euskaraespañol

In memoriam: José Ramón Quintana Insagurbe

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/08

Irudia

Lagun ausarta eta maitatua

Bizitzak batzuetan harritu eta zer pentsa jartzen gaitu, nahiz eta jakin gure gorputzak iraungitze data duela. Geure artean, inork ezin zuen sinetsi Joserrak alde egin digunik.

Duela bi urte eta erdi, 30 lagunetatik gorako talde bat iritsi zen UPV/EHUra, Arabako Esperientzia Geletan 4 urtetako bidaiari ekiteko. Ez genuen elkar ezagutzen, eta bakoitzak istorio pertsonal ezberdin eta ezezaguna zekarren besteekiko. Hala ere, aste gutxi batzuk nahikoa izan ziren pertsona batzuk gu guztion artean nabarmentzeko. Gure gelako ordezkari bat izendatzeko unea iritsi zenean, Joserrak eskaini zuen bere burua, eta denok ados egon ginen. Aste horietan zehar, pertsona ireki gisa agertu zen, kontaktu errazekoa, beharren premia duenari laguntzeko prest, kontutan hartuta, gainera, Ikastolako zuzendari izanak lagunduko ziola paper horretan.

Bi urtez, ezin hobeto aritu zen Joserra bere lanean, eta behar genuen guztiaren berri izan genuen, arazoei aurrea hartu eta konponbideak bilatuz, apurka-apurka gure maitasun eta aitortzarik sakonena lortuz. Klaseetan aktibo ibiltzen zen, bizitza eta bidaietako esperientziak partekatzen zituen, nabarmenak ziren ikasgaien inguruan zituen jakintzak eta denok ikasi genuen berarekin. Teatroaren maitale handia eta irakurle amorratua, sarritan liburuak aholkatzen zizkigun. Klaseetatik irtetean ohitura hartu genuen Ikaskide zenbaitekin pote bat hartzeko, gure iraganeko eta oraingo bizitzari buruzko iritziak eta xehetasunak trukatuz. Horretan, izan genuen minbiziarekin zuen harremanaren eta jasotzen zuen tratamenduaren berri.

Azken urte honetan esan zigun ezinezko zitzaiola ikasturteko ordezkariaren rola egiten jarraitzea, hein batez osasun egoera delikatua zuela eta. Pandemiaren ondorioz gure taldea bitan banatuta edukitzeak, bata presentziala eta bestea online, ez zuen erraztu guztiok bere osasunaren bilakaeraren berri izatea. Borrokalari hutsa izan zen, mundu honi agur esan baino hamar egun lehenagora arte klasera joan izan dena, eta, handik egun batzuetara ere, iritziak partekatu zituen WhatsApp taldean.

Gertuxeagotik tratatzeko zortea izan genuenok ikusi genuen zer nolako maitasuna zuen bizitzarekiko, zenbaterainoko harremana bilatzen zuen gainontzekoekin, beti ere proposatzen zioten edozein planetan parte hartzeko prest. Gutako hainbatengan pertsona ausartaren arrastoa utzi du gaixotasunari aurre egiteko erarengatik, bizitzaren eta pertsonen arteko harremanak gustuko zituenarena, denbora amaitzear zeukala zekielarik ere, minutu eta segundu bakoitza gozatu nahi zuena.

Agur Joserra, lagun on eta zintzoa. Hutsune handi bat utzi duzu gure taldean, mundu hobe batera joateko utzi diguzun lehenengoa izateagatik. Zure irribarrea geratzen zaigu bihotzetan. Zure lagun guztien besarkada handia bidaltzen dizugu. Hartu atseden bakean. Beti arte.