euskaraespañol

Askoa Ibisate irakasleak Roser Majoral Moliné saria jaso du

Saria Geografiako Espainiako Elkarteak ematen du, atzerriko aldizkari zientifikoetan argitaratutako geografia artikulurik onena idazteagatik

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/14

Irudia
Askoa Ibisate Zadorra ibaiaren ertzean | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle Askoa Ibisate González de Matauco ‘Promoting fluvial geomorphology to “live with rivers” in the Anthropocene Era’ artikuluaren egileetako bat da. Artikulu hori ‘Geomorphology’n argitaratu zen 2021ean, eta Espainiako Geografia Elkartearen Roser Majoral Moliné saria jaso du, atzerriko aldizkari zientifikoetan argitaratutako Geografia artikulurik onenarena izateagatik.

Epaileek bereziki nabarmendu dute lanaren ikuspuntu originala, eta, horri esker, seguruenik, ibai geomorfologiarako erreferentziazko artikulu bihurtuko da, diziplinari buruzko ikuspegi teorikotik eta hausnarketaren ikuspegitik. Horrez gain, ibaien kudeaketaren arloan eskumena duten administrazioentzat eta profesionalentzat ere erreferentea izan daiteke. Halaber, artikuluak lehenengo urtean izan duen eragina eta aldizkariaren inpaktua nabarmentzen dira.

Artikuluaren helburuek erreferentzia egiten diote geomorfologiaren egoerari, honako alderdi hauei dagokienez: bere zeregina, oztopoak, motibazioa eta ibaien kudeaketarako perspektibak Antropozenoaren aroan.

Ondorioetan, ibaiak sistema natural eta dinamiko gisa ikusten dira, non ezagutza geomorfologikoak ingeniarien eta ekologoen trebetasunak hobetu ahal dituzten eta diziplinaz gaindiko ikuspegia hartu. Antropozenoaren garairako proposatutako ibai paisaia berria eragileen, erregulatzaileen, zientzialarien eta balore natural eta kulturalen interkonektatutako sare baten negoziaziotik eta eztabaidatik eratu behar da, eta maneiurako helburuak planteatu eta diseinatu behar dira.