euskaraespañol

In memoriam: Miguel Ángel Martínez Sedano

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/09

Irudia

Joan den azaroaren 30ean gure lankide Miguel Ángel Martínez Sedano hil zen, UPV/EHUren Analisi Ekonomikoa Saileko irakasle titularra. Miguel Angel 1982an sartu zen Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, lehen hezkuntzako eta batxilergoko ikasketak Chesteko (Valentzia) Unibertsitate Laboralean (desagertua) eta Gijónen egin ondoren. Ekonomian lizentzia amaitzean, finantza ekonomiaren oinarrietan hasi zen lanean, Gonzalo Rubio irakasleak gainbegiratuta. 1997an doktoregoa lortu zuen, eta aktiboen balorazioan, inbertsio kolektiboko erakundeen kudeaketaren ebaluazioan eta finantza merkatuen mikroegituran aditua bihurtu zen.

Urteetan, artikulu zientifiko ugari argitaratu zituen, eta masterreko eta doktoregoko ikasle askori transmititu zizkien bere ezagutzak eta jakintzak. 5 doktorego tesi zuzendu zituen, eta horien ardatza izan zen aktiboen balorazioan eta inbertsio funtsen kudeaketan sakontzea. Bere doktoregoko ikasleek eta egilekideek beti nabarmendu izan dute analista zorrotza zela, eta zehaztasun handiz lan egiten zuela. Miguel Angel beti zegoen lanerako prest, eta lan zientifikoa egiteko behar den guztia ematen zuen.

Baina ikertzailea izateaz gain, Miguel Angel irakasle bikaina zen. Graduko irakaskuntzaz gain (irakasleen inkestetan emaitza bikainak lortzen zituen beti), irakaslea izan zen Banka eta Finantza Kuantitatiboak Unibertsitate Masterrean eta Doktoregoan, baita BBVAren Finantza Eskolan, Pompeu Fabra Unibertsitatean eta La Sabanako (Kolonbia) Unibertsitateko Ekonomia eta Administrazio Zientzien Nazioarteko Eskolan (EICEA) ere.

Miguel Angel UPV/EHUren Banka eta Finantza Kuantitatiboak Unibertsitate Masterraren arima izan zen (master hori Madrilgo Complutense Unibertsitatearekin, Valentziako Unibertsitatearekin eta Gaztela-Mantxako Unibertsitatearekin batera ematen da). Masterraren arduraduna izan zen UPV/EHUn, eta unibertsitate arteko programaren koordinatzailea. Masterrean egin zuen lana miresgarria izan zen, eta erabakigarria arrakasta lortzeko. Lana baino gehiago zen Miguel Angelentzat, eta modu batera edo bestera QF Masterrari (horrela deitzen diogu denok) lotutako guztiak zaintzen zituen. Atsegina zen programaren kolaboratzaileekin, eta oso ongi sentiarazten zituen; horregatik, zaila hari ezetz esatea, zerbait eskatzen zuenean. Baina bereziki ikasleez arduratzen zen, eta lagundu eta jarraipena egiten zien. Beharbada unibertsitatean gutxitan ikusi den moduan, duela 2, 7, 15 edo 20 urteko masterreko ikasleek berarekin harremanetan jarraitzen zuten, eta haien bizitza profesionalaren eta pertsonalaren berri ematen zioten. Miguel Angelek aitortzen zuenez, kontaktu horrek bete egiten zuen, eta horixe zen baliotsuena berarentzat. Ikasleek maite zuten, eta gaur negar egiten dute harengatik, faltan botako baitute.

Miguel Angelek kudeaketa lanak ere egin zituen, bai irakaskuntzan, bai ikerkuntzan. Azken urteetan, QF Masterraren arduraduna izateaz gain, Finantza eta Ekonomia Kuantitatiboak Doktoregoaren Batzorde Akademikoko kide ere izan zen. Halaber, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak II Sailaren idazkari akademikoa izan zen bere azken etapan. Eta lankideek eskatuta, lan bera egiten jarraitu zuen Analisi Ekonomikoa Sailean, sailek bat egin ondoren; horrek agerian uzten du pertsona aproposa zela, adiskidetzearen alde lan egiten baitzuen beti.

Baina, gauza guztien gainetik, Miguel Angel lagun ona eta pertsona bikaina zen; eskuzabala zen, beti zegoen laguntzeko prest, erakuskeriarik gabe, eta adiskidetzea bilatzen zuen, baina erabakitzailea izateari utzi gabe. Valentziako Unibertsitateko lankideek pertsona eskuzabal gisa gogoratzen dute, eta hauxe diote: “… maila profesionalean beti zegoen adi, baina baita maila pertsonalean ere, lankideekin, irakasleekin eta ikasleekin…” Eta beharbada, Miguel Angel ondoen definitzen duten hitzak gure lankide Txema Usateguik esandakoak dira; izan ere, hauxe adierazi du gure WhatsApp-eko taldean: “asko ikasi dugu Miguelengandik, bere izaeratik eta egiteko modutik. Faltan botako dugu, baina oroitzapen eta ondare pertsonal eta akademiko bikaina utzi dizkigu”. Gutariko inork ez du besterik gaineratu nahi izan.

 

Arantza Gorostiaga (UPV/EHU), María José Gutiérrez (UPV/EHU), Amaia Iza (UPV/EHU), Mikel Tapia (Karlos III.a Unibertsitatea).