euskaraespañol

Ekai Txapartegi

Kolore gorriaren historia: labar pinturetatik pigmentu onenen merkataritzara

Filosofia saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/01

Irudia
Ekai Txapartegi. Argazkia: UPV/EHU

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Kolore gorria bizirik dago, dinamita kartutxo baten antzera.

“Gorriak” edo “gorria” esapideak, adibidez, esanahi sinboliko eta identitario handiz beteta daude, hala nola energia, sena edo araztasuna.

Gorria erakargarria da, merezi duenaren gainean pausatzen da. Izan ere, kolore gorriarekin dugun harremana uste duguna baino intimoagoa eta sakonagoa da. Ba al zenekien, esate baterako, gure gizatasunaren zati bat zor dizugula?

Lehendabiziko pintura, ahazten ez dena

Goethek kolore gorriari buruzko bi gauza harrigarri adierazi zituen:

Nabarmena da herri basatiek kolore honekiko sentitzen duten grina. Eta haurrak beren kabuz koloreekin jolasten uzten ditugunean, ez dute ahazten inoiz kolore gorria.

Goethek bete‑betean asmatu zuen: kolore gorria ez da ahazten. Bere izaera primitiboak inork inoiz ahazten ez duen erregistro bat uzten du oroimenean.

Gorria jatorrizko lurraren kolorea da, lur herdoilduarena, okrearena eta buztinarena. Labar artearen pinturetan oso erabilia, beltzarekin, marroiarekin eta horiarekin batera, naturaren erraietatik berez sortzen den pintura sakratua da kultura askotan. Adibidez, okre gorria, Goetheren ustez inoiz ahaztuko ez duguna, Homo Sapiensaren lehenengo pintura izan zen seguruenez.

Hegoafrikako Blombos haitzulo ezagunean, esate baterako, nahita margotutako arroka bat aurkitu zen, ezagutzen dugun zaharrena, duela 75.000 urtekoa. Okrea da, burdina asko duen minerala eta oxidatzean gorrixka bihurtzen dena. Okrea da, hain zuzen, lurrazaleko pigmentu natural hedatuena. Blombosen margotutako arroka txiki horrek iradokitzen du lehen Homo Sapiensek bazekitela okrea nola erabili beren kobazuloetako hormak eta ehiza tresnak modu sinbolikoan eta sormenez margotzeko.

Baina denboran haratago joan gaitezke. Orain hasi gara jakiten pigmentuen erabilera lehenagokoa ere izan daitekeela. Zambiako Kabwe haitzuloetan, Erdialdeko Afrikan, duela 500.000 eta 300.000 urteko pigmentuak diruditen arrastoak dituzten hainbat tresna aurkitu dira. Homo Sapiensa iritsi baino askoz lehenagokoak, Lurra zapaltzen zuen gizakirik ez zegoenekoak.

Pigmentu sakratua, gizatiartzeko jarduna

Ernst Cassirer filosofoak, gizakia definitzean, animalia sinbolikoa dela esan zuen. Eta beste filosofo batek, Ian Hacking-ek, zabaldu egin zuen ikuspegia, eta zehaztu zuen irudikapen sinbolikoaren jatorria ez dela hizkuntza naturalera mugatzen; pixka bat lehenago aurkitzen da, nahita egindako keinu eta arte adierazpenean.

Izan ere, pigmentuak hain goiz aurkitzeak adierazten du gure arbasorik urrunenak, oraindik hizkuntzarik ez bazuten ere, gai zirela sinbolikoki aritzeko, gizartean eraikitako estandar batzuen arabera. Eta hori horrela izan bazen, orduan zaila da jakitea gizakiok sortu genuen pintura gorria, edo pintura horrek sortu gintuen geu.

Pigmentuen erabilera hizkuntzaren aurrekoa bada, horrek ematen du aditzera arte sinbolikoa hizkuntzaren aurrekoa dela. Hortik abiatuta, pentsa dezakegu lehenengo tresna konplexuen fabrikazioa eta artea parean joan zirela; hau da, bat egin zutela lehenengo formulazio linguistikoen aurreko tresnen fabrikazioak eta pigmentuen erabilera sinboliko, sortzaile eta adierazkorrak.

Agian, eta poesia egin gabe, literalki esan daiteke okre gorriak egin gaituela gizaki.

Balio handiko tindua

Gerora ere, gizarte konplexuagoetan, pigmentu gorriak bere posizio pribilegiatua gordetzen jarraitu du. Mendeetan zehar, pigmentu gorri baloratuenak eta eskasenak trukeak egiteko edo zergak ordaintzeko erabili izan dira, bai eta etorkizunerako inbertsioak egiteko ere. Ezinezkoa litzateke jakitea zenbat merkatari, abenturazale edo soldaduk arriskatu dituzten beren bizitzak pigmentu gorri onenak lortzeko edo garraiatzeko, gobernari ustelak, bide lapurrak eta itsas zabaleko piratak nagusi ziren ibilbide basatietan barrena.

