euskaraespañol

Erasoekiko enpatiaren efektuak modulatzen dituzte testosteronak eta kortisolak haurretan

Haurren portaera agresiboaren atzean zer mekanismo psikobiologiko egon daitekeen aztertzen ari dira UPV/EHUko ikertzaileak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/16

Eider Pascual
Eider Pascual. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

UPV/EHUko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Sailean zortzi urteko 139 neska-mutilekin egindako ikerketa batean ondorioztatu dute nesken portaera agresiboaren maila baxuak azaldu daitezkeela testosterona-maila txikiekin eta enpatia-maila handiekin; mutiletan, berriz, portaera agresiboaren maila altuak azaldu daitezke enpatia-maila txikiekin eta kortisol-maila handiekin.

UPV/EHUko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko Psikobiologia alorreko ikerketa-taldeak urte asko daramatza haurren portaera agresiboa aztertzen. “Portaera agresiboaren azterketa izaera biologiko, psikologiko eta sozialeko zenbait aldagairen bitartez egiten dugu”, azaldu du saileko irakasle Eider Pascual-Sagastizabalek. Duela gutxi Psichoneuroendocrinology aldizkari zientifikoan argitaratutako lan batean aditzera eman dituzte zortzi urteko neska-mutikoen testosterona, estradiol eta kortisol hormona-mailen eta enpatia-gaitasunaren inguruan egindako ikerketaren datuak.

“Portaera agresibo arin mota bati buruz ari gara, estandarra, gizakiak berezkoa duena. Guk populazio estandarrarekin egiten dugu lan, alegia, ez dira portaera-arazoak dituzten haurrak izaten”, zehaztu du Pascual-Sagastizabalek, ikerketaren egileetako batek. Lan honen funtsezko helburua izan da “ea badagoen neska-mutikoen portaera agresiboa azaldu dezakeen maila biologiko eta psikologikoko interakzioren bat. Horrez gain, beste helburuetako bat izan zen jakitea ea portaera hori mekanismo psikobiologiko desberdinekin azaldu daitekeen nesketan eta mutiletan”, erantsi du. Ikerketaren emaitzen arabera, “badira portaera agresiboaren markatzaile psikobiologikoak, hau da, badira haurren portaera agresiboa azaltzen duten izaera psikobiologikoko zenbait aldagai”, dio ikertzaileak.

Ikerketan, zortzi urteko 80 mutilek eta 59 neskak hartu dute parte (Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak); testosterona eta estradiolaren (sexu-hormonak) eta kortisolaren (estresarekin lotutako hormona) hormona-mailak neurtu zaizkie. Horrez gainera, “gurasoek betetako galdera-sorta baten bidez neurtu genuen haien enpatia, eta, bestalde, portaera agresiboa ikasgelan bertan ebaluatu genuen: gelako gainerako lagunek ebaluatu zuten haur bakoitzaren portaera”, azaldu du.

 

Giza portaera baten konplexutasuna ulertzen saiatzea

Ikertzaileak azaldu duenez, ikerketaren emaitzek agerian jarri zuten “enpatiak eta hormonek, batera, portaera agresiboa azaldu zezaketela. Gainera, interakzioak desberdinak ziren nesken eta mutikoen artean”. Ikertzaileak adierazi duenez, “badirudi neska batek agresibitate txikia izateko arrazoia azaldu daitekeela, neurri batean, enpatia-maila altua eta testosterona-maila baxua izatearekin”, alegia, egiaztatu dute agresibitate txikiagoa dutela bi elementu psikobiologiko horiek konbinatzen dituzten neskek. Mutilei dagokienez, bestalde, “testosteronak portaera agresiboarekin duen lotura ezaguna izan arren, gure datuek ez dute erlazionatu testosterona enpatiarekin portaera agresiboa azaltzeko”, zehaztu du Pascualek; izan ere, ikusi zuten kortisol-maila handiagoak eta enpatia-maila txikiagoak zituzten mutilek zutela agresibitate handiagoa. Bestalde, estradiol-mailek ez dute inolako interakziorik erakutsi enpatiarekin, kasu bietan.

Nolanahi ere, Pascual-Sagastizabalek adierazi du emaitza horiek “lagin honi, une honi eta adin honi" dagozkiola. “Ez da lagin adierazgarri bat; adierazgarria izateko askoz ere lagin zabalagoak erabili beharko genituzke. Gure helburua ez da sekula izaten adierazgarritasuna lortzea”. Neska-mutil multzo txiki bati dagozkion datuak dira, “baina funtsezkoak dira, eta beharrezkoa da gehiago ikertzea”, erantsi du.

Ikertzaile hauen helburua da portaera agresiboaren inguruko ezagutza zabaltzea: “Giza portaera baten konplexutasuna ulertzen saiatzen gara, eta, konplexutasun horren barnean, ahalik eta aldagai gehien gehitzen”. Oinarrizko ikerketa egiten dute, “zeina funtsezkoa baita ulertzeko zergatik funtzionatzen duten ongi  gauza batzuek aplikatzen direnean edo esku-hartzen denean, eta zergatik bestetan ez duten balio”, nabarmendu du. Adibidez, “beti esan izan da zenbat eta enpatia gehiago izan orduan eta portaera agresibo txikiagoa izaten dela; baina guk lan honen bidez esaten duguna da agian beti ez dela hala”. Beraz, amaitzeko, ikertzaileak dio beharrezkoa dela “profesionalek errealitate beraren, kasu honetan portaera agresiboaren, maila desberdinetan lan egitea”.

 

Informazio osagarria

UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko, Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko eta Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko ikertzaileek egin dute ikerlan hau.

Erreferentzia bibliografikoa