –adibidez AENa dutenek– hizkuntzarekin lotuta dituen arazoak identifikatzea, baizik eta azpitalde batzuentzat problematikoak izan daitezkeen elementuak aurkitzea eta, hala, bai hobeto ulertzeko, bai diagnostikorako tresna zehatzagoak lortzeko baldintzak sortzea», nabarmendu du taldeak.

Informazio osagarria

Lindy Lab taldea Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldearen (HiTT) parte da. Azken horretako ikertzaile nagusia Gorka Elordieta da eta hark gizakien hizkuntza gaitasuna ikertzen du, ikuspegi interlinguistiko batetik, fonologia, sintaxi, semantika eta pragmatika eremuetako analisi formal eta esperimentalaren bitartez.

Arabako Campuseko Micaela Portilla Ikergunean du egoitza, eta kideak honako hauek dira: Elena Castroviejo (UPV/EHU), Agustín Vicente (Ikerbasque eta UPV/EHU), Laura Vela (UPV/EHU), Marta Jorba (UPF), Urtzi Etxeberria (IKER‑CNRS), Valentina Petrolini (UPV/EHU), Alba Raventós (Centre de Psicologia Origo), Ekaine Rodríguez (Tipi Haur Garapena), Itziar Arbina (Landaberde autismo elkartea / eguneko zentroa), Julen Juanicotena (Landaberde autismo elkartea / eguneko zentroa), Oiane Musitu (Landaberde autismo elkartea / eguneko zentroa), Óscar Fernández de Gamarra (Landaberde autismo elkartea / eguneko zentroa), Sara Moscardó (Ilargia Haur Garapena), Natàlia Barbarroja (UPV/EHU), Isabel Martín (UPV/EHU) eta Marta Ponciano (UPV/EHU).