euskaraespañol

Bi gerra, eszenatoki bakarra

UPV/EHUko ikerketa talde batek Azken Gerra Karlista eta 36ko Gerra Zibilaren aztarnak industuko ditu Balmasedako Arbalitza mendian

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/11

Arbalitza mendiko zaintza antiaereoko postuaren indusketa arkeologikoaren irudia
Arbalitza mendiko zaintza antiaereoko postuaren indusketa arkeologikoaren irudia. Argazkia: UPV/EHU.

Arkeologia talde batek, Gorka Martín Etxebarriak eta Xabier Herrero Acostak zuzenduta, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologia eta Historia Garaikideko ikertzaileak biak, Azken Karlistaldiko (1876) gudu-zelai baten eta Gerra Zibileko (1937) airearen aurkako zaintza-postu baten hondakinak aztertu ditu Arbalitza mendian, Balmasedako hiribilduaren hego-ekialdean, Bizkaian. Lanak 2021eko abuztuan egin ziren eta dagoeneko eskuragarri daude lehen emaitzak.

Esku-hartze arkeologiko hau bi ikerketa-lerro desberdinen arteko lankidetzaren emaitza da. Izan ere, UPV/EHUn, alde batetik, Gorka Martín Etxebarriak Karlistaldiei buruzko Arkeologia ardatz duen doktore-tesia burutzen ari da Bizkaian zein Araban, Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldean (GPAC); eta, bestetik, Xabier Herrero Acostak, 2020-2021eko epealdi honetan, EAEn kontserbatzen diren Gerra Zibileko Defentsa Pasiboko estrukturak zein babesleku antiaereoak ikertzen ditu. Horretarako Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren finantzaketa lortu du Herrerok.

Honakoa ez da lehenbiziko aldia Bizkaia eta Burgosen arteko espazio hau arkeologikoki ikertzen denik. Izan ere, iaz, 2020. urtean, ‘Karlistaldien gudu-zelaiei buruzko ikerketa-proiektua’ abiatu zuen Gorka Martín Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntz Politika Sailaren laguntzaz. Orduan, Celadillako gudu-zelaiaren lehen ikerketa arkeologikoa eman zen. Gune honetan Azken Karlistaldian (1872-1876) hiru gudu eman ziren eta, gainera, "Berrongo Lerroa" delakoaren parte izan zen, hau da, karlisten mende zegoen lurraldearen mendebaldeko mugaldea zen. Lerro horrek Enkarterriak zeharkatzen zituen iparraldetik hegoaldera. Oso mugalde arriskutsua omen zen, inoiz ez guztiz finkatua, eta, horregatik, "gerra osoan fronte gogorronetako bat izan zen" Gorka Martín Etxebarriak esan bezala. Beraz, ez da harritzekoa 2020ko behaketa arkeologikoetan 1876ko borrokaldien aztarna nabarmenak dokumentatu izana. Orokorrean, “iazko esku-hartzean gudu-zelaiaren kontserbazio egoera bikaina baieztatu zen, bertan Lehen eta Azken Karlistaldiko eta baita 1936ko Gerra Zibileko aztarnak topatu zituztelarik”, ikertzaileek azaldu dute.

Iazko kanpainan ere zera aurkitu zuen talde arkeologikoak: Arbalitza mendiaren gailurrean kokatzen den forma erdi-zirkularreko lubaki modukoa. Hasiera batean, gotorleku karlista bat izan zitekeela pentsatu zen; izan ere, kartografia liberalean halako erreferentziak ezagunak ziren. Arbalitzako estrukturaren ikerketak 1876ko historiaz gehiago ezagutzea aukera eskainiko omen zuen, baina, Martín Etxebarriak hala adierazita, "behaketa arkeologikoak hasierako hipotesia irauli egin zuen".

“Behaketa egiterakoan, Mauser motako kargadoreak eta balazorroak aurkitu ziren, 200 pieza inguru. Munizio hau Gerra Zibilekoa omen da. Hala ere, Azken Gerra Karlistako ohikoa den munizioa ere topatu zen, esaterako, 50-70 balazorroa, bando karlistak erabiltzen zuen munizioa", ikertzaileak zehaztu dituzte. 2020an ez zen Arbalitzako estruktura hura industu, baina jada 1937ko zaintza-postu antiaereoa izan ztiekeela interpretatu zen.