Julio Zesarrek 49ko urtarrilean Ponpeiara joan zenean egin zuen bezala, askok zeharkatu dute Rubicon ibaia (“ruber” latinez gorria da), debekatua eta arriskutsua den hori sinbolizatzen duen lerro gorria.

Pigmentu gorriaren garrantzi politiko eta ekonomikoak bere balio artistikoa du oinarri, giza begiarentzat deigarria eta ordezkaezina dena. Kalitateko gorria beti izan da oso garestia. Plinio Zaharrak, adibidez, kontatzen du nola lapurtzen zuten margolari klasikoek zinabrio minerala erabiliz egindako tindu gorria.

Artista haiek etengabe garbitzen zuten brotxa uretan, gero ur horrekin geratzeko. Aparteko ordainsaria lortzeko modu sotila. Zinabrioa okrearen anaia inperiala zen, oso ikusgarria eta askoz ere baliotsuagoa, eta Almadengo (Ciudad Real) merkurio meatzeetatik ateratzen zen, lurreko infernu hilgarritik.

Okrearekin eta zinabrioarekin, karmina lehiatzen zen. Izan ere, Erromatar Inperioaren garaian, iberiar penintsulako biztanleek karminez ordaintzen zituzten zergak, kolore gorri organiko batez. Erromara bidaltzen zituzten zergen erdiak kotxinila edo kukurutxez betetako zakuetan zihoazen, karmina intsektu txiki horietatik ateratzen baitzen, emeetatik.

Gauza bitxia da mila urte geroago penintsulako egoera alderantzizkoa izatera pasatu zela; karminetan ordaintzetik karminetan kobratzera pasatu ziren. 1523. urtetik aurrera, Espainiako konkistatzaileei ordaindu beharreko zergen erdia kotxinila edo kukurutxetan ordaintzen hasi ziren Mexikoko herri aztekak. Ozeanoan barrena, milaka kotxinilla zaku iritsi ziren penintsulara, trilioi intsektu lehortu, Europakoak baino kalitate handiagokoak.

Errenazimentuko garai hartan, eta barrokoraino, tindu gorria balio ekonomiko segurua izan zen, batez ere ehungintzako artisautza hasiberriaren ondorioz. Armada britainiarraren uniformeak, adibidez, karminez tindatzen ziren, zaurien odola kamuflatzeko borroka eremuan. Bitxia da nola hamarkada luzeetan, eta ozeanoz haraindiko monopolioari esker, Espainiako inperioak dirua jaso zuen bere etsai nagusiaren uniformeak karminez tindatzeagatik.

Eta, hain zuzen ere, Mexikoko karmin hark, kolore gorri bizi zoragarria duen hark lagundu zuen kosmetika eta makillajea hedatzen XVII. mendeko Europan. Orain nazkagarria iruditzen bazaigu ere, intsektuen arrautzetako odol ederrak burgesiaren matrailak edertu zituen 200 urtez. Nazka ematen du, ezta? Horregatik, Espainiaren sekreturik ezkutuenetako bat izan zen, harik eta frantses batek, Menonvilleko Thierry izeneko batek, 1787an frogatu zuen arte karmina intsektuen odola zela, Victoria Finlay pinturaren historialariak azaltzen duen bezala. Hor amaitu zen espainiarren negozio kosmetikoa eta Europako jauregien rokokoa.

Okrearen gerra

Kalitateko pigmentu gorria balio handiko merkantzia izan da; merkatuak eta industriak sortu ditu, baita gerraren bat ere. Gerra bat kolore gorriagatik?

Finlay‑k azaltzen du nola, mendeetan, Australiako aborigenek okrea eta drogak trukatu zituzten. Leku sekretu eta sakratuetatik ateratzen zituzten okre arrokak eta nikotina duen landare batekin trukatu, piruliarekin. Indigena horiek ez zuten hartzen sakratutzat edozein okre mota, baizik eta lurrak ezkutatzen duen horixe bakarrik, merkurio ukituari esker nabarmentzen dena, horrek bere gorria hemofilikoagoa, distiratsuagoa, hezeagoa eta dinamikoagoa izatea eragiten baitu.

Trukeen, sekretuen eta praktika animikoen oreka hori suntsitu egin zen jende zuri finkatu berriak okre meategien ustiapen masiboari ekin zionean, okrearen gerra ezaguna (1860) eta okrearen sarraskia (1863) eraginez.

Azken batean, duela ehunka mila urte, okreak margotzen irakatsi zigun, jardun artistikoaren bidez hizkuntza sinbolikora iristen lagunduz. Zentzu nahiko literalean, gure gizatasuna zor diogu. Baina, paradoxikoki, duela 300.000 urte gizatiartu gintuen kolore berak, gizatasuna kendu zien Australian finkatutako kolono zuriei XIX. mendean.

Horrela idatzi du gorri biziak gizateriaren historia. Bere erraietatik doan odola.