euskaraespañol

In memoriam: Luis Escauriaza Zubiria

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/23

Irudia
Luis Escauriaza Zubiria

Irailaren 14an, bi urtez gaixotasun gogor batek jota, Luis Escauriaza bere etxean hil zen, Areetan.

Luis Escauriaza matematikan lizentziatu zen UPV/EHUko Zientzia Fakultatean, 1982an, eta lizentziako tesina Maria A. De Pradaren zuzendaritzapean egin zuen. Minnesotako Unibertsitatean (Minneapolis) egin zuen doktore tesia, Eugene B. Fabesen zuzendaritzapean. E. Fabes Antoni Zygmunden ikaslea izan zen, zeinak, Alberto P. Calderónekin batera, Chicagoko analisi (matematikoko) eskola sortu zuen, edo Calderón-Zygmundena, nazioartean ezagutzen den bezala. Geroago, Luis L. E. Dickson Instructor gisa kontratatu Chicagoko Unibertsitatean, eta,1990eko urritik, hiru urtez aritu zen horretan. Aldi horretan Carlos E. Kenigekin kolaboratu zuen. Hura A.P. Calderónen ondorengoa zen unibertsitate horretan, eta UPV/EHUko honoris causa doktorea.

1993an Luis irakasle titular gisa sartu zen UPV/EHUko Matematika Sailean eta, 2001az geroztik, Matematika Analisian katedraduna zen.

Luisen lan zientifikoa deribatu partzialetako ekuazio diferentzialen azterketan zentratzen da. Luis nazioarteko figura garrantzitsu bat da, eta, beste askoren artean, beroaren ekuazioaren (edo Fourierrena) eta fluidoen dinamika gobernatzen duten ekuazioen (edo Navier-Stokesena) soluzioaren bakartasunari eta erregulartasunari buruz egindako ekarpenak nabarmentzen dira. Maila oso altuko matematikak dira, Luisek matematikarekiko zuen gustu onaren seinale.

Luis pertsona berezi eta oso estimatu bat zen, eta arrasto sakona utzi du UPV/EHUko Matematika Sailean, bai arlo pertsonalean, bai profesionalean. Bere falta izugarri igarriko dugu.

Luis Vega, Javier Duoandikoetxea eta Mikel Lezaun.