euskaraespañol

Euskara modernoaren hiztegirik zehatzena landu du UPV/EHUko Euskara Institutuak

'Egungo Euskararen Hiztegia' 25 milioi testu-hitzez osatutako corpusean oinarritzen da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/14

Irudia
Junkal Gutierrez, Miren Azkarate, Ibon Sarasola, Eva Ferreira, Pello Salaburu, Xabier Arauzo eta Itziar San Martin. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

'Egungo Euskararen Hiztegia' (EEH) proiektu erraldoia amaitu berri du UPV/EHUko Euskara Institutuak. Lana 2008. urtean abiatu zen, eta 15 urte behar izan dira bukatzeko. Tamaina aldetik aparta da, paperean argitaratuko balitz, kalkulatzen da 30 bat liburuki beharko liratekeela, 16.000 bat orrialde. Egungo Euskararen Hiztegian  70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz multzo aurki daitezke.  

Gaur goizean, prentsaurrekoan aurkeztu den Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) da une honetan euskara-euskara hiztegirik zehatzena eta nahi duen orok UPV/EHUren webgunean kontsulta dezake. Erabilera errealean oinarritutako hiztegia da. Oinarri bezala Ereduzko Prosa Gaur corpusa hartu da,  hori ere Euskara Institutuak garatua. Corpus horretako hitz guztiak jaso ditu Egungo Euskararen Hiztegiak, eta horrek eman dio duen tamaina.  

“Egungo Euskal Hiztegia paperean argitaratuko balitz, 16.000 orrialde baino gehiago izango lituzke. Horrek bere dimentsio fisikoa adierazten du, noski, baina batez ere bere asmo intelektuala ere. Proiektuaren beste ezaugarri garrantzitsu bat azpimarratu nahi dut: erabilgarritasuna, irekitasuna. Hiztegi honetan interesa duten lagun guztien eskura egongo da. Horrek Euskal Herriko Unibertsitatearen nortasuna islatzen du: gure lan guztia, beti, euskal gizartearen eta gure kulturaren onerako zuzendua dagoela. Gure unibersitate publikoa ez dago bakarrik bide horretan baina, zalantzarik gabe, erakunde erabakigarrietako bat da euskal hizkuntza eta kultura zaindu eta garatzeko. Zeregin horretan Euskara Institutuaren lana funtsezkoa izan da eta izango da”, nabarmendu du Eva Ferreira errektoreak.  

Hiztegi hori euskara modernoaren zehatzena eta zabalena izango da. “Erreferente izango da, hiztegiaren izenak dioen bezala, egungo euskararen lexikoa jasotzen baitu. Izan ere, 'Egungo Euskararen Hiztegia', 2000-2006 urte bitartean publikatutako 25 milioi testu-hitzez osatutako corpusean oinarritzen da, Ereduzko Prosa Gaur corpusean”, adierazi du Itziar San Martinek, Euskara Institutuko zuzendariak.  

Hauek dira kopuru zehatzak: 

— sarrerak: 70.751 

— sarrerak + adierak: 251.153 

— adibideak: 529.227 

— hitz multzoak: 663.172 

Hiztegiko sarreretan hitza ageri den testuingurua erakusten da, eta baita iturburua, hau da, nork non erabili duen. Horrez gain, hitz multzoen maiztasunen inguruko informazioa ere jasotzen du, hau da, hitz jakin bat zein beste hitzekin erabili ohi den, gutxienez hiru aldiz.  

Lana Ibon Sarasola, UPV/EHUko irakasle ohi, Euskaltzain emeritu eta hizkuntzalari eta filologoaren gidaritzapean egin da. Sarasola Koldo Mitxelenarekin batera hasi zen lanean Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian: “Kasualitatez nago hemen. Mitxelenak laguntza eskatu zidan eta zaletu egin nintzen. Oso ondo pasatu dut hiztegia egiten: orain, jostailua kendu didate”. Josu Landaren partaidetza proiektuan ere goraipatu du: “Josu ibili da buru-belarri lanean eta hiztegiaren formatua landu du. Haren laguntzarik gabe, ez nukeen hiztegia egingo”. Teknologiaren garrantzia ere azpimarratu du: “Gaur egun, horrelako hiztegi bat ezin duzu teknologiarik gabe egin”.

Hiztegia Pello Salaburu (UPV/EHUko katedradun eta errektore ohia) Euskara institutuko zuzendaria zenean jarri zen abian. Salaburu Euskara Institutuko zuzendari gisa Miren Azkarate Villar UPV/EHUko Euskal Filologiako katedradunak ordezkatu zuen. “Nik hiztegi bat kontsultatzen dudanean, batez ere oso ondo menperatzen ez dudan hizkuntza batean, ikaragarri eskertzen dut ez bakarrik hitz baten esanahia aurkitzea, baizik eta hitz hori zein testuingurutan ari den. Hori da hiztegi honek adierazten duena”, adierazi du Azkaratek.

Euskara Institutua 

Euskara Institutuak euskal hizkuntza aztertzea du xede, besteak beste, gramatika, lexikoa, gizartearen esparruan egiten den erabilera eta terminologia zientifikoa. Euskara Institutuak sarean eskaintzen ditu XXI. mendeko euskarari dagozkion datu base moderno eta handienak (gramatikak, corpusak, hiztegiak…). Ekimenen artean aipa daitezke Sareko Euskal Gramatika, lehenengo gramatika modernoa eta entziklopedia ere badena, interneten bidez kontsulta daitekeena, eta etengabe gaurkotzen dena; corpusak, hau da, euskararen erabileraren egiazko adibideak, gaur egun argitaratutako liburu eta prentsatik bildutakoak, eta Egungo Euskararen Hiztegia.