Indusketa berriak

Guzti horrengatik, 2021eko abuztuaren lehen hamabostaldian, 60 urtez elkarren artean banatuta dauden bi gatazka beliko ikertu egingo dira, baina biak eszenatoki berean garatu zirelarik.

Alde batetik, Gerra Zibileko zaintza-postua edo behatokia guztiz industuko da Arbalitzako gailurrean. Postu hau ‘Balmasedako Defentsa Pasiboko’ estrukturen parte izango zela uste da. 1936 eta 1937 artean, ‘Defentsa Pasiboa’ atzegoardian hegazkinen erasoetatik babesteko hartu ziren neurrien multzoa da. Jakina den bezala, Gerra Zibilean, euskal lurraldea Alemania nazi eta Italia faxistaren hegazkinen proba-lekua izan zen. Durango eta Gernikako bonbardaketak horren adibide lazgarriak izan ziren. Enkarterriei dagokionez, "honakoa indar errepublikarren azken erresistentzia gunea izan zen Euskal Herria osoan", Xabier Herreroren hitzetan. 1937ko ekainaren 29an, Bilbo Francoren mende erori eta hamar egunera, tropa altxatuek Balmaseda konkistatu zuten. Hurrengo egunean, ekainaren 30ean, Turtziotzen, La Puente jauregian, Jose Antonio Agirre lehendakariaren Euzko Jaurlaritzaren azken bilera gauzatu zen. "Orduan Turtziotz, Artzentales eta Lanestosa inguruan azken fronte-lerroa eratu zen. 1937Ko abuztura arte iraun zuen fronte horrek", ikertzaileak zehaztu du.

Arbalitzako postu antiaereoa industeaz gain, esku-hartze honetan ere Arbalitza eta Celadilla arteko gunea ere arkeologikoki behatu da. Gune hau Bizkaiko eta Burgoseko lurraldeen arteko mugaldean kokatzen da. Berreskuratutako materialak argazki bidez eta zehaztasun maila handiko GPS baten bitartez dokumentatuko dira, gero laborategian ikertu eta azkenik 1876ko borrokaldiei buruzko mapa arkeologikoak egiteko.

Inguruan gertatu zena ulertzea

Emaitzei dagokionez, Arbalitzan lortutako informazioa oso esanguratsua da. Alde batetik, mendi osoan zehar egindako behaketek bertan Karlistaldietan emandako borrokak hobe ulertzeko datuak eskaini dituzte: munizio ugari berreskuratu da, bai bando liberalekoa, baita karlistena ere.

Beste aldetik, Arbalitzako zaintza antiaereoko postuaren indusketak 1936tik aurrera bertan soldaduek nola bizi ziren ezagutzeko aukera paregabea izan da. Industutako estruktura etxola bat baino ez da, harriz egindakoa eta teilatua egurrez eta landarez osatuta egongo zen, Historiaurreko txabola baten antzera. Munizio pieza anitz dokumentatu da, gehienbat jatorri alemaniarrekoa, baina baita Txekoslovakiakoa ere, hau da, Euzkadiko Gudarostearen herrialde hornitzaile horietakoa.

Arbalitzan, elkarren artean 60 urteko tartea izan zuten bi gerra desberdinen eszenatokia dugu, bertan, bi gerren objektuak topatu direlarik. Gerra Karlistetako eta Gerra Zibileko munizioaz gain, eguneroko bizitzari lotutako hainbat pieza dokumentatu dira: latak, beirazko botila zatiak, kristalezko tintontzia, uniforme botoiak, medio zentimoko txanpona -Isabel II.aren erreginaldikoa, 1868. urtekoa- eta "perra gorda" txanpona ere -1870eko Behin-Behineko Gobernuaren 10 zentimoko txanpona. Txanpon mota hauek oso biziraupen luzea izan zuten ekonomian, 1940ko hamarkadara arte. Horregatik, ez da erraza hauek Azken Gerra Karlistakoak ala 1936ko Gerrakoak diren zehaztea.

Edonola zera, Arbalitza mendian bizimodua oso gogorra izan omen zela irudika dezakegu, bai prekaritate materialari erreparatuz, baita, gerra-testuinguran, etsaiaren erasoen mehatxuarengatik. Bi gerretan arerioak desberdinak ziren -lehenengoan, liberalak; bigarrenean, frankistak-, baina bietan Balmasedako Arbalitza mendia gune estrategikoa izan zen.