euskaraespañol

Aldi baterako kontratuak sustatzeak ez du ekarri horrekin lortu nahi zen enplegu-ugaritzea

Kaleratze-kostuak txikitu eta aldi baterako kontratuak sustatu zituzten lan-erreformek zer eragin izan duten aztertu dute UPV/EHUn

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/21

Irudia
Josu Ferreiro. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

UPV/EHUn eta Cambridgeko Unibertsitatean egindako ikerketa batean aztertu dute zer eragin erreal izan zuten 1988 eta 2012 urteen artean Europa osoko hainbat herrialdetan indarrean jarri ziren lan-erreformek. Ikusi dutenez, haien bidez ez zen lortu jomugan zegoena, alegia, kontratazioa sustatzea; aitzitik, erreforma horien bidez, behin-behinekotasunaren tasa handitu da eta kontratazio mugagabea gutxitu. Orain bizi dugun krisiak, osasun-arazo batetik eratorriak, enplegua hein handiagoan egonkortuko luketen ereduak proposatzera eraman ditzake estatuak.

Lan-merkatua malgutzeko helburuarekin, 1990eko eta 2010eko hamarkaden artean ekonomia gehienek, bereziki europarrek, zenbait neurri onartu zituzten lan-merkatuak aldatzeko asmoz. Haien bitartez, langile iraunkorrak kaleratzeko kostuak txikitu zituzten, eta aldi baterako kontratazioa bultzatu zuten. “Erreforma horiek sostengatzen zituzten usteen arabera, lan-merkatua alderdi batzuetan zurrunegia zelako ari ziren pairatzen ekonomia horiek langabezia-arazo handiak, merkatuak ezin baitziren azkar egokitu gorabehera ekonomikoen aurrean”, azaldu du Josu Ferreiro UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomia Aplikatua V Saileko irakasleak.

Ferreirok, sail bereko kide Carmen Gomezekin eta Cambridgeko Unibertsitateko irakasle Philip Arestis-ekin batera, neurri horiek lan-merkatuetan izandako eragina aztertzeari ekin zioten: Europako hamaika herrialdetan ezarritako erreformek 25 urtean, 1988tik 2012ra, izandako eragina ikertu zuten. “1980ko hamarkadako legerian ezarrita zeuden kaleratze-kostuak erdira baino gehiagora murriztu zituzten, bai lan egindako urte bakoitzeko ordaintzen diren egunei dagokienez, bai langileak jasotzen duen gehienezko hileko-kopuruari dagokionez”, adierazi du ikertzaileak.

Ikerketa abiatu zutenerako hasiak ziren argitaratzen ikerketak zeintzuek iradokitzen baitzuten ez zirela erdietsi lortu nahi ziren helburuak, eta ez zegoela garbi frogatzerik erreformei esker enplegu gehiago sortu zenik. “Enplegua gutxiago babesteak zer ondorio izan zituen aztertu nahi izan genuen guk, ez enplegu osoan bakarrik, baita enplegu mugagabean eta behin-behineko enpleguan izandako eragina ere. Alderdi horietako bakoitza bereiz aztertu genuen”, dio Ferreirok.

Emaitza garbiak eman zituen analisiak, “espero baino nabarmenagoak”, aurreratu du ikertzaileak. Hain zuzen, aurkitu dutenez, “enpleguaren babesa murrizteko asmoz txertatutako aldaketek, hau da, kaleratzeak merkatzeak eta, aldi berean, behin-behineko kontratuak sustatzeak, ez du inola eragin enplegu-tasa orokorrean. Izan ere, asko egin du gora behin-behineko enpleguak, baina asko gutxitu da enplegu mugagabea. Enpleguaren eboluzioa hazkunde ekonomikoaren araberakoa da bakarrik, eta, horrenbestez, ekonomiaren hazkunde-erritmoa handituta bakarrik emendatzen da enplegua”.

Lan-erreformek izan dute, hala ere, eragina lan-merkatuan, eta horien artean aurkitu duten nabarmenena izan da “enplegua birmoldatu egin dela. Segmentazioa gertatu da, eta, hala, bi langile-kategoria daude orain: kontratu finkoak edo iraunkorrak dituztenak eta aldi baterako kontratuak dituztenak. Bi lan-merkatu desberdin balira bezala funtzionatzen dute ia, behin-behineko kontratua duten pertsonek oso aukera gutxi dutelako kontratu mugagabe bat lortzeko. Eta, gainera, aldi baterako kontratuen lan-kondizioak eskasagoak dira, batetik, iraupen laburragoa dutelako, eta, bestetik, diru gutxiago irabazten dutelako”, zehaztu du.

 

Kaleratzeen gainerreakzioa Covid-19 krisian

Ferreirok garbi du enpresak direla erreforma horien onuradun nagusiak: “Eskulan askoz maneiagarriagoa dute, malguagoa, eta, gainera, merkeagoa”. Hainbeste, ezen behin-behinekotasunaren tasa aurrekaririk gabeko mailetara iritsi baita, ekonomialari horren ustez “gehiegizkoa”. Gogoratu du krisi ekonomikoaren ondotik ekonomia suspertzen hasi zenean, goraka egin zuela enpleguak, “baina sortu zen enplegua behin-behinekoa izan zen”, dio.

Behin-behinekotasuna handia izateak berekin dakar enplegua oso hegakorra izatea: jarduera ekonomikoa balaztatu, moteldu edo erortzen bada, lanpostu asko galtzen dira. “Horixe gertatzen ari da orain bizitzen ari garen krisian: jarduera ekonomikoari berari baino askoz gehiago eragin diezaioke enpleguari, lan-merkatuaren malgutasun handiaren eraginez. Osasun-sistema prest ez dagoen bezala bat-batean izugarri gora egiten duen gaixoen kopuruari erantzuteko, gure sistema ekonomikoak ere ez dira gai beren gain hartzeko bat-batean, lauhileko batean, jendearen ehuneko 20-30ek lanpostua galtzea”, egin du gogoeta.

Ferreiroren iritziz, egoera hau aukera bat da estatuentzat lana babesteko legeria aldatzeko: “Litekeena da herrialdeak serioago berraztertzen hastea lan-arloko legeriaren arazoa, epe motz edo ertainean, eta pentsatzen hastea iraganean hartu zituzten neurriekin ez dituztela eragin lortu nahi zituzten efektuak, eta, hortaz, enplegua askoz gehiago egonkortuko duten ereduetarantz jo behar dugula”.

 

Informazio osagarria

UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua V Saileko bi kidek, Josu Ferreiro eta Carmen Gómez, egin dute ikerketa hau, Philip Arestis Cambridgeko Unibertsitateko irakaslearekin batera. Harreman eta elkarlan estua du Arestis irakasleak UPV/EHUko talde horrekin, zenbait urtez irakasle gonbidatua izan da UPV/EHUn, eta doktoretza-programan irakasle ere bada Ekonomia Aplikatua V Sailean.

Erreferentzia bibliografikoa